«Hemen, herriak badu sena; guri politikak egiten digu huts: ez dakigu egiten»

http://paperekoa.berria.info/agenda/2012-11-16/027/001/hemen_herriak_badu_sena_guri_politikak_egiten_digu_huts_ez_dakigu_egiten.htm

2012-11-16

ANE ABLANEDO. IRAKASLEA

«Hemen, herriak badu sena; guri politikak egiten digu huts: ez dakigu egiten»

EDU LARTZANGUREN

/ IDOIA ZABALETA 

Ane Ablanedo (Iruñea, 1973) irakaslea da. Publiko, pribatu…? Hezkuntza sistema propioa: Estatuaren beharra hitzaldia emango du gaur, 19:00etan, Condestablearen jauregian (Iruñea), Naroa Anabitarte irakaslearekin batera. Orreagak eta UEUk antolaturiko Herria, hizkuntza, hezkuntza: estatua zikloko azken saioa izango da.

Euskal eskola publikoaren aldeko aldarriak asko zabaldu dira urteotan. Diskurtso arriskutsua da?

Estatua behar dugu, geure hezkuntza sistema berma dezakeen erakunde bakarra estatua baita. Gainerako guztiak erdibideak dira. Inperialismoari komeni zaion toxikazioak sartu digu publiko/pribatu dikotomia hori. Guretzat horrek ez luke zentzurik izan behar. «Ikastolak pribatuak dira; publikoaren alde egin behar da», esaten dute, ahaztuta publikoa, berez, espainiarra dela, nahi eta nahi ez. Guk ez dugu dikotomia faltsu horretan sartu nahi; jendeari ohartarazi nahi diogu ez dugula hezkuntza sistema propio bat. Herriak erakunde indartsu bat sortu zuen herriarentzat (ikastola), denona eta publikoa beraz, publikoa izatearen esanahia hori baita: denona izatea. Eta estrategiarik ez dugunez, hor inbertitutako indar guztia ia arbuiatzera heltzen ari gara.

Hezkuntza publikoan dabiltzan irakasleei zer esango zenieke?

Neu ere publikoan nabil, Iruñeko institutu batean. Baina ongi dakit, hor egonagatik eta hor nagoelako hain zuzen ere, administrazio kolonialaren sukurtsalak baino ez diren gure erakunde hauek proposatzen diguten hezkuntza eredua ezin dela geurea izan. Ez digute benetan geure egiten utziko. Noski, ni ere saiatzen naiz nire ikasleak abertzaleak izan daitezen eta euskara maita dezaten. Ahal dena egin behar da, baina hori erdibidea da. Ezin da barrutik aldatu. Gurea sortu behar dugu, eta hori soilik estatu baten bidez egin daiteke.

Nola sortu estatua?

Estatua ez dugu sortu behar, estatua badugulako. Sortu genuen, eta ez diogu inoiz horri uko egin, eta ez diogu inoiz zilegitasuna eman beste estatu bati. Gure estimua asko handituko litzateke jendeak hori argi izango balu. Independente izan ginen. Izan genuen estatua, aktibatu besterik ez dugu egin behar. Baina hori estrategia batean txertatu behar da. Herriak sena izan, badu: ikastolak sortzen erakutsi zuen, esaterako. Guri politikak egiten digu huts: ez dakigu egiten.

Nola egin beharko genuke, beraz?

Estatu batek dituen osagaietatik; gobernua falta zaigu guri. Hemen estatu menperatu baten eta estatu menperatzaile baten artekoa da gatazka. Gatazka termino egokietan planteatuko luke geure erakunde propioak sortzeak. Autodeterminazio eskubidea hori da: aske izatea orain, baldintzarik gabe. Hori aurrera eramango duen erakundea behar dugu, benetako politika egingo duena. Ez da amets egitea; oraingo politikan sinestea da amets egitea.

Kataluniako dinamikan ikusten duzu adibideren bat?

Katalunian, hemen orain ez bezala, gizarteak hartu du buruzagitza. Politikariak ez badaude kalean eskatu duten mailan, agur esango diete. Hemen, berriz, gure konfiantza osoa eman diegu. On beharrean arituko dira, agian, baina ez dira ari herriak eman dien eginkizunaren alde egiten. Ondorioz, herri hau gogoa, kemena eta mobilizazioa galtzen ari da. Emaitzarik ez dakarren erresistentzian luzaroan aritzeak hori dakar. Etsaiak badaki. Independentzia ez da aukera bat, denon artean erabaki beharrekoa. Behar bat da, herri gisa biziko bagara. Hori gabe lortuko dugula pentsatzea Los mundos de Yupi-n bizitzea da.

Leave a Reply