Category Archives: gureberriak.com

INPERIALISMOA ETA ERREFERENDUMAK

http://www.gureberriak.com/2013/11/01/inperialismoa-eta-erreferendumak-3/

Urak zertxobait baretu diren honetan, españolen komunikabide guztiak aztoratu zituen afera zahar baten egungo egoeraz baliatuko gara hilabete honetako gaiari heltzeko: Gibraltar.

El Pais egunkariko editorial batez baliatuko gara. Non 2013ko Abuztuaren 11ean hauxe irakurri genezakeen:

“Ambos casos (Gibraltar eta Malvina uharteez ari da) tienen en común que se trata de situaciones coloniales residuales, y que en ambos se contrapone el criterio poblacional (la opinión de sus habitantes) y el territorial (el marco físico del que forma parte). Sería injusto aplicar únicamente el primer criterio, pues basta con llenar el territorio de colonos para obtener una mayoría favorable al statu quo. Los británicos han llegado a admitir fórmulas de cosoberanía, pero siempre que fueran aceptadas por la población gibraltareña. Lo que equivale a anular esa posibilidad.”

Hemeroteka lanarerekin jarraituz, atzerago joko dugu denboran. Españako bigarren errepublikako presidente izan zen Niceto Alcalá Zamorak, gerra galdu eta erbestean zelarik 1945ean esandakoak dakarzkigu gogora:

“Resulta que ya entre Inglaterra y España solo se plantea e interpone un problema: el de Gibraltar. Han pasado más de dos siglos; podrían pasar muchos más, y ese problema seguiría vivo, aunque Inglaterra arrancara de Gobiernos indignos y de España postrada una serie sin fin de ratificaciones, y aun conseguida la tarea fácil de britanizar por hábito, poderío, educación y conveniencia, una ciudad pequeña. El derecho español es imprescriptible e irrenunciable, como cuestión a la vez de dignidad y de tranquilidad; por ello, ni de tiempo, ni siquiera de voluntad”.

Españolek argi dute zer den erreferendum bat inperialismoaren mende zaudenean, inperioaren aldeko abantaila ugari eskaintzen dituen joko maltzur bat baino ez. Eta ez dute onartzen. Gehiengo eta gutxiengoen jokua “errez” irabazten baita, boterea, ohiturak, edota hezkuntza erabiliz herria kolonizatzeko. Eta azken unean beharrezkoa balitz, baita erreferendumaren zentsoa kolonoz puztuta ere.

Hemen aldiz, erabakitzeko eskubidea independentziarako tresna erabilgarri gisa saldu nahi diguten honetan, Alcalá Zamoraren esaldia gureratuko dugu, bide batez gogoratuz bere herriarentzat oso argi zutena guri behin eta berriz ukatu zigutela berak eta gainontzeko errepublikar españolek.

Euskaldunok gure independentziarako dugun eskubidea ukaezina eta preskribaezina da, eta horrexegatik ez da ez denbora, eta ezta borondate kontu bat ere.

Letonia – Euskal Herria

http://www.gureberriak.com/2012/07/29/letonia-euskal-herria/

Veronica Ramirezekin mintzatu gara, Rigako pub batean, Letonian.

Euskal herritarra da bera, edo hala uste genuen, behintzat, solasaldia hasi baino lehen. Euskal Herria 3 milioi biztanle inguruko Europako estatu bat da, Espainia eta Frantzia artean dagoena. 1991n lortu zuen inguratzen duten bi estatu horietatik bereiztea.

Gobernuaren webgune ofizialean ageri denez, biztanleen %59 euskal herritarrak dira, %35 espainiarrak eta %4 frantziarrak. Hizkuntza ofizial bakarra euskara da, nahiz eta biztanle gehienek espainiera ere badakiten, kolonizazio garaia ez baita hain aspaldikoa. Datu ofizialen bila ibili garen arren, ez dugu topatu, baina, iturri gehienen arabera, oraindik ere espainiera da gehienek dakiten eta erabiltzen duten hizkuntza.

Elkarrizketaren sarrera sumatuko balu bezala, aurrea hartu digu Veronicak, eta aurreneko galderari entzun baino lehen ekin dio:

Ni ez naiz euskal herritarra; ni espainiarra naiz. Euskal Herriko jatorria duen espainiar bat agian, Euskal Herriarekiko lotura txiki bat igartzen baitut. Baina, hala ere, euskal kultura urrunegia suertatzen zait, arrotzegia, eta, beraz, definitzean, espainiarra naizela diot nik. Euskal Herrian jaiotako espainiar bat.

