Category Archives: berria.info

Zelula erresistenteak

http://www.berria.eus/paperekoa/1832/017/003/2014-07-15/zelula_erresistenteak.htm

Iñaki Fernandez eta J. Rafael Recio – Orreagako kideak

Non daude herri honen zelula erresistenteak? Herri bat gara erresistitzen dugulako, eta erresistitzeari uzten dion herriak herri izateari uzten dio.

Erresistentziaz asko daki Joseba Ariznabarretak, eta behin gisa honetako zerbait esaten entzun genuen: «Estatuaren osagaiak, nazioarteko zuzenbidean, lurraldea, herria eta gobernua dira».

Lurraldeari dagokionez, atzerapausoak nabarmenak dira begirale objektiboarentzat, horrelakorik badago. Inperialismoaren nahierara moldatutako zatiketa administratiboak geure-geureak eginik, barne-mugak ezartzen dizkiogu geure herriari, eta geure buruari errepikatzen diogu, behin eta berriro, ekialdeak eta mendebaldeak, iparraldeak eta hegoaldeak, bakoitzak bere bidea egin behar duela, kontuan hartu gabe ez dagoela berezko biderik osotasun baten zati ez diren artean. Jarrera inozoa baino zerbait gehiago da iparraldeak, adibidez, kolonizazio-prozesuaren azken fasera iritsita dagoela ikusi arren, bere kabuz frantziar inperialismoari aurre egiteko gai izan behar duela esaten zaigunean.

Balekoa eman diogu, itxura denez, bizkarrezurrik gabeko gorputz-atalen funtzionaltasuna gordetzeari.

Ez dago esan beharrik barne-zatiketa horien sustatzaileen diskurtsoa kontraesanez beterik agertzen zaigula bere eraginkortasuna aldarrikatzean.

Batetik, independentziaren helburua lortzea oso urrun ikusten dute, baina, era berean, eta hurrengo esaldian, Nafarroako mendebala independentzia lortzeko zorian balego bezala mintzatzen zaizkigu, inperialismoak bere interesetarako eraiki duen aparatu instituzionalaren lotsagabeko apologia eginez azaletik eta mamitik.

Bigarren ezaugarritzat jende multzoa harturik, gure kasuan herria dena, Joxe Manuel Odriozolak ahoan bilorik gabeko azterketa ekarri zigun duela gutxi egunkari honetara: «[…] Etnozidioaren politikak ez du bakarrik konkistatzen, kolonizatzen, zapaltzen eta jazartzen. Hori egiteaz gainera, jatorrian zegoen arazoaren gatazka-iturri harekiko erreakzio-gaitasuna desagerrarazi egiten du. Iraungiarazi. Jakina, ez da fenomeno natural bat. Ez da berezko iraungitze bat. Gaur, esaterako, bretoi gehien-gehienak bretoi izan eta hala sentitu ordez frantses sentitzea ez da gertakari naturala. Euskaldun anitz frantses edo espainiar sentitzea ez den bezala».

Denborak ez du gure alde egiten. Inperialismo etnozidaren makinak bere suntsipen-lanetan ez du atsedenaldirik hartzen. Esentzialismoa, etnizismoa eta auskalo zer gehiago leporatuko dizkiote Joxe Manueli zinismoaren bidetik aspaldian abiatu zirenek, naziorik gabeko independentismoarekin amets egiten dutenek eta une honetan ditxosozko gatazka autonomi-erkidego batean bizi den historiarik gabeko jendartearen aldarrikapenera mugatzen duten gazta-banatzaileek.

Balekotzat eman da inperialismoa ez dela inperialismoa eta Espainia eta Frantziaren helburua —gu desagerraraztea— Euskal Herriaren askatasuna bezain zilegizkoa dela; horra hor sentsibilitate ezberdinen teoria.

Arazo nazionala desagerrarazi, arazo nazionala ukatuz. Herriak demokrazia eskatu behar omen du, demokraziak ekarriko digulako independentzia. Bukatu da. Zertarako behar du herri batek independentzia, independentziarik gabe hizkuntzaren normalizazioa, adierazpen-askatasuna, hezkuntza-sistema propioa, erabakitzeko eskubidea, bakea, autogobernua, euskal polizia eta kirol-selekzioak… gehiengo eta gutxiengoen aritmetikaren bitartez eskuragarri gertatzen badira? Baina gauza jakina da azkenean arazo nazionala behin eta berriro azaltzen dela, demokrazia eta zapalkuntza nazionala ez direlako izango sekula bateragarriak.

