All posts by admin

Analfabetismo ideologikoa

http://www.nabarralde.com/es/egunekoa/4232-analfabetismo-ideologikoa

Joxe Manuel Odriozola

Bitxi samarra dirudi aukeratu dudan izenburuak, baina gure gaztetako testuinguruan ez bezala, gaur egungo gizarte-ezaugarririk nabarmenetakoa da morrontza ideologikoaren fenomenoa. Analfabetismo digitalaz asko hitz egiten da gaur egun eta gure belaunaldiak badaki zerbait horri buruz. Analfabetismo ideologikoari dagokionez, esan dezagun, ideologien arteko harremanak kudeatzeko behar hainbateko gaitasun kritikorik ezaren ezaugarria izango litzatekeela kontzeptu hori egokien definitzen duena. Mundu ideologikoan bizitzeko eta jarduteko desarmaturik dabilen pertsona izango genuke, nolabait esateko, analfabeto ideologikoa. Bistakoa denez, analfabetismo ideologikoak lotura zuzena dauka ideologia dominatzailearekin: hauxe du iturri eta elikagai.

Analfabetismo ideologikoak Euskal Herrian har ditzakeen forma batzuk, adierazpen batzuk, begiz jo nahi nituzke artikulu honetan. Nola gauzatzen den gure artean. Zertan hezurmamitzen den. Zerrenda moduko bat egingo dut horretarako, auzi batzuetan nola gauza litekeen iradokitzeko.

Analfabetismo ideologikoa egon daiteke Egunkaria-ren auzian justiziarik ez dela egingo uste izatean, epaiketa antolatu dutenak justizia egin dezaketenak direla iradokitzen duen neurrian. Analfabetismo ideologikoa egon daiteke euskaldunoi egiten zaizkigun gainerako epaiketa guztietan justiziarik ez dela egiten uste izatean, epaiketa antolatu dutenak justizia egin dezaketenak direla iradoki dezakeenez. Analfabetismo ideologikoa egon daiteke nazio zapaltzaileko epaile nazionalistek nazio zapalduko akusatu eta etsai nazionalistei justizia egin diezaieketela pentsatze hutsean.

Analfabetismo ideologikoa egon daiteke estatu etnozentriko batek bere nazio-etniaren identitate-ezaugarriak berez dagokion nazio-lurraldeaz gaindi (Euskal Herrian, Katalunian…) inposatu arren estatu hori demokratikoa -zuzenbide estatua- izan litekeela uste izatean. Analfabetismo ideologikoa egon daiteke espainol edo frantses izatera behartzen gaituzten neurrian bakarrik onartzen gaituzten estatu etnozentrikoekin harremanak eduki nahi izatean. Analfabetismo ideologikoa egon daiteke Euskadiren nazio-eraikuntzan ari dela usten duenaren jokaeran, Euskadirentzat egiten duen gauza bakoitzeko Espainiarentzat halako ehun egin dituela ohartzen ez delako.

Analfabetismo ideologikoa egon daiteke GAL eratu zuen alderdi politikoko kide batek GALen ekintzak gaitzestean demokraziaren zigilua daukala pentsatzean. Analfabetismo ideologikoa egon daiteke munduko berrehun bat estaturen biolentzia legez zilegi eta demokratikoa dela uste dugunean eta gainerako sei mila herri zapalduren (balizko) biolentzia etikaren aurkakoa dela iriztean. Analfabetismo ideologikoa egon daiteke estatu espainolaren eta frantsesaren uneoroko biolentzia legal erakundetua Euskal Herrian zilegi eta bidezkoa dela uste duenaren baitan. Analfabetismo ideologikoa egon daiteke Euskal Herriko orainaren baitan iraganeko okupazio, genozidio eta etnozidioen ondorioak antzemateko gaitasunik ez duenaren ikuspegian. Analfabetismo ideologikoa egon daiteke humanismoaren eta etikaren izenean estatu etnozentrikoari erantzuteko euskal herritar batzuek eragindako hilketen aurrean herri hau isilik eta konplizitatean egon dela pentsatzen duenaren buruan.