Pasaportean bestelakorik dioen arren, espainiarra da, beraz, Veronica. Euskal Herriko hiriburuan jaio zen, Iruñean, 1983an. Baina, orduan Euskal Herria independentzia lortzeke zegoenez, Espainian jaio zela esan genezake alde horretatik. Egun Letonian bizi da. Haren belaunaldikoen artean, askok emigratu ohi dute, eta berak ere duela bost urte utzi zuen jaioterria, etorkizun oparoago baten bila.

Aurreratu egin zarenez, badakigu zer erantzungo diguzun, baina nor eta, batez ere, nongoa da Veronica?

Ni espainiarra naiz, nire gurasoak ere espainiarrak dira eta etxean beti hitz egin izan dugu espainieraz. Nire amona, berriz, euskal herritarra zen, euskara zuen ama hizkuntza, baina aitonarekin ezkondu —espainiarra da bera— eta beti hitz egin izan digu espainieraz.

Bi herri bizi dira, beraz, Euskal Herrian?

Bi, edo hiru, frantziarrak kontuan hartzen baditugu. Baina, bai, nagusiki, biztanleen zati bat euskal herritarrak dira, eta bestea, espainiarrak. Bereizketa hori erabat begi bistakoa da. Euskal herritarrak euskal herritarrekin biltzen dira lagunartean, kirolean, tabernan, kalean, etab. Eta espainiarrak, espainiarrekin. Bi herriak ez dira nahasten edo integratzen alde horretatik. Txiki-txikitatik oroitzen dut egoera hori. Nerabezaroan, espainiarrak euskal herritarren kontra aritzen ginen auzoan edo ikastetxean. Eta ezinikusi horiek iraun egiten dute. Pasa den irailean izan nintzen Iruñean [espainolezko Pamplona terminoa erabili du berak]azkenekoz. Erdiguneko kafetegi batean eseri, eta Coca Cola bat eskatu nuen espainieraz, eta horrexegatik bakarrik (espainieraz eskatzeagatik!), Coca Colarik ez zutela erantzun zidan zerbitzariak, pentsa! Gero, beste zerbitzari bat etorri zen, eta hark arazorik gabe atera zigun edaria, baina lehenengoak ez, “ez daukagu” eta kito. Esango nuke zenbaitek oraindik ere gorroto gaituztela. Hala igartzen dut nik behintzat. Eta, gainera, ez du zentzu handirik, Espainiarekin muga egiten duenez eta iraganean Espainia izan zenez espainiar turista asko joaten baitira bertara. Baina horrela da.

Independentzia aurreko garaiengatik ere galdetu diogu, ea nola zen bizimodua 1991 arte.

Dena zen espainola. Ikastetxeetan, espainieraz ematen zen dena; euskara bigarren edo hirugarren hizkuntza gisa irakasten zen, astean lauzpabost ordu baino ez, eta, beraz, espainiarrok nekez ikasten genuen. Gutxi gorabehera ulertzera hel gintezkeen, idatzizkoa batez ere, baina askoz gehiago ere ez. Neurri batean ulertzen ditut euskaldunak: garai hartan euskaraz egiten zuenari arraro begiratzen zitzaion, herri txikietan baino ez zen entzuten euskara eta “aldeano” esaten genien erdeinuz. Normala den bezala, ez zuten atsegin egoera hura. Gaur egun, 40 urtetik gorako denek dakite espainieraz. Baina ez dizute hitz egingo; dena egingo dizute euskara hutsean.

Gaur egun egoerari buelta eman zaiola esan al dezakegu? Hau da, garai batean euskara diskriminatzen zen bezala, egun espainiera da diskriminatua?