Eta, azkenik, gobernuaren arazoa dugu. Eta gobernuaren arazoa estrategiaren arazoa dela uste dugu. Bat eta bera. Inperialismoaren garaipen politikoa guk sortutako instituzioen suntsipena da. Euskal herriaren aurkako estrategia, horrela, berezko instituzioak nazio zapaltzaileen mesederako sortutako instituzioekin ordezkatzea da.

Alde horretatik, estrategia ez da magia moduko bat. Estrategia gaur eta hemen zertan den Kepa Anabitartek argitzen digu: «Erabakimena haien instituzioetatik gure instituzioetara ekartzea da estrategia».

Nahasmendua hedatzen da geure buruarekin tranpa egiten hasten garenean eta, gure instituzioak berreraikitzeko ahaleginean asmatzea zaila gertatzen zaigunez, inperialismoaren instituzioak gure instituzioak direla autokonbentzituta, ezinezkoa bilakatzen dugunean euskal estrategia bat. Helburu estrategikorik gabeko estrategia nekez jar daiteke martxan, eta ezerezean aurkituko gaitu irakurleak, korapiloa askatu beharrean ihesbideari plangintza itxura eman nahian.

Lurraldearen, herriaren eta gobernuaren egoeraren inguruan alarma gorri guztiak pizturik daudela ohartarazten diguten ahots hauek guztiek osatzen dituzte hasieran aipatutako zelula erresistenteak edo, agian, eta hori da gure itxaropena, zelula erresistente askoren iritzi publikatua.

Lerro hauen sinatzaileok sinistuta gaude herri honek, oraingoz bederen, azken hitza ez duela eman, eta sasiak garbiturik, egiari lekua eginez eta errealismo politikora itzulirik berriro ere bide zuzena aurkitzeko talenturik eta gogorik ez zaiola faltako.

Desarme baten azken notak

http://paperekoa.berria.info/iritzia/2014-06-01/030/003/desarme_baten_azken_notak.htm

2014-06-01

Desarme baten azken notak

PAKO ARISTI

IDAZLEA

Ezin da ukatu ETAren amaierak porrot eta frustrazio lurrin bat utzi duela gure artean, gaizki egindako operazio baten itxura kaskarra. 2012an elkarrizketa egin zidaten egunkari honetan, eta kazetariak, politikan aditua zenak, hau zioen galdera batean: «Azken 50 urteetako estrategia politiko-militarrak porrot egin duela diozu. Badira, baina, diotenak estrategia hori dela-eta Espainiako Estatua negoziazio mahaian eseraraztea lortu dela». Ausartu nintzen esatera falazia bat zela negoziazioarena, gezurra, ez zegoela halakorik, ez genuela inozo izan behar, ezta ziniko ere, biak direlako txarrak. Garai hartan mezu onartua zen negoziazioarena, NBE-ko buru zelarik inork kasu zipitzik egiten ez zion Kofi Annan-en presentziak sortutako lilurak lagunduta, baina arriskatzea erabaki nuen.

2013, iraila. Avui egunkarian Arnaldo Otegi elkarrizketatu dute: «Ez da existitzen euskal gatazkaren konponbiderako inolako prozesurik, ez estatu espainolean, ezta frantsesean ere».

2014ko otsailaren 21a, Ram Manikkalingam Nazioarteko egiaztatzailea Euskal Herrian da: «Lehen kasua da aurrez negoziaziorik gabe burutu den alde bakarreko armagabetze bat ikusten dudana».

Nik ez nekien erakundearen barne mugimenduei buruz ezer, baina zergatik nekien hura, ezer jakin gabe? Gure etsai politikoa den estatu espainolari azterketa bat egina niolako; bere historiari eta ezaugarriei eskanerra pasa ondoren (nire analisi-ahalmen mugatuan bada ere), ezin nezakeen bestelako ondoriorik atera, politika zientzia bat dela sinetsita, zeinak, zientzia orok bezala, funtzio bat daukan: bereiztea errealitatea eta itxura, egia eta desirak, gertakariak eta haien inguruko tramoia. Eta garbi ikusi nuen estatu espainolak ez zeukala suetenaren batere beharrik. Politikoki jasangarri zitzaizkion urteko 3 hildako, hedabideen monopolioaren bidez gizartea —baita Euskal herrikoa ere— ETAren basakeriaz ongi adoktrinatua mantentzen zuen bitartean.

Harritzen nauena da nola izan ziren engainatuak kazetari, zutabelari eta, orohar, gure intelligentsiaosatzen duten gehienak. Eta erantzun bakarra bururatzen zait: engainatua izateko aski dela horretarako prest egotea; alegia, akritikoki irenstea mezuak, pentsatzeari uko eginez, azken batean. Diagnostikoaren aurrean ametsak jartzea, adimenaren ordez alderdikeria, proselitismo itsua.

