Monthly Archives: February 2014

Begirada garbitu bitartean

http://paperekoa.berria.info/iritzia/2014-02-02/004/001/begirada_garbitu_bitartean.htm

2014-02-02

Begirada garbitu bitartean

PAKO ARISTI

IDAZLEA

Bartzelonan izan naiz berriki nire azken liburua aurkezten, eta Zarautzen Munich 1962: Isildu egiadokumental ederra ikusten, eta bietan aurkitu dut neure burua aberasteko aukera paregabea.

Bartzelonan Quim Arrufat CUPeko diputatua izan nuen liburuaren aurkezle, eta esaldi batean laburtu zuen Kataluniako prozesu guztia, ea aldaketarik ikusiko ote dugun itaundu niolarik. «Aldaketa eman da jada», erantzun zidan. Eta hatz erakuslea garunera eramanez: «Hemen hasten da dena. Katalunian deskolonizazio mentala eman da jada. Jendeak ezin du irudikatu atzera bueltarik, ez da posible orain berriro estatutu kamustu baten muga frustratuetan bizitzen hastea».

Antzeko hitzak esaten ditu Eugenio Arzubialdek Municheko itun lotsagarriari eskainitako dokumentalean: «500 urte edo gehiagoko mendekotasunak eragin izugarria izan du gure buruan. Lehenik geure burua askatu behar dugu. Burutik kendu behar ditugu hor dauzkagun kategoriak».

Deskolonizazio mentala, edo euskaldun izateko Espainiak zein Frantziak ezarri dizkiguten paradigma endekatzaile guztiak desikasi, euskaldun aske, beregain eta konplexurik gabeak izaten ikasteko.

Barneko aldaketa bat da, baina kanpoan gauzatu ditzakegun ekintzetan eta harremanetan sekulako aldaketa lekarkeena. Gure herriaz, bere historiaren gainean sekulako zabor pila bota digute gainera; zabor hori garbitzen hasi behar dugu lehendabizi, eta horretan antzematen diet alderdi abertzaleei akatsik larriena. Zabor hori ahotan hartzen dugun bakoitzean, gure analisi eta diagnostikoetarako zaborra erabiltzen dugun aldioro kalte egiten baitiogu herriari, geure buruari, desohore egiten diegu historian zehar ausardiaz argitasun izpiak zabaldu dituzten aurreko guztiei.

Iragan urtarrilaren 24an kexa nahiko tentelak irakurri nituen egunkari honetan bertan, Gipuzkoako Foru Aldundiari Espainiako banderak ohorezko lekuan jartzeko iritsi zaion agindua dela eta. Aldundian sinbolo horretan sinesten dutenek herritarren laurden bat baino ez dutela ordezkatzen, laurden horren ikurra hiru laurdenei indarrez ezartzen duen demokrazian gaudela, demokrazia bitxi hau herritarren borondatearen aurka ezarria dagoela…

Legea inposatzeko ez da hauteskunderik irabazi behar. Hori Espainiako sistema politikoaren baitan dator inplizituki: sistema politiko baten sostengua legeak baitira, eta legeak inposatzeko behar den biolentzia. Eta hauteskundeetan datza bere zilegitasuna. Espainiak eskaintzen dizkigun hauteskundeetan parte hartuz gero zilegitasuna ematen diogu bere sistema politikoari, bere demokraziari, bere legediari, dena pakete berean baitoa. Ezin da bat aukeratu, eta bestea baztertu. Sistema politikoak legeen bitartez gauzatzen du barrutik datozkion erasoen defentsa.

Gure erakundeak ez dira gure erakundeak, Espainiarenak baizik, nahiz eta haien kudeaketa uzten diguten, horrela errazago gobernatuak izan gaitezen. Erakunde horiek gobernatzeko guk Espainiari eskaintzen diogun homologazio guztia darabil Espainiak gu gobernatzeko, menderatu gisa mantentzeko. Hori horrela ez dela esatea jendea engainatzea da. Eta jendeak ez du horrelakorik merezi. Begien aurrean dakuskigun bandera espainol guztiek dute legitimotasun osoa hor egoteko, geuk eman diegu baimena. Desobedientzia da bide bakarra, baina inhabilitazioak dakartza, soldata galtzeak; horra gure protesten muga, gure haserrearen sabaia, gure ausardia sutsuaren marra gaindiezina.

