Category Archives: Zuzeu

Independentziarik gabe, botererik ez

http://zuzeu.com/2014/07/09/independentziarik-gabe-botererik-ez/

Duela gutxi, subiranotasunik gabeko herri menderatu bat garela argi erakusten duen notizia bat irakurri dugu: Hego Euskal Herriko bi administrazioetan Espainiak dituen bi ordezkariek bultzaturik, eta Espainiako «justiziak» onarturik, «gure» instituzioek onartutako 900 ekimen salatu eta atzera bota dituzte.

Udalek, aldundiek eta EAE edo Nafarroako gobernuek (horrela deitzen zaie, nahiz eta, ikusten denez, ez duten asko gobernatzen) onartutako ekimen horiek euskara, gure kultura, gure ekonomia eta abar hobetzeko neurri gisa onartu zituzten. Eta, hara non, Espainiak ezetz esaten digun, neurri horiek (Espainiako) legeen aurka doazela, (Espainiako) konstituzioaren aurka doazela, eta zapuztu egiten ditu.

Horrek zenbait gauza pentsarazten dizkit:

– «Gure» instituzioak, Bidasoaz hegoaldean, Madrilen sukurtsal hutsa besterik ez dira. Gauza batzuk erabaki ditzaketenak, baina, kontuz!, pasatu gabe. Eta hori ez da ez gobernu, ez autogobernu. Subiranotasunik ez duen Herri bat gara, indarrez kendu zigutenetik, eta egoera hori ez da aldatu. Menderatzaile-menderatu erlazioa dugu Espainia eta Frantziarekin, eta menderatuak, noski, euskaldunok gara.

– Egoera honetan, ez dago demokraziarik, ez marko demokratikorik. «Gure» instituzioetako erabakiak botoen legitimitatea duten pertsonen erabakiak direla dio notizian, baina boto horien bitartez legitimatzen dena Espainiaren boterea da. Ez dute Euskal Herria ordezkatzen, ezin dute askatasunez lan egin, estatu arrotzen botereen menpe baitaude. Hauteskundeek soilik ez dute bermatzen demokrazia, eta gure Herria horren adibide garbia da.

– Euskal Herriak, independentzia lortzen ez duen bitartean, ez du demokraziarik ezagutuko. Independentzia lortu ondoren saiatu beharko dugu gure Herria herri demokratiko bat izan dadin. Bitartean, nola esan dezakegu zapaldutako herria, arazo nazional bat duen herria, demokrazian bizi dela?

– Herriaren instituzioak, Herriarentzat lan egiteko, ezin dira izan beste herri batek emanak eta kontrolatuak. Lan horretarako baldintza beharrezkoa gure Herria askea izatea da. Herri independenteek bakarrik izan ditzakete instituzio propio askeak. Eta, noski, Euskal Herria ez da independentea, «gure» instituzioak ere ez. Horregatik, boterea dutenek botatzen dituzte atzera Espainiak hemen dituen instituzioetako erabakiak. Nahiz eta hauteskundeen bidez demokraziarik eza demokraziaz mozorrotu nahi izan, inperialismoa agerikoa da, zeren eta arazo nazionalak bere horretan dago.

– Instituzio propioek Herriarentzat askatasunez lan egiteko beharrezkoa den independentzia ezin da gaur egun ditugun instituzioetatik etorri, askatasuna ukatzen digutenek emanak eta kontrolatuak baitira, eta ezbaitira inoiz haien interesen aurka joango. Independentzia lortzeko estrategiak etsaiaren instituzioetatik kanpo kokatua egon behar du, aldameneko bi estatuen kontrolpetik at. Soilik esparru horretan lan eginaz lortuko dugu independentzia.

Asier Ezpeleta Jauregi

Orreagako kidea

ERABAKITZEA ERABAKITZEAREN ENDREDUA

http://zuzeu.com/2014/06/16/erabakitzea-erabakitzearen-endredua/

«Euskal Herria decide decidir». Horra giza katea izan eta biharamunean Gara egunkariak lehen orrialdean ateratako titulu nagusia (bakarra). Eta zergatik ez, pixka bat demokratikoago dirudi eta, «… decide sobre si decide decidir»? Esan nahi dudana da independentistok halako zilegitasun demokratiko bat lortu beharra sentitzen dugula, halako konplexu bat dugula (sartu digutela), eta inor baino demokratikoagoak garela erakutsi behar dugula. Eta ahaztu egiten zaigu geuk pairatzen dugula demokraziarik eza, zapalduak gaituzten bi estatuen aldetik (beren konstituzio eta legeek ondo legeztatuta, noski).

Denon artean, sentsibilitate guztien artean erabaki behar omen dugu (independentzia nahi ez dutenek ere bai). Zaila egiten zait onartzea espainolei edo frantsesei nire Herriaren independentziaren inguruan esku hartzeko aukera ematea (edo are gehiago eskatzea), hain zuzen haiek eta frantses eta espainol gisa dituzten eskubideak bermatzen dizkieten estatuek baitaukate bahituta Herri honen askatasuna.

Iruditzen zait ahaztu egiten zaigula herri kolonizatu bat garela, Euskal Herrian hiru herri edo naziotako jendea bizi dela, espainolek eta frantsesek beren eskubideak bermatzen dizkieten estatuak dituztela atzetik, eta gure arazoa hasten dela esaten dugunean ez garela ez espainol eta ez frantses. Estatu horiek, beren herritarren eskubideak bermatzeaz gain, gure Herriarenak zapaltzen baitituzte. Horrela, gure lurraldean bigarren mailako herritarrak gara.

Egoera honetan nola proposatu galdeketa bat, denok berdinak izango bagina bezala? Zapaldu eta zapaltzaileak maila berean bageunde bezala? Nola, gure Herria eta herritarren existentzia bera ere onartzen ez badira?

Hedoi Etxarteren hitzak neure eginez, galdera batzuk ezin dira egin (ezin da galdetu ez dakit zein herritan esklabotzak legezkoa izan behar duen edo ez, edo beste herri batean emakume bat hiltzea ondo dagoen familiak nahi ez duen batekin ezkondu delako). Era berean, ezin da galdetu gure Herriak independentea izan behar duen ala ez. Askatasuna ez da bozkatzen. Herri honek erabakita dauka aspalditik independentzia nahi eta behar duela bizirik jarraitu nahi badu. Independentzia ez da aukera bat, herri honen iraupenerako bide bakarra baizik.

Igandean, ikusi zen herri hau prest dagoela mugitzeko eta gaitasun handia duela mobilizatzeko. Eta ahalmen hori guztia independentziaren bidean jarri behar da. Ez prepolitika eginez, politika baizik: gure politika, espainiar eta frantses inperialismoari aurre egingo diona.

Asier Ezpeleta Jauregi

Orreagako kidea