Category Archives: blogak

Europan inon ez zuten emakumeek Nafarroan adina autonomia

http://igogailua.blogspot.com.es/2012/05/europan-inon-ez-zuten-emakumeek.html

Saturday, 12 May 2012

«Europan inon ez zuten emakumeek Nafarroan adina autonomia»

Amaia Nausia Pimoulier, historialaria.
Gaztelak konkista amaitu ondoko emakume nafarren egoera aztertu du Amaia Nausia Pimoulier ikertzaileak. Dioenez, emazteak kontrolatzeko epaiketetan agerian geratzen zen haien izaera sendoa.
Eusko Ikaskuntzako egitasmoen arduraduna eta historialaria da Amaia Nausia Pimoulier (Iruñea, 1982). Emakumearen egoera XV. eta XVI. mendeetan ikertu du: sorginkeria, amatasuna, emakumearen ideala eta irudia, besteak beste. Protagonistas en la sombra: la situación de la mujer navarra tras 1512 hitzaldia emango du gaur, 20:00etan, Urraulbeitin (Nafarroa), Arripodasko kontzejuan.


Nafarroako, Italiako eta Espainiako garai hartako emakumeen egoera konparatu dituzu. Nola eragin zien konkistak emakumeei?

Konkista gertatu zenean, korronte ideologiko bat zabaldurik zegoen Europa osoan, eta Nafarroa ez zen berezia izan horretan. Egia da, halere, monarkia handi batek halako herri txiki bat konkistatu zuenean bere idealak inposatu zituela. Estatu modernoa neurri batzuen gainean erakitzen ari ziren orduan: moraltasuna kontrolatzea, familian gertatzen denaren gaineko kontrola, familia estatu txiki bat moduan ikusten zutelako. Emakumeak eremu pribatuan geratu behar zuen, eremu publikoa gizonarentzat baitzen. Emakumearen ideala kastitatea zen. Konkistak hori ekarri zuen.

Nafarroak independente jarraitu izan balu, bestelakoa izango zen?

Ziurrenik bide beretik jarraituko zuen. Halere, Nafarroako emakumeak Italiakoek eta Espainiakoek ez zituzten eskubide batzuen jabe ziren: ondasunen jabe izateko eskubidea eta euren ezkonsariaren jabe izatekoa. XVI. eta XVII. mendeko Nafarroako Gorteek emakumeen eskubidearen alde egin zuten: ondare hori emakumearena dela eta senarrak ez zuela eskubiderik horri kalte egiteko. Alargunduz gero, emakumeak nahi zuena egin zezakeen horrekin. Horrek autonomia eman zien Nafarroako emakumei. Noski, horrek kezka piztu zien elizgizonei eta estatugizonei. Dirua izateak independentzia dakar.

Nola erantzun zioten gizon horiek horri?

Epaiketa ugari izan ziren garai hartan, moraltasunaren ingurukoak: portaera publikoa, ohaide hartutako emakumeak, prostitutak… Kontrol zorrotza ezarri nahi izan zieten emakumezkoei.

Eta, halere, Gaztelako agintariak ez ziren ausartu Nafarroako legeak eta hangoak berdintzera?

Konkista pairatu arren, Nafarroako Gorteetan hemengo jendea zegoen, eta bertako legeak defendatzen saiatu ziren. Berdin gertatu zen emakumeekin eta lan munduarekin. Andreak medikuntzan aritzeko tradizio handia zegoen. Gaztelan, emakumeak lan eremu horretatik kanporatzen saiatu ziren gizonezkoak, haien lehiarik nahi ez zutelako. Horrek ekarri zituen sorginkeriaren inguruko epaiketak.

Lehia eta tentsio horiek bizirik jarraitzen dute gaur egun.

Eremu publikoaren eta pribatuaren inguruan ikusten da: emakumeari, eremu publikora ateratzen denean, balio maskulinoak eskatzen zaizkio, eta etxean, berriz, balio femeninoak. Nahiko nuke gizarte bat non eremu publikoan balio femeninoek ere indarra duten: komunitatea, kolaborazioa…, lehia eta indarkeria balioetsi beharrean. Euskal Herriko emakumeen izaera indartsua zela ikusten da XV. mendeko epaiketetan. Gogor borrokatu ziren euren eskubideen alde. Europan, inon ez zuten emakumeek Nafarroan adina autonomia. Agian, Herbehereetan zuten antzeko zerbait. Izaera sendoa orduan ikusten zen, eta orain ere ikusten da.