Herri baten lehen ardura da bere kalterako esan diren mezu guztiak desaktibatzea, bere interes propioak aktibatuko dituzten kontatzeko moduak garatzea, «politika» deitzea merezi duen ekimen ororen oinarria. Politika ez da sistema arrotz bateko kudeaketa guneak irabaztea, baizik eta herri hau horrela zergatik dagoen esplikatzea, eta egoera gainditzen lagun dezakeen estrategiak plazaratzea.

Okupazioaren ondorioak belaunaldi bakoitzean berritzen dira, estatuak mekanismo ongi garatuak dauzka belaunaldi bakoitzari aurrekoen beldur eta konplexuak ezartzeko. Baina okupazioari ezagutzarekin egiten zaio aurre, zure herriaren historiaren ezagutzarekin. Ezagutzak kontzientzia pizten du, kontzientziak askatasuna dakar, zure bizitza diseinatzeko aukera ematen dizuna. Gizarte mailan, berriz, indarra da herria zeure interesen arabera antolatzeko askatasuna bermatzen duen plusbalia politiko bakarra.

Manuel Delgado antropologoak dioen bezala: «Menderatzailearen eta menderatuaren harremana hausten da menderatuak bere dominazioaren arrazoiak ulertzeari uzten dionean. Bere esku dago. Kontzientzia hori da menderaturik darraiten herriek ez daukatena». Mezua argia da: kontzientzia hori bereganatzen duen herriak automatikoki uzten baitio menderatua egoteari.

Shantideva budista indiarrak ere antzeko zerbait dio: «Ez dago lurbira osoa estaltzeko adina larru. Baina nire oinetakoen larruaz oinez nabilen oro, lur osoa estal dezaket haiekin. Kanpo-eraginak ezin ditugu kontrolatu, baina zeure gogoa kontrolatzen baduzu, badago beste ezer kontrolatzeko?».

Horixe da geratzen zaigun azken ondarea, azken gotorlekua, inperialismoa bere armada guztiekin ere sar ezin litekeena: gure gogoa, gure adimena, gure ahalmen analitikoa, gure begirada, gure ukazioa bere sarraskiaren aurrean, eta ukazio horrek dakarren jokabide zuzena, egokia.

Soren Kierkegaard filosofoak esan zuenez, gure existentziaren tragediarik handiena da bizitza, hain zuzen, soilik atzera begira uler badaiteke ere, aurrera begira bizi beharrekoa dela. Horregatik, prozesu politiko garaileetan ezinbestekoa da historia ezagutzea, hona nola iritsi garen ulertzeko, eta estrategak edukitzea, aurrera begira gure jokabideak diseinatzeko. Eta alderdi politikoek ez badute horretarako balio, egon bitez erne; herriak, esnatzen denean, suntsitu egingo baititu, ekintza terapeutiko gisan. Oroitu, bestela, 2011ko udal hauteskundeetatik 2012ko EAEko parlamenturakoan etxean geratu ziren 130.000 euskal herritarren abisua.

Ez badakigu nahasmena detektatzen, gure ekintzak nahasmenaren multiplikatzaile soilik baldin badira, hobe dugu ezer egin gabe egotea, begirada argitu bitartean.

ANIZTASUNAREN ALDE: INDEPENDENTZIA

http://www.gureberriak.com/2014/01/15/aniztasunaren-alde-independentzia/

Aniztasuna, elkarbizitza, konponbidea… Asko erabiltzen dira hitz horiek azken boladan, baina ba ote dakigu zertaz ari garen zehazki horiek ahotan dauzkagunean? Arazoei irtenbidea topatzeko, beharrezkoa da jatorrira jotzea, arazoa sortu duten oinarrizko arrazoien bila joatea. Askotan, ordea, arazoaren ondorio besterik ez diren xehetasunekin korapilatzen gara, arazoaren muina ahazteraino.

Badirudi gurean ere ―herri zapaldu askotan gertatu ohi den bezala― gailentzen diren diskurtsoetan egiturak, testuinguruak ezkutatu eta gizabanakoak hartzen duela protagonismoa. Modu horretan, hemen, kasualitatez, “iritzi ezberdinetako” pertsonak jaiotzen diren ustea hedatzen da, horren arrazoiak aztertzea alde batera utziz eta zergatiari erreparatu gabe.

