Category Archives: berria.info

Politika gurutzatuaren aldarrikapen urgentea

http://uztarria.com/aktualitatea/1176711706

Pako Aristi
2007-04-16

Gaizki ikusten dut Euskal Herria; sentitzen dut. Oso aldrebesak gara euskaldunak, eta gauza arraroak egiten ditugu etengabe. Gure egoera politikoa deprimentea da. Pasa den astean Fermin Muguruzak esan du denborarekin pesimista aktiboa bilakatu dela. Ni ez naiz pesimista, ez naiz optimista. Denborarekin, gure errealitatearen konstatatzaile ameslaria bihurtu naizela esango nuke.

Lehenengo errealitatea ezagutu behar da, interpretatu, eta gero irtenbide irudimentsuak eta ausartak proposatu. Patetikoa iruditzen zait pasa den urtean, su-eten ofizialaren dekadentziaren erdian, jendeak nola esaten zuen itxaropena zuela, ilusioa mantendu behar genuela, horretarako inongo daturik ez zutenean. Kazetaritzak zerbait erakutsi baldin badit, bizitzaren aurrean zuhurtzia edukitzen lagundu badit, horregatik izan da: datuen garrantzia azpimarratzen duelako, orain eta beti, edonon eta edonola, hitz egiten hasi aurretik, pentsatzen hasi aurretik.

Alegia, daturik gabeko itxaropena inozotasun itzela baino ez da, errealitatetik kanpo bizitze triste bat. Baina noski, su-eten garaian itxaropena agertzea kontsigna bat zen, ez adimena erabiliz iritsitako ondorioa; jarrera politiko bat zen, ez une zehatz bati pertsonak emandako erantzuna; gure tribu ideologikoak ontzat ematen zuen jarrera zen, artaldearen presioak eragindakoa, ez pentsatzeko askatasun ederrean ernetako ondorioa.

Zoriontasun politiko baten faltan gaude, eta hortik abiatzen bagara, zoriontasun hori edukitzea zerk eragozten duen ikusten badugu, orduan bakarrik iritsiko gara zorion politikoa legokeen gune batera, urrutira joan gabe, hemen bertan, geure herriaren baitan dagoena. Madrili eta bere alderdi sukurtsalistei egiten zaizkien erreklamazio guztiak indar galtze alferrikakoak baino ez dira, geuk Euskal Herria nazio bezala artikulatzen ez dugun bitartean, besteak beste erreklamazio horiek ematen dizkigutenean galdu ditugun seinale izango baita. Madrilen esku uzten badugu gure aldarrikapen soberanista, berak irabaz dezakeenean soilik emango digu erabiltzeko aukera.

Aldiz, geuk, geure energiatik abiatuta modu organikoan, koherentean eta sinesgarrian antolatuko bagenu aukera soberanista, Madrilek (eta Parisek) ez luke onartzea beste erremediorik; onartzea ala gerra. Eta gaurko Europa izututa dago gerren aurrean, bere lurraldekoetan behintzat, betiere gerrak bakeak eman ditzakeen negozio aukerak baino urriagoak eskaintzen dituen bitartean.

Hauteskundeen atarian gaude, aldarrikapenen aroan, eta euskaldunok jarraitzen dugu akats fundazionala errepikatzen behin eta berriro: elkarren aurka mutur-joka egitera goaz borroka-zelaira, baina gero ez daukagu gure zauriak sendatzeko gaztelurik; identitateaz borrokan gabiltza beti, baina gero ez daukagu gure nortasuna finkatzeko erakunde politikorik. Dena alderantziz egiten dugu: gurutzatuen borrokan murgilduta gabiltza zientoka urtetan, politika gurutzatua egin behar genuenean.

Zer da politika gurutzatua? Nahasketaren politika, goitik behera zuzendu ordez alderik alde dabilen sentiberatasuna, ekonomiaren agindura idatzitako legeen aurretik aurreikuspen nazionala jartzea, alderdikeriak gaindituko dituen alderdien jarrera berria, aberastasunaren morrontza erosoaren aurretik adostasun-gune sakonetan eroso sentitzea, eta hori guztia lasai baina sendotasunez adieraztea edozeinen aurrean. Besterik ez; hori baino gutxiago ere ez.

Gure begirada politikoaren listoia oso behean dago, eta maila horren neurrian hitz egiten dute gure politikoek: energiarik gabe, alaitasunik gabe, beti triste, beti haserre, beti eta etengabe jendeari mobilizatzeko eskatuz horrela euren inpotentzia estaltzeko, kanpora jaurtiz euren ezintasunaren errua, insurrekzio amestuei buruzko hitz zentzugabeekin ordezkatuz lorpen garrantzitsurik gabeko errealitatea, beti gu engainatu nahian haien burmuina kolonizatuta dagoela konturatu ez gaitezen.

Errealitatea alda liteke, baina lehenengo ezagutu egin behar da, inozotasunik gabe, baina krudelkeriarik ere gabe. Errealitate horretatik abiatutako amets guztiak lirateke posible, politika errealitate hori manipulatzeko tresna bihurtu ez bagenu.

Posibilismotik oportunismora

http://paperekoa.berria.eus/iritzia/2014-08-12/014/001/posibilismotik_oportunismora.htm

MIKEL ANTZA ETXEGOIEN
ORREAGAKO KIDEA

Posible denaren artea dela, horixe da politikan irakasten den lehen gauza. Aske diren herrietan —beraz, politika konbentzionala egiten dutenetan—, horri buruzko inolako zehaztapenik gabe onar daiteke definizio hori.

