«EAJk eta ETAk ez daukate herriarengan konfiantza nahikorik»

http://paperekoa.berria.info/harian/2007-09-20/012/802/lege_info.htm

2007-09-20

JOSEBA ARIZNABARRETA ARRIETA – ORREAGA IRITZI POLITIKORAKO TALDEKO KIDEA

Orreaga taldeko kide Joseba Ariznabarretak eztabaida politikoan beste sarraldi bat egin du; oraingo honetan herria eta boterea aztergai dituen liburuarekin dator jokin sagarzazu

LASARTE

«Askatasunaren haizeak nola hedatzen diren ikusteak eta gu ukitu ere ez gaituela egiten jakiteak sortzen digun mina baino ez da gelditzen». Pueblo y Poder (Herria eta Boterea) Joseba Ariznabarreta Arrieta (Galdakao, 1936) argitaratutako azken liburuko pasarte bat da hori. Atzo aurkeztu zuten liburua, Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean. Ariznabarreta Orreaga iritzi politikorako taldeko kidea da. Taldeko gainontzeko lagunek bezala, gaur egun egiten den politika gogor kritikatzen du. «Herri honetan ez da politikarik egiten». Euskal Herriaren askatasunaren eta independentziaren alde lan egitea izan da Ariznabarretaren pasioa. Izan zitekeena egun oraindik egiteke dagoela dio bere burua «abertzale eta demokrata sutsutzat» daukan «nafar» honek.

Herria eta Boterea du izena zure azken liburuak: txanpon bereko, politikaren, bi aldeak al dira horiek?

Herria zer den deskribatzen saiatzen naiz liburu honekin. Egun dugun pentsamoldeari pentsaera mota idealista dela irizten diot. Herria deskribatzeko abstrakzioa erabiltzen dugu eta horrek ez du ezertarako balio. Herria subjektu politikoa izan behar du, eta ez objektu. Herriak ez badauka botere bat edo ez badu esaten ni hemen nago, inork ez du herria denik esango. Hizkuntza bat dugula, edo ‘berezi’ egiten gaituen beste zer edo zer daukagula esango dugu, baina ez badauka indar nahikoa beste herri edo estatuak mehatxatzeko, bere diskurtso guztia alferrikakoa izango da. Gaur ez du inork ukatzen herri batek erabakitzeko eskubidea duenik. Nazioarteko zuzenbidean onartuta dago hori. Baina herri bat izatea ukatzen zaigu. Beraz, hortik hasi beharko ginatekeela uste dut. Besteek herri ikusi behar gaituzte.

Eta Euskal herrian botere hori existitzen al da?

Gaitasun hori galtzen dugun momentuan, gureak egin du. Kalean euskaraz hitz egingo da, gure ezaugarriak izango ditugu… baina ez dira politika mailan hartutako erabakiak izango, moral mailakoak baizik. Estatuari mesedez eskatzeko hau, hori… errespetua. Ematen du EAJren bidea hori dela. Duela gutxi EAJko agintari batek Espainia seduzitu egin behar genuela ezan zuen. Hori da politikaren justu kontrakoa. Politika indar erlazioak dira.

Politika biolentzia dela diozu. Eta liburu hau, hein handi batean, arma bat izan daitekeela. 

Bai, hala da. Beste ideia horiek -elkarrizketa, seduzitu, konbentzitu…- nire herriaren izana kolokan ez balego, barre egiteko hitzak direla esango nuke. Hori ez da politika.

Orduan, zer da politika?

Biolentziak politikaren izugarrizko lotura dauka, esentziala. Politika biolentzia da, eta biolentzia politikoa behar du izan.

Baina herri honetan biolentzia egon badago.

Bai. Baina hori ez da biolentzia politikoa. Politika eraginkorra izan behar du, besteari berak duen boterea zure aurrean makurrarazteko. ETAk erabiltzen duen biolentziak ez dauka gaitasunik bestea makurrarazteko. Ezin du irabazi. Horrek estatuaren erantzuna sortzen du. Alegia, biolentzia gure kontra itzultzen da. Gerra ez dena gerra deitzearen kontra nago.

Zeinen esku dago botere politikoa?