Horrelakoak gertatzea ez da, hala ere, harritzekoa. Izan ere, beste zenbait herrirentzat deskribatu izan den bezala, gurean ere, menderatutako herriko zenbait “intelektualengan” eragiten du kolonialismoak, eta guztiak “baloreez” hitz egiten hasten dira. Plano unibertsalean aritzen dira intelektual kolonizatuak, abstraktuki, eta, orduan, intelektual horien erronka kolonizatu eta kolonizatzaileak mundu berri batean elkarrekin bakean bizitzea izango da. Intelektual horiek ez dute ikusten, ordea (kolonialismoa bere pentsamolde guztiekin erraietaraino sartu zaielako, hain justu), testuinguru koloniala desagertuz gero kolonoak ez duela gelditzeko inolako interesik, koexistitzeko inolako gogorik, haien existentzia bera desagertu egiten baita.

Zapaltzaile, menderatzaile, kolonizatzaileen existentzia testuinguru baten produktua da neurri handi batean. Menderakuntza testuinguruaren produktua, hain zuzen ere. Testuinguru hori desagertzen bada, hau da, herri zapalduak independentzia lortzen badu, egitura zapaltzailea suntsitzea lortu duenez, erori berri den egitura horretan txertatutako guztia (“pertsonak” barne) desagertzen, diluitzen da berandu baino lehenago testuinguru berrian. Egitura berrietan, ez dago independentzia lortu duen herri horren zapaltzaileentzat lekurik. Menderatzaileak berriro suntsitu beharko lituzke herri horren egiturak, eta bereak ezarri, zapaltzaile-zapalduen arteko koexistentzia (ez baketsua, noski) berriro existitzeko.

Edozein gai sozialez hitz egiteko, egiturez hitz egin behar da ezinbestean, eta ez, sinetsarazi nahi diguten moduan, pertsona indibidualez eta haien borondateaz soilik.

Beraz, gaia gurera eta gaur egunera ekarriz, elkarbizitzaz, aniztasunaz… hitz egiten denean, testuingurua ezkutatzen da. Zerikusi zuzenik izango ez balu bezala, menderatzaileen egiturak daudela esatea saihesten da. Ez da aipatzen egitura horien ondorioz sortzen direla hemen “sentsibilitate ezberdin” moduan aurkezten zaizkigun horiek. Eta, ondorioz, “sentsibilitate ezberdin” horiek errespetatu behar omen dira, guztiaren gainetik. Arazoaren jatorria ahaztu, eta “sentsibilitate ezberdinen” arteko “elkarbizitza” bihurtzen dute helburu.

Kultura, mundu ikuskera, “sentsibilitate” ezberdinak, egitura kontrajarrien osagaiak izaten dira. Egitura horien artean ez da sekula elkarbizitzarik lortzen. Gure egituretan zapaltzaileak lekurik ez duen bezala, zapaltzailearen egituretan, guk ere ez dugu lekurik. Gai horretan adituak diren hainbat autorek azaldu izan dute, nolabaiteko “koexistentzia” bat sumatzen dugunean, trantsizio faseak izaten direla, egitura bat edo bestea gainjartzen den arte. Eta, noski, ez da inolaz ere elkarbizitza baketsua izaten, interes kontrajarriak baitira.

Ondorioz, gainjartzen den egitura horretan diluitzea da “elkarbizitza baketsu” bat izateko modu bakarra. Gure kasuan, beraz, zapaltzen gaituzten egiturak aipatu ere egin gabe errespetua eta elkarbizitza eskatzen zaigunean, gure nortasunari uko egiteko eta besteen egituretan diluitzeko eskatzen zaigu. Baina, hori horrela esan beharrean, aldi berean independentziaren alde daudela esango dute hori defendatzen dutenek (bi gauzak erabat kontrajarriak direla ohartu ere egin gabe?). Bada garaia aurretik aipatutako plano abstraktu-unibertsal horietatik lurrera jaitsi eta gauzak diren bezala ―ez “izan beharko luketen bezala”― onartzeko eta zehazteko. Argi hitz egiteko. Nola gauzatzen da bakea egitura zapaltzaileak gainetik kendu gabe? Elkarbizitza? Errespetua zeri, gure heriotza nahi duten egitura horiei? Hitz egin dezagun garbi behingoz.

Munduko aniztasunari egin diezaiokegun ekarpenik handiena gure existentzia bera bermatzea da, eta, horretarako, gure egitura propioak behar ditugu, hau da, independentzia.