Tag Archives: Ane Ablanedo

«Hemen, herriak badu sena; guri politikak egiten digu huts: ez dakigu egiten»

http://paperekoa.berria.info/agenda/2012-11-16/027/001/hemen_herriak_badu_sena_guri_politikak_egiten_digu_huts_ez_dakigu_egiten.htm

2012-11-16

ANE ABLANEDO. IRAKASLEA

«Hemen, herriak badu sena; guri politikak egiten digu huts: ez dakigu egiten»

EDU LARTZANGUREN

/ IDOIA ZABALETA 

Ane Ablanedo (Iruñea, 1973) irakaslea da. Publiko, pribatu…? Hezkuntza sistema propioa: Estatuaren beharra hitzaldia emango du gaur, 19:00etan, Condestablearen jauregian (Iruñea), Naroa Anabitarte irakaslearekin batera. Orreagak eta UEUk antolaturiko Herria, hizkuntza, hezkuntza: estatua zikloko azken saioa izango da.

Euskal eskola publikoaren aldeko aldarriak asko zabaldu dira urteotan. Diskurtso arriskutsua da?

Estatua behar dugu, geure hezkuntza sistema berma dezakeen erakunde bakarra estatua baita. Gainerako guztiak erdibideak dira. Inperialismoari komeni zaion toxikazioak sartu digu publiko/pribatu dikotomia hori. Guretzat horrek ez luke zentzurik izan behar. «Ikastolak pribatuak dira; publikoaren alde egin behar da», esaten dute, ahaztuta publikoa, berez, espainiarra dela, nahi eta nahi ez. Guk ez dugu dikotomia faltsu horretan sartu nahi; jendeari ohartarazi nahi diogu ez dugula hezkuntza sistema propio bat. Herriak erakunde indartsu bat sortu zuen herriarentzat (ikastola), denona eta publikoa beraz, publikoa izatearen esanahia hori baita: denona izatea. Eta estrategiarik ez dugunez, hor inbertitutako indar guztia ia arbuiatzera heltzen ari gara.

Hezkuntza publikoan dabiltzan irakasleei zer esango zenieke?

Neu ere publikoan nabil, Iruñeko institutu batean. Baina ongi dakit, hor egonagatik eta hor nagoelako hain zuzen ere, administrazio kolonialaren sukurtsalak baino ez diren gure erakunde hauek proposatzen diguten hezkuntza eredua ezin dela geurea izan. Ez digute benetan geure egiten utziko. Noski, ni ere saiatzen naiz nire ikasleak abertzaleak izan daitezen eta euskara maita dezaten. Ahal dena egin behar da, baina hori erdibidea da. Ezin da barrutik aldatu. Gurea sortu behar dugu, eta hori soilik estatu baten bidez egin daiteke.

Nola sortu estatua?

Estatua ez dugu sortu behar, estatua badugulako. Sortu genuen, eta ez diogu inoiz horri uko egin, eta ez diogu inoiz zilegitasuna eman beste estatu bati. Gure estimua asko handituko litzateke jendeak hori argi izango balu. Independente izan ginen. Izan genuen estatua, aktibatu besterik ez dugu egin behar. Baina hori estrategia batean txertatu behar da. Herriak sena izan, badu: ikastolak sortzen erakutsi zuen, esaterako. Guri politikak egiten digu huts: ez dakigu egiten.

Nola egin beharko genuke, beraz?

Estatu batek dituen osagaietatik; gobernua falta zaigu guri. Hemen estatu menperatu baten eta estatu menperatzaile baten artekoa da gatazka. Gatazka termino egokietan planteatuko luke geure erakunde propioak sortzeak. Autodeterminazio eskubidea hori da: aske izatea orain, baldintzarik gabe. Hori aurrera eramango duen erakundea behar dugu, benetako politika egingo duena. Ez da amets egitea; oraingo politikan sinestea da amets egitea.

Kataluniako dinamikan ikusten duzu adibideren bat?

Katalunian, hemen orain ez bezala, gizarteak hartu du buruzagitza. Politikariak ez badaude kalean eskatu duten mailan, agur esango diete. Hemen, berriz, gure konfiantza osoa eman diegu. On beharrean arituko dira, agian, baina ez dira ari herriak eman dien eginkizunaren alde egiten. Ondorioz, herri hau gogoa, kemena eta mobilizazioa galtzen ari da. Emaitzarik ez dakarren erresistentzian luzaroan aritzeak hori dakar. Etsaiak badaki. Independentzia ez da aukera bat, denon artean erabaki beharrekoa. Behar bat da, herri gisa biziko bagara. Hori gabe lortuko dugula pentsatzea Los mundos de Yupi-n bizitzea da.

