Harro nago, egoeraz jabetzen naizelako

http://www.iparraldekohitza.info/2012/05/25/harro-nago-egoeraz-jabetzen-naizelako/

 maiatza 25, 2012 iparraldea

Nekatu naiz, ezin dut gehiago jasan, eta onartu beharra daukat gure Euskal Herri maitea zapaldu, bahitu, engainatu, gutxietsi, iraindu eta txikitu egin dutela, eta harro nago horretaz ohartu izanaz.

Badakit noizbait nafar estatu bat eduki izan genuela eta Espainiako eta Frantziako estatuen interes inperialisten ondorioz nire estatua desagerrarazi eta nire herria banatu zutela, eta horretaz ohartzeaz ere harro nago. Harro, era berean, Espainiako eta Frantziako estatuen helburu bakarra Euskal Herria ezabatzea dela ulertzen dudalako eta sekula ezer erregalatuko ez digutela badakidalako.

Asko kostata eta laguntza askorekin, gure herriaren benetako egoera zein den ulertu eta onartu dut; Espainiak eta Frantziak desagerrarazi nahi gaituztela, alegia. Gure herri sufrituaren diagnostiko apal bat egin dut, eta, beraz, eman dut askatasunera eramango gaituen bideari ekiteko lehen pausoa.

Diagnostikoa, politikaren lehen pausoa. Jarraian, estrategia dator, eta, azkenik, praktika. Munduko edozein politikarik argi dituen hiru pausoak: diagnostikoa, estrategia eta praktika.

Arazoaren arrazoiak ulertu eta onartu (nahiz eta egoera gustukoa izan ez), estrategia zehatza finkatu (indar korrelazioak aldaraziko dituena) eta estrategia horren ondorio izango diren bitartekoak sortu eta ekintzak aurrera eraman.

Diagnostiko egoki barik ezinezkoa da estrategia egokirik sortzea, eta estrategia barik ezin martxan jarri askatasunera eramango gaituen ekintza sistematikorik. Herri honek nahiko eta gehiegi demostratu du askatasuna desio duela, askatasun horren alde askok bizia ematera iristerainoko desioa.

Orduan, zergatik ez dugu oraindik askatasuna lortu? Etxea teilatutik eraikitzen hastea ezinezkoa den moduan, ezinezkoa baita askatasunerako bidea praktikatik hastea. Diagnostikoa, estrategia eta praktika.

Gure herri honetan, egunero ikusten da ehunka ekintza martxan jarri eta defendatzeko gaitasuna badagoela (presoen aldeko mugimenduak, ikastolak, emakumeen berdintasunaren aldeko taldeak, bertsolaritza, zentral nuklearren aurkako mugimenduak, euskaltegiak…).

Baina, eraginkorrak izateko, ekintza horiek guztiak estrategia baten barruan kokatu behar dira. Bihotzeko politika asko, baina garuna lo.

“500 urte estrategia barik” izenburupean Orreagak martxan jarri duen hitzaldi zikloan, behin eta berriro entzun dugu, zenbait hizlariren ahotan, ez dela estrategikoa Patxi Lopezi lehendakaritza kentzea, ezta Donostiako Udalean alkatetza lortzea ere. Autodeterminazio eskubidea eskatzea ere ez da inondik inora estrategikoa, eta gutxiago oraindik Espainia eta Frantzian defizit demokratikoa dagoela onartzea.

Espainia eta Frantzia borroka armatuaren bidez garaituko dituzula pentsatzea ezin da sekula estrategikoa izan.

III. errepublika aldarrikatzea, ezkertiarren artean ezkertiarrenak izateko grina horretan espainiar greba orokorreko abangoardia izatea, Espainiako Vueltaren aurka protesta egiteko errepideak zalez eta ikurrinez betetzea, 20.000 zale izanda ere Espainiako erregearen kopa finalean txistu egitea… herri honen estrategia faltaren adibide argiak dira.

Euskal Herrian lau ildo politiko daudela esatea eta ondorioz Euskal Herriaren %50 independentziaren aldekoa dela esatea guztiz infra-estrategikoa da, eta etsaiaren hauteskundeetan parte hartzea, infra-estrategikoa izateaz gain, askatasunaren aurkako erasorik bortitzena da.

Egin dezagun diagnostiko egokia; azken 40 urteotan egindako politikek etsaien eraso zuzenek baino min handiago ekarri diotela herri honen askatasunari, alegia.

Hori ulertzen dugunean, estrategia egoki bat egiteko prest egongo gara, eta estrategia egoki batek berezko ditu askatasunera eramango gaituzten baliabide eta ekintza zehatz eta sistematikoak.

Leave a Reply