Diagnostikoa. Nire obsesioa da, ezinbestekoa iruditzen zaidalako ekimen politiko irabazle bat diseinatzeko orduan. Lehen pausoa da, lehen harria, eta ez dakit herri honek zergatik huts egiten duen behin eta berriz diagnostikoa egiteko orduan.

Aipatu elkarrizketan ukatu nuen, baita ere, Europatik ezelango presiorik etorriko zitzaionik PPri, estatuak, definizioz, ez direlako sartzen beste estatuen barne arazoetan. 2011ko urrian Iñaki Antiguedadek aipatua baitzuen, El Diario Vascon, nazioarteko begiraleak oso deserosoak gerta zitezkeela Espainiako presidente berriarentzat: «Gure zerrendak begiratzeko erabiltzen ziren lupak orain eskuz eta begiz aldatu dira, nazioarteko begiraleek dauzkate, eta A-20 ondoren Moncloan biziko denak kontuan hartu beharko du lekukoak daudela, oso deserosoak izan litezkeenak berarentzat».

Baina horra non Manikkalingamek adierazten duen, bere agenda aldatuz epaile espainol baten aitzinera joan aurretik, ez dutela inongo harremanik, ez PPrekin, ezta Madrilgo eta Pariseko gobernuekin ere. Oso galduta ikusi nuen gizona. Harrigarria zeritzon gobernu espainolaren jarrerari: «Zalantzaz betea ikusten dut. Gobernu espainol eta frantsesak badakite atxiloketarik gabe desarme prozesua asko azkartuko litzatekeela». Non dago orduan haien zalantza, hori jakinik ere atxiloketak agintzen darraitenean? Eta, EPPK-ko bozeramaileak berriki salatu legez, «kartzeletan tentsioa areagotzeko erabakia berariaz hartu badute bi gobernuek»? Garbi dago ez dutela nahi bake prozesurik, etor lekiekeen galera bakarra, mehatxu larriena litzatekeelako haien garaipenik handiena, salbamen eternala: ETAk berriro armak hartzea.

Elkarrizketan ea Espainiako estatua ez nuen urduri ikusten galdetu zitzaidan, arras ukatu nuena: «Niri iruditzen zait Espainiak urduritasuna agertzen duela gu ondo senti gaitezen eta guk pentsa dezagun estrategia zuzenean goazela. Etsaiaren urduritasuna urduritasun antzeztu bat izaten da». Eta honek ere diagnostikoarekin dauka zerikusia bete-betean.

Marasmo honen jatorria politikaren lehen baldintza ahaztetik dator: etsaia ongi ezagutzea. Diagnostiko desegokiak egin ditugu, eta inozoak izan gara, etsaiaren gezurrak sinesteraino, biolentziarik gabe dena posible zela ea. Ahantzezina zait buruzagi batek 2006an esana: «Bake prozesua baldin badago, 2010ean ez da presorik egonen». Ahaztu dugun beste printzipio funtsezkoa: politika interesen arteko borroka bat dela, ideien artekoa baino gehiago.

Egia sinplea da: Espainiaren kontra lortuko da hemen independentzia, eta horrekin presoen erreskatea, ez haren laguntzarekin. Sinestu dugu Espainiak lagunduko zigula, nazioarteak egundoko presioa egingo zuela, ETAren arazoa ikaragarria zela… Nola zen hori posible inoiz baino hildako gutxiagorekin, komunikabideen mezu distortsionatua sinetsi genuela aitortu gabe?

Politika boterea lortzea da. Boterea indar sozialaren instituzionalizazioa da, biolentziaren zilegitasuna. Boterea etsai baten aurka irabazten da. Okerrena da ETAren desarmearekin batera desarme ideologiko bat ere eman dela gure artean. Horren epigonoa da erabakitzeko eskubidearen teoria, non etsairik gabeko disney-politic bat planteatzen den, zapaltzaileak eta zapalduak elkarrekin bozka ematera joango direna, zapalduak nola bizi behar duen erabakitzeko.

Kontraesan nahasgarria da, baita ere, Juan Jose Ibarretxek kontsulta defendatzeko zera dionean, kontsultari bidea ixten bazaio independentzia aldarrikapena etorriko dela. Hainbat hobe hala balitz! Independentzia lortzeko bide bat da; kontsulta, aldiz, amets guztiak zapuzteko autopista bat baino ez. Uka ditzatela kontsulta guztiak, horrek esnatuko bagaitu!

Nahiago nuke orain oker banengo. Beste inor ez litzateke poztuko ni adina erraturik nagoela ikusiko banu.