Bai eta ez. Nik uste garai hartan euskaraz zekienak espainiera pixka batekin lanpostu bat lor zezakeela, baina gaur egun ez da horrela; euskara pixka batekin ez da nahikoa lanpostu bat lortzeko. Pentsa, unibertsitatean Espainiar Literatura irakasten zuten irakasleek euskarazko maila gorenena zutela frogatu behar izan dute lanpostuari eusteko, nahiz eta ez behar euskara euren lanerako. Ez du zentzurik! Eta beste hainbeste gertatzen da, noski, medikuekin, funtzionarioekin… Ni lanean hasi nintzenean euskaraz egiten saiatzen nintzen, baina ez zen erraza. Nire azentuarekin sartzen ziren beti, ez ninduten ezertxo ere laguntzen. Eta, euskaraz primeran eginda ere, zure abizenari erreparatu eta espainola bada, baztertu egingo zaituzte. Ez daude gu integratzearen alde. Nik ulertzen dut independentzia lortu nahi izatea, ez ziren haien eskubideak errespetatzen, ezin zuten euskaraz egin, etab. Independentzia lortu ezean desagertu egingo zen haien kultura, hizkuntza; haien herria, azken finean. Niri aukeratzen utzi izan balidate, ez nuen sekula nire gogoz euskararik ikasiko; ingelesa, frantsesa edo alemana askoz lehenago ikasiko nituen. [Eta horrela da: euskaraz komunikatzeko zailtasun ikaragarriak ditu Veronicak, baina inglesez, frantsesez edo alemanez komunikatzeko gai da]. Denbora galtze bat balitz bezala ikusten genuen euskara ikastea; ez genuen ezertarako behar Euskal Herrian bizita. Non suertatuko zitzaigun, bada, baliagarria?

Harreman sozialei dagokienez, ohikoak al dira bi herrietako pertsonen arteko bikoteak? Eta lehen?

Ez. Badira kasu bakan batzuk, baina horretan gauzak ez dira asko aldatu. Euskal herritarrak euren artean elkartzen dira, eta espainiarrak, espainiarrekin. Normala ere bada: kultura oso desberdinak dira; euskaldunak hotzagoak dira, serioagoak, eta espainiarrak, berriz, odol beroagokoak, emozioak errazago azaleratzen dituzte eta, agian, biolentoagoak ere badira. Nik bi herrien onena hartu dudala esan ohi dut. Kar-kar. Horregatik gehitzen diot beti Euskal Herriko jatorria nire espainiartasunari.

Ekonomiara pasatuko gara orain. Zein aldaketa ekarri zituen independentziak? 

Euskal herritarrentzat onuragarria izan zen, zalantzarik gabe. Orain askoz errazagoa dute lanpostu bat lortzea lehen baino, euskara ezinbestekoa baita. Lanpostu onenetan ere desplazamendu bat egon zen. Lehen espainolenak ziren postu goren ia denetan aldaketak gertatu ziren, hizkuntza edo beste aitzakiaren bat tarteko. Egun, euskaldunak daude enpresa ia denetako buru, baita goi kargu publiko guztietan ere. Jabego pribatuan ere aldaketak izan ziren, eta 1936ko inbasio gerraren ostean espainiarrek kendutako jabegoak eska zenitzake zuretzat, zure arbasoren bati lapurtu zizkiotela frogatuz gero. Eta horrelako kasu asko gertatu dira. Badira ezer izan ez eta egun batetik bestera enpresa garrantzitsu edo etxebizitza baten baino gehiagoren jabe egin direnak eta errentetatik bizi direnak. Eta ministroren baten lagunak izate hutsagatik mesedeak jaso dituztenak, baina, noski, ministro denak euskal herritarrak direnez, espainiarrok jai horretan ere…

Pasaporteen auzia azal iezaguzu, mesedez. Nola da afera hori? Zuk euskal pasaportea duzu, baina badira Euskal Herrian bizi arren pasaporte horren jabe ez direnak ere, ezta?

Bai, bai, eta ez gutxi, gainera!

Eta zein da pertsona horien egoera?

Ez dira munduko inongo estatutako herritar. Pasaporte bat ematen diete, eta “Alien´s passport” jartzen diete, eta bertan azaltzen da Euskal Herriko estatuan bizi direla, eta horrekin bidaiatu ahalko lukete atzerrian, baina zailtasunekin, ez baitute europako herritar kontsideraziorik. Ez dute euskal herritartasunik, eta, beraz, ez dute bozkatzeko eskubiderik, ez eta lanpostu publikorik lortzerik ere, eta abar.

Baina ezin al dute espainiar pasaporterik lortu?

Pentsatzen dut baietz, ez lieketela bost urtez han biziaraziko, ez eta azterketarik pasaraziko ere. Uste dut eskatuz gero erraztasunak izango lituzketela, baina gehienek nahiago dute bertan gelditu, egoera horretan, Espainiara ezer gabe joan baino.

Eta nola izan zen pasaporteen banaketa hori? Denek al zenuten garbi nork lortu ahal izango zuen eta nork ez?