Euskarak hizkuntza-politika ez, politika behar du

http://paperekoa.berria.info/iritzia/2013-04-20/008/002/euskarak_hizkuntza_politika_ez_politika_behar_du.htm

2013-04-20

Euskarak hizkuntza-politika ez, politika behar du

ANE ABLANEDO LARRION

EUSKARA IRAKASLEA

Gure Hizkuntzaren aurkako eraso eta irain etengabeen segidak baino gehiago asaldatzen nau gaur egun borondate oneko euskalgintzaren epelkeriak, egoera larriaren aurrean jardun nagusi bilakatu duenean erasoen ohiko salaketa antzua eta hizkuntza politika eraginkorragoen eskakizun inozoa. Badakigu Herri menderatu zaharron gaitza dela pairatzen ditugun arazoen jatorria identifikatzeko zailtasuna eta, ondorioz, soluzio egokia aurkitzeko gaitasun eza. Jakitun izan beharko genuke arazoaren diagnostiko zehatza egiteko eginkizun hain funtsezkoan arreta handiagoa jarri ahal izateko. Gurean, baina, agerian gelditu da gaitza termino egokietan planteatzeko zeregin funtsezkoenean euskararen aldeko mugimenduak huts egin duela, arazoari hain soluzio inozentea proposatzen dionean. Eskubideen urraketaren salaketa alde batean, politika egokiagoen aldarrikapena bestean: Hizkuntzaren etorkizuna bermatzeko baliorik ez duen txanponaren bi aldeak; Inperialismo bortitzaren atzaparretan harrapaturik bizi ez garelako uste ustelaz osatua.

Mendeak dira inperialismoaren mende erortzearen zoritxarra pairatzen dugula. Horixe eta ez besterik, gure hizkuntza honaino ekarri duen gaitza; mendeetako politika suntsitzailearen ondorioak, egungo datu tristeak. Diagnostikoak dakar soluzioa. Arazoa inperialismoaren atzaparretan erori izana baldin bada, soluzioa hortik ihes egitea izango da.

Alferrik baita egiten diguten astakeriengatik auhenka, gu desagerrarazi beste desiorik ez dutenei gurekiko errukia eskatzea. Botere arrotzak beretzat diseinatutako «euskal» itxurako instituzio /sukurtsaletan egin litekeen politika eraginkorrenak ere ez baitu inoiz euskarak behar duen normalizazio bere esku izanen. Euskararentzako normalizazioa, hizkuntza osasuntsuen maila bertsua lortzeari esaten badiogu, noski. Espainola, frantsesa, ingelesa, alemana… Ez dut ezagutzen hizkuntza hegemoniko hauen aldeko hizkuntza politikarik. Hauek politika dute, hitz handietan. Indarra. Inposizioa. Estatu propioa. Kito. Hori da munduan arrakasta duen politika linguistiko bakarra. Horixe hizkuntzaren normalizazioa.

Hizkuntza politikak egoera larrian dauden hizkuntza gaixoei ezartzen zaizkie, erremediorik gabe hiltzera doan gaixoari zainketa paliatiboak ezartzen zaizkion gisan. Helburua agerikoegi izango lukeen benetako politika suntsitzailea, hizkuntzaren aldeko itxurarekin mozorrotzeko. Eta guk, gizagaixook, menderatzaileari mozorroa kentzeko gaitasunik ere gabe, sinetsi egiten dugu hortik etor dakigukeela konponbidea. Hizkuntza heriotzatik salba dezakeen botika bakarra, hizkuntza menderatu duen estatu horrengandik askatasuna lortzea da. Independentzia. Hizkuntza hori beharrezko bilakatuz inposatu egingo duen estatu propioa. Horixe euskararen ezagutza legez inposatuta, erabilera bermatu ahal izango duen egitura politiko bakarra.

Baina inposatzea ez omen da ona. Horratx inperialismoak sartu nahi izan digun intoxikazioa: Inposatzaile konplexua. Baita lortu ere. Zenbat aldiz entzuten dugu euskaldunen ahotan ez dugula guk jendea euskara ikas dezan behartu behar, erakarri egin behar dugula jendea. Begi bistakoa, alabaina, planteamendu honek ukan duen arrakasta. Arrakasta bai, espainol eta frantsesentzat, baina.

Zer egiten digute, bada, inposatzea ez bada, espainolek eta frantsesek, guk, euskaldun akonplexatuok, euskara gure herrian ikastera behartzearen ez egokitasunaz mintzo garen bitartean? Euskarak bizirik iraungo badu, berrezarri egin behar dugu bere lurraldeetan. Hori lortzeko gai izango den estrategia baten diseinuan aritzea litzateke normalizazioaren alde egoki pentsatzea. Horretan datza, hain zuzen ere, normalizazioa. Hori egin dezakeen erakunde politiko bakarra Euskal estatu independentea delarik. Euskararen aldeko borroka, garaipenaren aukera ekar diezaiokeen planteamendu bakar honen arabera antolatu ezean, aktibismo antzuan ari gara.

Euskararen aldeko mugimendua Herriaren askapen mugimendutik apartatuta, euskaltzaletasun otzan, apolitiko eta batere arriskutsuaren bidetik eraman nahi izatea, hizkuntzaren alde borrokatzeko dugun arma bakarrari uko egitea da. Estatu propioaren aldeko borroka ere ez den euskalgintzak menderatzailearen indarraren menean uzten du ustez salbatu nahi duen kuttuna. Hiltzeko arrisku etengabean.

Unescok esana da erabilera %33a baino baxuagoa duten hizkuntzak galtzeko zori eta arriskuan daudela. Beraz, euskara galtzeko arrisku bizian dagoela esatea ez da iritzi bat, errealitate krudela baizik. Horixe du harrapatuta gauzkan inperialismoak helburu, horixe beregandik askatu ezean euskarak duen halabeharra.

Politikaren beharra egunetik egunera hil ala bizikoago zaigun honetan euskara politizatu behar ez dela oraindik defendatzen duten euskaltzaleak, hizkuntzen aldeko batailen jokalekuaren jakitun ere ez dira.