Tag Archives: Asier Ezpeleta

Estatus berria: independentzia

http://paperekoa.berria.info/iritzia/2013-12-28/005/004/estatus_berria_independentzia.htm

2013-12-28

ZUZENDARIARI

Estatus berria: independentzia

ASIER EZPELETA JAUREGI. DONOSTIA.

«Estatus berria-erabakitzeko eskubidea» zioen pankartak egunkariko argazki batean. Ezin dut ulertu herri gisa urteetan defendatu dugunaren diluzioa; askatasun mailaren jaitsiera.

Herri honek, iraun nahi badu, hizkuntza eta kultura indartu, zainketa berezietatik atera, beste estatus bat behar du, noski. Estatus horri independentzia deitu izan zaio abertzaleen artean nire oroimena iristen den garaietatik, eta baita askoz lehenagotik ere. Eguneroko hitza zen, hitzetik hortzera generabilena. «Garai berrietan», estatus berriak ordezkatu du. Zergatik ez diogu herri honen helburu nagusia behar lukeenari bere izenez deitzen? Edo helburua aldatu egin da, independentzia, oraingoz, alboratuz?

Herri honek aske izan nahi du bere herri izaeragatik; independentzia nahi eta behar du. Horra erabakitzeko eskubidea gauzatua. Orain artean, ez dugu asmatu behar hori gauzatzen, ez gara bihurtu subjektu politiko. Gauzatze hori autodeterminazioa da; gure kasuan, independentzia, herri bat garelako.

Ez dugu askatasunik, ez demokraziarik, ez marko demokratikorik izango independentzia lortzen ez badugu, demokrazia herri honentzat (edozeinentzat bezala) independentziarekin hasiko baita. Independentziarako bidea ezin da egin Estatuek emandako erakundeetan (estatuaren batasuna bermatzeko eginak dira) edo gure herria ukatzen dutenekin batera. Indarrak batu eta aurrera egin behar dugu, helburu nagusia argi izanik. Herri honek badu indarra eta arnasa nahikoa horretarako.

Inperialismoaren beste taktika bat: putxerazoa

http://paperekoa.berria.info/iritzia/2012-09-12/005/003/inperialismoaren_beste_taktika_bat_putxerazoa.htm

2012-09-12

ZUZENDARIARI

Inperialismoaren beste taktika bat: putxerazoa

ASIER EZPELETA JAUREGI. ORREAGAKO KIDEA.

Guztiz asaldaturik gabiltza espainolek gure herriaren errolda artifizialki aldatu nahi dutelako, tranpa edo iruzur demografiko bat gauzatuz. Baina trikimailu hori ez da berria. Euskal Herrian herri asko bizi dira elkarrekin batean, baina ez kondizio berdinetan: batzuk zapaltzaileak dira, eta besteak zapalduak. Ezin da, zapaltzaile eta zapaldua, biak izan. Ezin da, espainol eta gure herri zapalduko herritar, biak izan. Ezinezkoa da.

Oraingo trikimailua, balantza demografikoa zapaltzaileen aldera eramateko beste saio bat besterik ez da. Hau guzti hau, Espainiako Estatuaren osotasunari eusteko estrategiaren taktika da, bide batez, gure herria independentziara eramango duen autodeterminazio eskubidea indarrez zapalduz.

Arauak beraiek jartzen dituzte eta nahi dutenean aldatzen edo hausten dituzte, biolentziaren monopolioa izateak ematen dien boterearen lotsagabekeria eta prepotentzia guztiarekin.

Agian, gure buruan, txip aldaketa bat beharko genuke: instituzioak behar ditugun neurrian erabili, baina ez independentzia lortzeko bide nagusi gisa. Bide horrek gaur egungo instituzioetatik kanpo behar du. Herriaren indarra gure instituzio edo tresna propio eta independenteak sortzeko helburuarekin bideratu behar da. Gure jokoa sortu behar dugu, gure arauekin jokatu. Helburua independentzia baita.