Analfabetismo ideologikoa egon daiteke eskubideak jatorrizko hizkuntzaren, kulturaren, lurraldearen, historiaren eta identitatearen herriari dagozkiola pentsatu ordez duela mende gutxi batzuk gainjarritako estatu etnozentrikoek ematen dizkiguten hiritartasun-eskubideetan daudela pentsatzen dugunongan. Analfabetismo ideologikoa egon daiteke, munduko ehunen bat estatuk gehiengo parlamentarioaren izenean gutxiengoen sei mila bat hizkuntza, kultura eta herri-identitate hiltzeko eskubidea dutela pentsatzen duenaren burubidean. Analfabetismo ideologikoa egon daiteke sistemarik onena estatu etnozentrikoen parlamentuko gehiengoak ezarritako etnozidio-politika dela uste duenarengan.

Analfabetismo ideologikoa egon daiteke aniztasunaren, demokraziaren eta elkarbizitzaren izenean estatu etnozentrikoek gurean inposatu dizkiguten hizkuntzak, kulturak, historiak, lurraldeak eta identitateak euskaldunonak bezain hemengoak eta zilegi direla pentsatzen dugunean. Analfabetismo ideologikoa egon daiteke pluraltasunaren izenean Euskal Herrian beste nazio bateko alderdi politikoek, edozein erakundek eta pertsonek nazio-identitateari dagokionez interesatzen zaiena egiteko askatasuna eta eskubidea dutela uste izatean.

Analfabetismo ideologikoa egon daiteke herri euskaldunaren egungo kinka batez ere frankismoak eragindakoa dela pentsatzen dugun bakoitzean. Analfabetismo ideologikoa egon daiteke, onkeria tarteko, etorkinen eta kolonoen jokabideak bereizteko gaitasun askirik ez daukanaren baitan. Analfabetismo ideologikoa egon daiteke euskotarrak edo espainieraz bizi diren abertzaleak -espainol izan nahi ez duten espainolak- herri euskaldunaren arerio baino areago lankide fin direla uste izatean. Analfabetismo ideologikoa egon daiteke euskaldunok euskaldun gisa -alegia, geure hizkuntzan eta ez beste inorenean- bizitzeko eskubide osoa daukagula dudatan ipintzen duenaren burubidean.

Analfabetismo ideologikoa egon daiteke hizkuntzak ez direla inposatzen uste duenarengan. Analfabetismo ideologikoa egon daiteke euskara ez dela inposatu behar dioenaren irizpideetan. Analfabetismo ideologikoa egon daiteke «Erdara ere hemengoa da, gero!» formulazio ideologikoa egia hutsa dela uste duenarengan. Analfabetismo ideologikoa egon daiteke espainol euskaltzaleak edo euskaltzale espainolistak benetan euskararen eta herri euskaldunaren alde dihardutela uste izatean. Analfabetismo ideologikoa egon daiteke hemengo espainiarren eta frantsesen mundu linguistikoan eta kulturalean integratzeko kontzientzia-arazorik sentitzen ez duen euskaldunaren portaera soziolinguistikoan.

Analfabetismo ideologikoa egon daiteke munduko herri guztiek, Euskal Herriak barne, autodeterminatzeko duten eskubidea zalantzapean ipintzen duenaren irizpideetan.

Posibilismotik oportunismora

http://paperekoa.berria.eus/iritzia/2014-08-12/014/001/posibilismotik_oportunismora.htm

MIKEL ANTZA ETXEGOIEN
ORREAGAKO KIDEA

Posible denaren artea dela, horixe da politikan irakasten den lehen gauza. Aske diren herrietan —beraz, politika konbentzionala egiten dutenetan—, horri buruzko inolako zehaztapenik gabe onar daiteke definizio hori.

Posible dena, hau da, politika, indar-harremanetan nagusitasuna lortzearren lehiatzen diren interes kontrajarrien arteko borrokan datza horrelakoetan, eta aurretik denek onartu duten legezkotasun bati loturik beti.

Gurea bezala okupatuta dauden herrien posibilismo politikoa, berriz, ezin da konbentzionala izan, ezin da bakarrik mugatu inperialismo zapaltzaileak indarrean jarrita daukan legezkotasunera; haren aurka egon behar du, hautsi egin behar du eta gainditu.

Posible denaren artea, horrelakoetan, askatasunera, independentziara daramaten aukera guztiak bilatzea eta aztertzea da. Horiek ezin dira inoiz aurkitu kanpotik inposatua den eta helburu bakartzat herri zanpatua suntsitzea daukan legezkotasun batean.

Mendean dauzkaten herrien posibilismoa oportunismo bihurtzen da inperioaren legezkotasunarekin mugatzen bada. Horren ondorioa da independentzia, hau da, nahitaezkoa den helburu estrategiko bakarra, albo batean uztea; oportunismo horrek, luzera begira eta halabeharrez, herriaren desagerpena dakar berarekin.

