Askatasuna ez da bozkatzen

http://www.gureberriak.com/2013/06/05/askatasuna-ez-da-bozkatzen/

Atzerapen apur batekin bada ere, hilabeteroko zitari ez diogu hutsik egin eta Maiatzaren 2an eman zen hitzaldi baten kontakizunarekin gatoz oraingoan.

Ez da lehenengo aldia webgune honetan “erabakitzeko eskubidea” deitzen duten horren inguruan jarduten garela, eta gauzak asko aldatu ezean, azkenengoa ere izango ez denaren susmoa dugu. Eta hauxe zen hain zuzen ere sarreran aipatu hitzaldiaren gaia, erabakitzeko eskubidea. Zarauzko Modelo zineman burutu zen ekitaldia, Urola Kostako Arragoa Taldeak antolaturik eta izenburuak (Askatasuna ez da bozkatzen) nahiko garbi iragartzen zituenez bertan emango ziren azalpenen nondik norakoak, bertaratzea erabaki genuen.

Hizlaria Orreaga taldeko Joseba Ariznabarreta izan zen, eta goizean publikatu zioten elkarrizketan sumatzen zenez kontzeptuak argi eta garbi azaltzeko determinazioaz jardun zen.

Oso argi azaldu zuen independentzia pertsonek eta herriek inherentea duten zerbait dela, “norberari atxikita dago” eta horren inguruan ezin dela bozketarik formulatu. Autodeterminazioa zertan datzan azalduz hasi zuen hitzaldia, gainontzeko animaliengandik bereizten gaituen ezaugarri garrantzitsuena zela azpimarratuz.

Bere aburuz gizakia, gainontzeko animaliak bezala, bere ingurunearekin etengabeko harreman erlazio batean bizi da, eta harreman horietatik heltzen zaizkion kinaden edo estimuluen aurrean erantzutera beharturik dago. Animaliek kinada horien aurrean instintiboki erantzuten dute, berehalakoan. Baina gizakiok aldiz, indeterminazio puntu bat igarotzen dugula esan zuen, non aztertzen ditugun zabaltzen zaizkigun aukera posible guztiak (edo gehienak), ondoren erabaki ustez egokiena hartzeko. Zentzu horretan, ez geundeke gainontzeko animaliak bezala kanpotik determinaturik, eta horregatik dio guregan dagoen zerbait dela autodeterminazioa edo independentzia, atxikirik dugun zerbait.

Ondotxo dakigunez, autodeterminatzeko berez dugun eskubide hori bortxaz urratzen dutenak ere badira, eta horiek sorturiko arazoez jardun zen ondoren, arazo politikoez hain zuzen ere. Gure herriak bizi duen egoeraz luze jardun zen Ariznabarreta, ditugun arazoez eta arazo horiek konpontzeko bidean planteatzen zaizkigun bide antzuak izan zituen ahotan. Baina ez zen kritikara mugatu eta gure askatasuna berreskuratzeko bidean eman beharreko urratsez eta aktibatu beharreko erakundeez ere jardun zen, hitzaldi borobila osatuz.

Hitzaldiaren bideoa jartzekotan ginen, baina tamalez – arazo batzuk medio – ezin izan dugu lortu (hortik hilabete honetako atzerapena). Lastima da, izan ere hitzaldi borobila izan zen eta ondoren ere eztabaida interesgarria eman zen bertaratutakoon artean.

Berandu eta hankamotz beraz oraingoan. Barkamenak eskatuz bukatu behar….

Leave a Reply