Horrela… Gure esku ez dago

http://www.nabarralde.com/es/gogoeta/10904-el-referendum

Horrela… Gure esku ez dago

Tasio Agerre*

Oraintxe jarri da abian ekimen berri bat, “Gure esku dago” izenez. Gure ustez, ordea, gaur egungo egoeran, ez dago baldintzarik euskal aldarrikapen nazionala hor adierazten den moduan planteatzeko. Izan ere, 2005eko “Ibarretxe plana” izan zenaren errepikapena delakoan gaude, J.J. Ibarretxe lehendakari ohiak aurkeztutakoaren oinarri bera baitauka. Berriro ere, bere mugak agerian utzi zituen eta Estatu espainolak hasiera-hasieratik moztu zuen bide beretik ibili behar ote dugu?

“Erabakitzeko eskubide” sonatua tranpa bat da, beste bat gehiago, tranpa guztietan erortzen baikara, haur inozoak bezala. Begiak estalita hartzen dugu parte jolas horretan, eta aurkariak, berriz, zabal-zabalik dauzka, eta gainera berak erabakitzen ditu arauak. Zer da “erabakitzeko eskubidea”? Kontsulta batean bozkatzea? Kontsulta, ados, baina, nork antolatzen du? Zein lurraldetan? Zer-nolako bermeak daude? Zein da horko erabakia babestuko duen agintea? Zein da parte hartuko duen populazioa, zentsua? Eta gaia? Zein izango da galdera? Gainera, zenbat kontsulta egongo lirateke? Gure herrian dauden administrazio adina kontsulta? Estatu bakoitzean bat? Probintzia bakoitzean? Pirinio Atlantiarreko departamendu osoan bat?

“Erabakitzeko eskubidea” ez da nazioarteko Zuzenbide publikoan jasotako figura bat. Nahi demokratiko bat adierazten duen figura testimoniala da, baina ez du inolako balio eratzailerik. Nazioartean, balioa duen gauza bakarra “libre xedatzeko eskubidea” da, “autodeterminazio-eskubide” izenez ezagunagoa.

“Gure esku dago” manifestuan ez da aipatzen nor den ekintzaren subjektua. “Gure” horrekin nori buruz ari den, alegia. “Independentisten” eta “demokraten” arteko totum revolutum bat planteatzen da. Askatze-prozesuaren gunea euskal nazioa da. Baldintza hori gabe, ez dago berez prozesurik. Ezin dira leku berean jarri eta, horrexegatik, plano berean, nazionalki euskaldunak direnak eta beren burua “espainol” edo “frantses” izendatzen dutenak, nahiz eta azken horiek ondoren “euskaldun” direla esan, “euskal eskualdekoak”, alegia. Proiektu historiko honen ekimena gure nazioaren gizarte zibilak eduki behar du, eta ezin da bestela izan. Bera da prozesu hau amaieraraino eramateko bide-orria egin behar duena.

Manifestuan, independentziaren kontra daudenak inplikatu nahi dira hain zuzen ere. Hori tolesgabetasun eta sineskortasun itzelaren erakusgarria da, are gehiago kontuan hartzen badugu inguruko beste prozesu batzuetan, Katalunian adibidez, agerian uzten duten etsaitasuna. Lañotasun horren ordez, helburua jendea independentziaranzko benetako prozesu batera erakartzea delakoan gaude, hau da, subjektu politiko horretara gauzak garbi ikusten ez dituztenak edo zer diren ez dakitenak ekartzea. Horretara bideratu beharko litzateke kanpaina, eta ez herriaren beharrizan demokratikoei erantzuten dieten helburuak urardotzera. Gaurko egoeran, ez dauka balio berbera geure Estatu propioa lortu nahi dugunon posizioak eta gure herria Espainiako eta Frantziako estatuei lotuta jarrai dezan nahi dutenenak. Hori nahasmena sustatzea da. Horixe da haiek “joko demokratikoa” deitzen dutena, errealitatean hala ez bada ere. Euskal Herria Espainiako eta Frantziako estatuen menpe edukitzea ekintza funtsean antidemokratikoa delako.

Gure herrian lortu behar dugun helburua, zalantzarik gabe, independentzia da. Eskozia eta Katalunia zuzen-zuzenean doaz norabide horretan; guk, berriz, atzera egin dugu nabarmen eta, gainera, harrotu egiten gara horretaz. Benetako “erabakitzeko eskubideak”, izatekotan, “autodeterminazio- eskubidea” izan behar du, bestela paper bustia izango da. Ez dira bi fase, lehenbizi “demokrazia” eta gero “independente izan nahi duzun” bozkatu. Ez dago demokraziarik autodeterminazioa gauzatzen ez bada. Eta autodeterminazioaren bidea ez da, hasteko, inperio menperatzaileen bozketa-sistemetatik igarotzen. Sistema politiko espainola eta frantsesa oso ongi diseinatuta daude, beren baitatik eta beren arauen arabera autodeterminazioari dagokion ezer lor ez dadin. Euskal gizarteari zuzendutako manifestu batean, garbi utzi beharko litzateke autodeterminazio-eskubidea, Estatu propio bat izatearena, lehen giza eskubidea dela, hori baita herritarrei gainerako eskubide guztiak bermatzen dizkiena.

Hori horrela, bide-orri bat planteatu eta eztabaidatu behar da, eta oraingo une historikoko errealitate zehatza kontuan hartuta, hau da, lehenik eta behin, Espainiako estatuak duen krisi latza, arlo guztietakoa: ekonomikoa, legitimitateari dagokiona, egiturazko ustelkeriak ekarritakoa, katalanen ekinaldia, etab. Bide-orri horretan, helburu bakarra independentzia lortzea izango dela kontuan hartuta, bideak eta borroka-moldeak erabaki ahal izango dira, baina xede horretara bideratuta betiere. Beste edozein helburu, bidean estatu menperatzaileek egindako kontzesio gisa besterik ez dira izango onargarriak, baina inoiz ez azken helburu gisa.

* Testu honen sinatzaileak: Tasio Agerre, Víctor Alexandre, Luis Mª Mtz Garate, Ferran Suay i Lerma, Mikel Sorauren, Humberto Astibia, Fernando Sánchez Aranaz, Hector Lopez Bofill, José Miguel Mtz Urmeneta, Antton Soroa, Mirari Bereziartua, Jaume Renyer, Angel Rekalde, Patxi Goikoetxea, Beñi Agirre, Marisol Ronkal…

Leave a Reply