Bat egiten dute, horrenbestez, nahita edo nahi gabe, etsaiaren legea onartuz independentzia lortu nahi duenaren helburuak, batetik, eta mendean duen herria beste nazio bat dela onartzen ez duen totalitarismoarenak, bestetik.

Politikak, posibilismoak, inperialismoaren aurkako erresistentziak, indarrean dagoen legezkotasuna eta legezkotasunik eza uztartu behar ditu. Ezarrita dagoen legeari nolabait men egiteak ez du esan nahi oposizioa erabat egin behar denik ordena horren barruan, horrek larriki ahultzen baitu oposizio hori; hala eginez gero, uko egiten zaio askatasun nazionalari, nahiz itxuraz huraxe lortu nahi izan.

Politika indar-harremanak beti zure mesedetan aldatzea da; aurretik zenuen baino botere handiagoa lortzea. Zentzu horretan ulertu behar da posibilismoa: Euskal Herriaren aldeko zentzuan.

Kontua ez da Madrildik diru sorta bat ekartzearen edo atez ateko zabor-bilketa ezartzearen aurka egotea —askatasuna lortzeko borrokan, baliagarria da inposatutako legezkotasuna, hala nola hark sortu dituen instituzioak—, baina lorpen horiek ezin dira politikoki posibilistatzat hartu, ez baitute indar-erlaziorik aldatzen.

Independentzia lortzeko, baliagarritasun horrek norberaren estatua berreskuratzeko estrategia baten barnean txertatua egon behar du, etsaiaren lege-sistema gaindituz. Estrategia hori ilegaltasunetik abiatuta soilik egin daiteke, berezko eta herriaren instituzio batetik abiatuta.

Oso ezberdina da gurea bezalako herri menderatu batek dena delako botere-maila bat lortzea, nahiz eta Autonomi Estatutu bat izan, baina berak irabazitakoa, inposatu eta kontrolatzen duena, edo botere hori beste batek emandakoa izatea, Espainiako Konstituziotik eta Gorteetatik datorrena izatea.

Botere horren zilegitasuna eta legezkotasuna norberarena edo beste batena da, hurrenez hurren, herriak behetik gora lortutakoa den edo herri horren integrazioa, asimilazioa eta desagerpena helburu bakartzat duen legezkotasuna inposatzen duenak emandakoa den.

Berezko estrategia, independentziarako estrategia ezin du kanpotik inposatutako legezkotasun batek mugatu, ez bailitzateke askatasunerako estrategia bat izango. Eta estrategia bat ez izateak etsaiarena garatzea dakar, berarekin kolaboratzea.

Gobernu bat, une honetan ez daukagun gobernu bat, estatu eraginkor bat izateko beharrezko eta nahitaezko osagaietako bat da; beste estatuek subjektu politikotzat hartuko dutena, atzean herri bat duelarik nazioarteko gatazka bat sortzeko gai delako.

Herri bat badugu, lidergo bat badugu, herri izate horrek herritarren arteko konfiantza eta elkartasun bat sortzen badu —oraindik ere baditugu baliabide horiek— eta funtzionatuko duen gobernu bat badugu, herriak baimendu, onartu eta estimatuko duena gobernu horrek herriaren eskaerak bereak egiten dituelako eta askatasuna lortzeko kontsigna argiak ematen dituelako, lortuko dugu independentzia.

Euskal Herriak une bakoitzean modu egokienean derrigorrean erabili eta zuzendu behar den arma bat dauka: herriaren indarra. Estrategikoa ez dena da posibilismo oportunista (helburu eskasak eta inposatutako legezkotasunak baimenduak) indar horrekin uztartzea. Indar hori bere ahalmenari dagozkion eta merezi duten helburuak lortzeko erabili behar da; independentzia lortzeko, adibidez. Nire lagun batek dioen moduan, Euskal Herriak inoiz ez dio ezetz esan eskatu zaionari.

Independentzia lortzeko, politikak edo posible denaren arteak derrigorrean urratu behar du inperialismoaren legezkotasun ofiziala, eta askatasuna ezin daiteke lortu herriaren indarrik gabe. Ondorioa bakarra da, hortaz: herria legezkotasun totalitarioaren aurkako bideetatik zuzendu behar da; independentzia lortu nahi dutela gero eta gutxiagotan esaten dutenak egiten ari direnaren guztiz kontrakoa.