Boterea edo biolentzia herriarengan dago, eta herriarengan bakarrik. EAJk eta ETAk ez daukate herriarengan konfiantza nahikorik. Eta orduan «herriaren ahulezia» erabiltzen dute haien politika burokratikoa edo militarra justifikatzeko. Herririk ez badago -hala diote-, zer egingo dugu? Bestea seduzitu, konbentzitu, mesedez eskatu… edo heroiak sortu. Bai batzuek eta baita besteek ere esaten dute herria ordezkatzen dutela herria eraikitzeko. Uste dute herriak ez duela indarrik, eta hori gezur hutsa da. Arzalluzek berak esan du: primero construir el pueblo y luego la independencia. Kolaborazionismo hutsa da hori. Inperialismoarekin kolaboratzen dute bai batak zein besteak. Euskal Herriak indarra galdu badu, beraiek dira erantzule nagusiak.

Trantsizio garaian EAJk herria saldu zuela esan izan duzu askotan.

Hori Municheko hitzarmen famatuan ikusi genuen. EAJk Espainiako partidudemokratikoekin hitzarmen bat sinatu zuen non esaten zen Franco desagertzerakoan ipiniko zela Estatu guztirako gobernu espainiar probisional bat, eta gero etorriko zirela autonomiak. Guk nahi genuen horren aurretik euskal gobernu probisional bat ezarri. Behetik gorako gobernu bat… Hortik abiatu behar ginen, baina herria saldu zuten.

Zeintzuk dira, baina, herriaren armak?

Herria bera. Herria ez da abstrakzio bat. Herria biolentzia erabiltzen du bere nahiak lortzeko: manifestazioak, grebak… Herria martxan jartzen denean, denek diote beldurra. Horregatik, herria engainatzen eta kontentatzen ibiltzen dira denak.

Herria kontzeptu zaharkitua dirudi. Orain nahiago izaten da hiritartasuna erabiltzea.

Espainiako Konstituzioak argi esaten du: el pueblo español. Herriak mila modutan defini daitezke, eta mota guztietakoak egon daitezke, eta ez bakarrik ikuspuntu etnikotik. Baina herri hori aske ez bada, ez dago hiritartasunik. Herri baten askatasunik -autodeterminaziorik- gabe ez dago hiritar eskubiderik. Hiritartasuna kontzeptu abstraktua da, beraz. Zu eta ni ez gara gu. Gu hori dagoenean gara hiritarrak. Gu hori aske denean hasten dira hiritartasunari dagozkion eskubideak.

Zu nafarra zarela esaten duzu.

Beti egon naiz nafar estatua defendatzen, hasieran ezagutzen ez banuen ere. Euskal Herriko biolentzia kontrolatzen duen euskal gobernu baten aldekoa izan naiz beti. Gainera, estatu federal moduan ulertu dut nik betidanik nafar estatua. Euskal Herrian nortasun ezberdinak zeuden, baina behetik gora antolatu ziren hauek, arerioari aurka egiteko. Haien buruak mehatxatuta ikusirik, estatua eraiki zuten, behetik gora. Dena den, Nafar estatua defendatzeak ez narama estatu horrek izan zituen agintariak defendatzera. Herriak parte hartu zuela defendatzen dut, eta neurri horretan bat egiten dut. Estatu berezia izan da nafarra, zeren estatu nafarrean beti egon da herriaren eragina, botereari kontra egin diona.

Estatua, nahiz eta euskal estatua izan, biolentzia erabiliko du beti bere herritarrengan, ezta?

Estatu bat dagoenean gobernua beharrezkoa bihurtzen da. Baina gobernua beti herriaren kontra dago, interes propioak ditu. Beraz, gobernuaren eta herriaren artean biolentzia egongo da beti. Oreka dagoen bitartean, estatu hori demokratikoa izango da. Oreka hori galtzen denean, estatu totalitarioa bihurtzen da. Herriak biolentzia politikoa erabili behar du gobernua kontrolatzeko. Horri barne biolentzia deitzen diot nik. Kanpo biolentzia, aldiz, estatuen artekoa izango da. Estatuen arteko egoera beti da gerra egoera: anarkikoa.

Espainia eta Frantzia estatu totalitarioak direla irakur daiteke zure hitzetan.

Hala da. Bere kontra gogor egiten ez badiogu, ez dugu totalitarismo horrekin amaitu. Biolentzia politikoa erabili behar du herriak.

Azpitituluan diozu arrazoia eraikitzeko ahalegina dela liburu hau.

Apaizen, maisu, politikari, egunkarien… menpe egon gara hainbat mendetan, diskurtso zapaltzaileen menpe, goitik behera eraikitako estatuen menpe. Arrazoia eraikitzea beharrezkoa da. Diskurtso propioa eraiki behar dugu euskaldunok, eta horretarako oinarriak baditugu. Politika eginaz irabazteko aukera dugu. Duela 40 urte herria prest zegoen, oraindik prest dagoela uste dut.

Leave a Reply