Bai, denok genuen argi. Oso ondo mugatu zuten nork lortu ahal izango zuen. 1936a baino lehenago —zehatzago esateko, 1936ko uztailaren 18a baino lehenago [Espainiak Euskal Herria inbaditu zuen gerra hasi zen eguna]— Euskal Herrian bizi zirenek eta haien ondorengook automatikoki jaso genuen euskal pasaportea. Gure kasuan, amonari esker lortu genuen. Kontua da 1936 arte Euskal Herrian bizi ziren espainiarrak ez zirela asko, baina urte horretatik aurrera eta, batez ere hurrengo hamarkadetan estatuak bultzatuta, sekulako immigrante espainiar pila iritsi zela Euskal Herrira. Horretaz gain, milaka euskal herritar hil zituzten espainiarrek eta beste askok erbesteratu egin behar izan zuten. Eta naziotasuna lortzeko lege horrek aurreko kontu horiek aintzat hartu zituen, noski. Egoera demografikoa oso bestelakoa litzatekeelako gertakari horiek gabe.

Naziotasuna lortzeko bigarren era naturalizazioarena da. Eskakizunak, hauek:

Euskal Herrian bizitzen gutxienez 5 urte daramazkizula frogatzea.

Euskal konstituzioaren eta historiaren gaineko azterketa gainditzea.

Euskaraz badakizula frogatzea.

Himnoa jakitea.

Logikoa eta erraza dirudi, baina jende askok ezin du lortu, batez ere hizkuntzarengatik. Euskarak eta espainierak ez dute inolako antzekotasunik, eta adin batetik aurrerako pertsonentzat ia ezinezkoa da hizkuntza ikasi eta azterketa hori gainditzea. Eta horrek, noski, arazoak dakarzkie. Gainera, sarreran aipatu dituzun datuek tranpa dute. %59 euskal herritarrak direla diote, baina %59 horren barruan ni ere sartzen naute, euskal pasaportea dudalako, baina ni ez naiz euskal herritarra. Inork ez daki zehatz-mehatz zein den euskal herritarren egiazko kopura, baina %50etik oso gora ez da ibiliko, hori ziur!

Honako hau izan daiteke egoera horren ondorio bat ulertzeko adibide bat. Duela gutxi, Espainiak, nazioarteko erakundeetan presio eginda, espainiera hizkuntza ofiziala izan zedin galdegin zuen. Euskal lehendakariak zera esan zuen, beretzat iraingarria litzatekeela bere herrian espainola hizkuntza ofiziala izatea, baina demokrata on gisa, erreferendum batean bozkatuko zutela. Bertan bizi diren espainiar gehienek herritartasunik ez dutenez ezin dutenez bozkatu, ezezkoa borobila izan zen, noski. Hori da euskal demokrazia…

Bozkatu al zenuen zuk? Eskubide horren jabe zinen, ezta?

Ni ordurako ez nengoen han, baina han izan banintz ere, ez nuen bozkatuko. Ez dut inoiz bozkatu. Zertarako bozkatu? Telebistako debate denak euskaraz badira eta ez badut ezer ulertzen! Gainera, ez naiz bertako sentitzen; ni ez naiz inoiz harro sentitu euskal herritar izateaz. Haiek bai, haiek harro diote Euskal Herrikoak direla. Ez ditut sentitzen nire hauteskundeak balira bezala, eta, beraz, ez dut bozkatzen.

Elkarrizketa errealak jarraitu egin zuen, eta erreala diogu, aspaldi konturatuko zinen bezala elkarrizketa hau ez delako erreala.

Baina ez pentsa dena asmatua denik. Aldaketa txiki batzuk egin behar dira soilik. Espainia eta espainiera jartzen duen tokian Errusia eta errusiera jartzen badituzu, Euskal Herria eta euskara jartzen duen tokian Letonia eta letoniera jartzen badituzu, IruñeaRiga-rekin eta RigaIruñea-rekin ordezkatu eta 1936-ren ordez 1940 jartzen baduzu, ELKARRIZKETA ERREAL BAT DA!

Euskal Herrian bizi den letoniar bati eginiko elkarrizketa bat dago honen atzean. 

Letoniako egoerak, gure herri okupatuaren demografia eta beste hainbat faktoreren inguruko hausnarketan lagundu diezaguke, izan ere herri zapalduetan hainbat ezaugarri errepikatu egiten dira, eta mendekotasun egoeratik atera den herria izanik, izango da haienean guretzat baliagarri izan daitekeenik…  Nork bere ondorioak atera ditzala…