Politika gurutzatuaren aldarrikapen urgentea

http://uztarria.com/aktualitatea/1176711706

Pako Aristi
2007-04-16

Gaizki ikusten dut Euskal Herria; sentitzen dut. Oso aldrebesak gara euskaldunak, eta gauza arraroak egiten ditugu etengabe. Gure egoera politikoa deprimentea da. Pasa den astean Fermin Muguruzak esan du denborarekin pesimista aktiboa bilakatu dela. Ni ez naiz pesimista, ez naiz optimista. Denborarekin, gure errealitatearen konstatatzaile ameslaria bihurtu naizela esango nuke.

Lehenengo errealitatea ezagutu behar da, interpretatu, eta gero irtenbide irudimentsuak eta ausartak proposatu. Patetikoa iruditzen zait pasa den urtean, su-eten ofizialaren dekadentziaren erdian, jendeak nola esaten zuen itxaropena zuela, ilusioa mantendu behar genuela, horretarako inongo daturik ez zutenean. Kazetaritzak zerbait erakutsi baldin badit, bizitzaren aurrean zuhurtzia edukitzen lagundu badit, horregatik izan da: datuen garrantzia azpimarratzen duelako, orain eta beti, edonon eta edonola, hitz egiten hasi aurretik, pentsatzen hasi aurretik.

Alegia, daturik gabeko itxaropena inozotasun itzela baino ez da, errealitatetik kanpo bizitze triste bat. Baina noski, su-eten garaian itxaropena agertzea kontsigna bat zen, ez adimena erabiliz iritsitako ondorioa; jarrera politiko bat zen, ez une zehatz bati pertsonak emandako erantzuna; gure tribu ideologikoak ontzat ematen zuen jarrera zen, artaldearen presioak eragindakoa, ez pentsatzeko askatasun ederrean ernetako ondorioa.

Zoriontasun politiko baten faltan gaude, eta hortik abiatzen bagara, zoriontasun hori edukitzea zerk eragozten duen ikusten badugu, orduan bakarrik iritsiko gara zorion politikoa legokeen gune batera, urrutira joan gabe, hemen bertan, geure herriaren baitan dagoena. Madrili eta bere alderdi sukurtsalistei egiten zaizkien erreklamazio guztiak indar galtze alferrikakoak baino ez dira, geuk Euskal Herria nazio bezala artikulatzen ez dugun bitartean, besteak beste erreklamazio horiek ematen dizkigutenean galdu ditugun seinale izango baita. Madrilen esku uzten badugu gure aldarrikapen soberanista, berak irabaz dezakeenean soilik emango digu erabiltzeko aukera.

Aldiz, geuk, geure energiatik abiatuta modu organikoan, koherentean eta sinesgarrian antolatuko bagenu aukera soberanista, Madrilek (eta Parisek) ez luke onartzea beste erremediorik; onartzea ala gerra. Eta gaurko Europa izututa dago gerren aurrean, bere lurraldekoetan behintzat, betiere gerrak bakeak eman ditzakeen negozio aukerak baino urriagoak eskaintzen dituen bitartean.

Hauteskundeen atarian gaude, aldarrikapenen aroan, eta euskaldunok jarraitzen dugu akats fundazionala errepikatzen behin eta berriro: elkarren aurka mutur-joka egitera goaz borroka-zelaira, baina gero ez daukagu gure zauriak sendatzeko gaztelurik; identitateaz borrokan gabiltza beti, baina gero ez daukagu gure nortasuna finkatzeko erakunde politikorik. Dena alderantziz egiten dugu: gurutzatuen borrokan murgilduta gabiltza zientoka urtetan, politika gurutzatua egin behar genuenean.

Zer da politika gurutzatua? Nahasketaren politika, goitik behera zuzendu ordez alderik alde dabilen sentiberatasuna, ekonomiaren agindura idatzitako legeen aurretik aurreikuspen nazionala jartzea, alderdikeriak gaindituko dituen alderdien jarrera berria, aberastasunaren morrontza erosoaren aurretik adostasun-gune sakonetan eroso sentitzea, eta hori guztia lasai baina sendotasunez adieraztea edozeinen aurrean. Besterik ez; hori baino gutxiago ere ez.

Gure begirada politikoaren listoia oso behean dago, eta maila horren neurrian hitz egiten dute gure politikoek: energiarik gabe, alaitasunik gabe, beti triste, beti haserre, beti eta etengabe jendeari mobilizatzeko eskatuz horrela euren inpotentzia estaltzeko, kanpora jaurtiz euren ezintasunaren errua, insurrekzio amestuei buruzko hitz zentzugabeekin ordezkatuz lorpen garrantzitsurik gabeko errealitatea, beti gu engainatu nahian haien burmuina kolonizatuta dagoela konturatu ez gaitezen.

Errealitatea alda liteke, baina lehenengo ezagutu egin behar da, inozotasunik gabe, baina krudelkeriarik ere gabe. Errealitate horretatik abiatutako amets guztiak lirateke posible, politika errealitate hori manipulatzeko tresna bihurtu ez bagenu.

Leave a Reply