Posible dena, hau da, politika, indar-harremanetan nagusitasuna lortzearren lehiatzen diren interes kontrajarrien arteko borrokan datza horrelakoetan, eta aurretik denek onartu duten legezkotasun bati loturik beti.

Gurea bezala okupatuta dauden herrien posibilismo politikoa, berriz, ezin da konbentzionala izan, ezin da bakarrik mugatu inperialismo zapaltzaileak indarrean jarrita daukan legezkotasunera; haren aurka egon behar du, hautsi egin behar du eta gainditu.

Posible denaren artea, horrelakoetan, askatasunera, independentziara daramaten aukera guztiak bilatzea eta aztertzea da. Horiek ezin dira inoiz aurkitu kanpotik inposatua den eta helburu bakartzat herri zanpatua suntsitzea daukan legezkotasun batean.

Mendean dauzkaten herrien posibilismoa oportunismo bihurtzen da inperioaren legezkotasunarekin mugatzen bada. Horren ondorioa da independentzia, hau da, nahitaezkoa den helburu estrategiko bakarra, albo batean uztea; oportunismo horrek, luzera begira eta halabeharrez, herriaren desagerpena dakar berarekin.

Bat egiten dute, horrenbestez, nahita edo nahi gabe, etsaiaren legea onartuz independentzia lortu nahi duenaren helburuak, batetik, eta mendean duen herria beste nazio bat dela onartzen ez duen totalitarismoarenak, bestetik.

Politikak, posibilismoak, inperialismoaren aurkako erresistentziak, indarrean dagoen legezkotasuna eta legezkotasunik eza uztartu behar ditu. Ezarrita dagoen legeari nolabait men egiteak ez du esan nahi oposizioa erabat egin behar denik ordena horren barruan, horrek larriki ahultzen baitu oposizio hori; hala eginez gero, uko egiten zaio askatasun nazionalari, nahiz itxuraz huraxe lortu nahi izan.

Politika indar-harremanak beti zure mesedetan aldatzea da; aurretik zenuen baino botere handiagoa lortzea. Zentzu horretan ulertu behar da posibilismoa: Euskal Herriaren aldeko zentzuan.

Kontua ez da Madrildik diru sorta bat ekartzearen edo atez ateko zabor-bilketa ezartzearen aurka egotea —askatasuna lortzeko borrokan, baliagarria da inposatutako legezkotasuna, hala nola hark sortu dituen instituzioak—, baina lorpen horiek ezin dira politikoki posibilistatzat hartu, ez baitute indar-erlaziorik aldatzen.

Independentzia lortzeko, baliagarritasun horrek norberaren estatua berreskuratzeko estrategia baten barnean txertatua egon behar du, etsaiaren lege-sistema gaindituz. Estrategia hori ilegaltasunetik abiatuta soilik egin daiteke, berezko eta herriaren instituzio batetik abiatuta.

Oso ezberdina da gurea bezalako herri menderatu batek dena delako botere-maila bat lortzea, nahiz eta Autonomi Estatutu bat izan, baina berak irabazitakoa, inposatu eta kontrolatzen duena, edo botere hori beste batek emandakoa izatea, Espainiako Konstituziotik eta Gorteetatik datorrena izatea.

Botere horren zilegitasuna eta legezkotasuna norberarena edo beste batena da, hurrenez hurren, herriak behetik gora lortutakoa den edo herri horren integrazioa, asimilazioa eta desagerpena helburu bakartzat duen legezkotasuna inposatzen duenak emandakoa den.

Berezko estrategia, independentziarako estrategia ezin du kanpotik inposatutako legezkotasun batek mugatu, ez bailitzateke askatasunerako estrategia bat izango. Eta estrategia bat ez izateak etsaiarena garatzea dakar, berarekin kolaboratzea.

Gobernu bat, une honetan ez daukagun gobernu bat, estatu eraginkor bat izateko beharrezko eta nahitaezko osagaietako bat da; beste estatuek subjektu politikotzat hartuko dutena, atzean herri bat duelarik nazioarteko gatazka bat sortzeko gai delako.

Herri bat badugu, lidergo bat badugu, herri izate horrek herritarren arteko konfiantza eta elkartasun bat sortzen badu —oraindik ere baditugu baliabide horiek— eta funtzionatuko duen gobernu bat badugu, herriak baimendu, onartu eta estimatuko duena gobernu horrek herriaren eskaerak bereak egiten dituelako eta askatasuna lortzeko kontsigna argiak ematen dituelako, lortuko dugu independentzia.

Euskal Herriak une bakoitzean modu egokienean derrigorrean erabili eta zuzendu behar den arma bat dauka: herriaren indarra. Estrategikoa ez dena da posibilismo oportunista (helburu eskasak eta inposatutako legezkotasunak baimenduak) indar horrekin uztartzea. Indar hori bere ahalmenari dagozkion eta merezi duten helburuak lortzeko erabili behar da; independentzia lortzeko, adibidez. Nire lagun batek dioen moduan, Euskal Herriak inoiz ez dio ezetz esan eskatu zaionari.

Independentzia lortzeko, politikak edo posible denaren arteak derrigorrean urratu behar du inperialismoaren legezkotasun ofiziala, eta askatasuna ezin daiteke lortu herriaren indarrik gabe. Ondorioa bakarra da, hortaz: herria legezkotasun totalitarioaren aurkako bideetatik zuzendu behar da; independentzia lortu nahi dutela gero eta gutxiagotan esaten dutenak egiten ari direnaren guztiz kontrakoa.