Gure esku dago?

http://paperekoa.berria.info/iritzia/2014-05-04/006/003/gure_esku_dago.htm

2014-05-04

Gure esku dago?

KEPA ISASI

EUSKARA IRAKASLEA

Azken hilabeteotan, Gure Esku Dago ekimenak hainbat herritan antolatutako ekitaldietan izan naiz. Horixe egin dut: egon, ez egonean, baizik eta erreparatzen, hausnartzen. Oraingoz, azkenengoa, Casilla kiroldegikoa, hain zuzen ere, urrun nahiz gertu bizi izan dut; baina, segur aski ez hurbil, ez bizi. Hau da, martxoaren 29koa uste baino urrutiagotik jasan nuen, tamalez, gure hori haien bihurtu nuen; eskua, ordea, atzapar bilakarazi, zartatua, gainera. Izan ere, zaila da ulertzen sosen hiriburuak bertaratutakoengan eragindakoa.

Urteen joan-etorrian zenbat ote dira helburu berberaren alde borrokan jardutearren, atzo sortu eta gaur bertan behera utzi ditugun eragile, plataforma edo dena delakoak? Ez ote ditugu irudimena eta adorea alferrik zapuzten?

Euskal Herrian arrunt trebeak gara gogoetak egiten. Neuk ere horretan jardun nahi nuke datozen lerrootan. Herria garela eta erabakitzeko eskubidea dugula dira lehenengo lerroan aipatu dudan taldearen hiru ideietatik bi. Benetan nazioa bagara, ez ote da ulertezina, berez, garenari buruz dagokiguna izateko eskubidea dugula aldarrikatzea? Ez al dihardugu gure teilatuari harrika?

Bestalde, nonbait, asmoa ez da abertzaleen indarra metatzea, aldarrikapen hori ez baita abertzalea, demokratikoa baizik. Nola, bada? Nire ustez, nork bere demokrazia dauka, alderdi politikoek oso bestelakotzat hartzen dute azken boladan bolo-bolo dabilen hitz potolo hori. Hortaz, zer, nola adostu alde batetik, betikoentzat duela 77 urteko krudelkeria latz horren soka askatu ezik, eta, bestetik, betikoek euren demokraziaren izenean nahi beste gozatzen jarraitzen badute herri xume hau zapaltzen?

Horretaz aparte, nire irudiko, hizkuntza (euskara), kultura eta politika dira aberria elikatzeko funtsezko hiru osagaiak. Hirurak ala hirurak dira zein baino zein garrantzitsuagoak, eta denek dute elkarren beharra. Hori bai, ez ditugu zertan nahastu. Aitzitik, aurreko hilabeteetan, kultura-gizon / emakumeak ikusi ditugu erabakitzeko eskubidea lau haizetara zabaltzen. Non daude politikariak? Nire aburuz, ailegatu da haien garaia. Ahalik eta bozka gehien lortzeko ametsa baztertu, eta euskaldunon arazo, gatazka korapilatsuari errotik heltzeko aroa da.

Udaberriaren hasieran Bilbon izan zen moduko ikuskizunak ikusgarriak izan badaitezke ere, nola bete dezakete gure barrena edukia hutsik badago, azalak mamirik ez badu? Alegia, nola egin behar diogu aurre gaur egun pairatzen dugun administrazio-mugari? Nola bermatu senidetzat ditugun Iparraldekoek zein Nafarroakoek zuzenean parte har dezaten? Gustura adituko nuke duela urte batzuetako mitin hunkigarri, gazi horietakoren bat. Zenbait egoeratan desobedientzia zibila egin ez izana leporatzen diote hainbat alderdik elkarri. Hala ere, prest ote gaude guztiok hori egiteko, geureari eusteko, horrenbeste gorroto gaituztenek agindutakoari muzin egiteko? Egitekotan, denok egin beharko dugu, gure esku badago, behinik behin.

Leave a Reply