Category Archives: berria.info

Zuei, Kataluniaren euskal miresleoi

http://paperekoa.berria.info/iritzia/2012-11-04/004/001/zuei_kataluniaren_euskal_miresleoi.htm

2012-11-04

Zuei, Kataluniaren euskal miresleoi

PAKO ARISTI

IDAZLEA

Herri bat menderatua izan denean, hiru jarrera ematen dira bere biztanleen artean:

1-Batzuk ohartzen dira okupazio bat izan zela, eta hala aitortzen dute. Berdin dio noiz, oraintsu ala aspaldixe, denboraren iragaitea ez da garrantzitsua, baizik eta ekintzaren kalitatea. Herri baten okupazioa beti da gertaera lazgarri bat herri horren historian, eta menderatzailearen propaganda lan eskergak ere ez du eraginik izango biztanle hauen memorian. Okupazioaren kontzientzia gordetzen dute, eta saiatzen dira kontzientzia hori zabaltzen, hedatzen eta transmititzen.

Garai bakoitzeko baldintzen arabera borroka egiten dute, eta borroka egitea posible ez bada, borroka egin beharraren oroimena sustraitzen egiten dute lan. Jende hau minoria izan ohi da, baina iraupen gotorrekoa, haien memoriak urteak edo mendeak iraun ditzakeena. Ezer egin gabe egon litezke luzaroan, baina ez egonean bakarrik. Etsita egon litezke, baina itxaropena galdu gabe: badute konfiantza euren bizitzaren mugatasuna gaindi dezakeen indar batengan.

2-Beste batzuk ere ohartzen dira okupazio bat izan zela, baina ez dute esaten. Badute egia lazgarriaren berri, baina ezkutatu egingo dute ideia, denborarekin ahaztua izango den itxaropenaz, okupazioak eskainiko dizkien onurak, abantailak edo erregaliak profitatzeko. Pribilegio hauek haien ondorengoentzat bermatuak gera daitezen, nahasmena bultzatuko dute, okupazio ondorengo erakunde berriak goraipatuz, gobernu berriak herriari ekarri dizkion aurrerapen eta aberastasunak goretsiz.

Okupazioaren kontzientzia suntsitzeko akulturizazioa bultzatuko dute, zatiketa, fragmentazio ideologikoa, iluntasun kontzeptuala, herriak bere historia bere hitzekin eta bere ikuspuntutik kontatzen jakin ez dezan, gertatu zena eta gertatzen ari denari buruzko definizioak ilunduz. Lelo itxura agertzen dute askotan, baina zinikoak dira; baketsu eta herri-maite itxurak egingo dituzte, baina manipulatzaileak dira. Jende hau ere minoria izan ohi da, baina okupazioa onartuz ikasi dute dominazioa hedatzeko baliagarriak diren tresnen erabilera. Izua zabaltzen artistak dira, paralisia, etsipena. Baina beldurti biziko dira beti beldurra ongizatearen oinarri bihurtu duten hauek.

3-Bestetzuk ez dira ohartzen eta ez dakite okupazio bat egon zenik ere. Jende hau gehiengoa izan ohi da, herria deitu ohi dena. Historia nozitu egiten dute, sufrikarioak dira, baina propagandaren monopolioek hedatu duten bertsioa kuestionatzeko ahalmenik gabe, naturala dela uste dute haien egoera, eta naturaltzat hartzen lurralde-fragmentazioak, zatiketa administratiboak, urrunketa emozionalak… identitatearen pitzadura. Nahasmen kontzeptualean heziak, gu euskaldunak garaesango dute, baina Iparraldea Frantzia izango da, eta gure albokoak Nafarrak.

Osotasunaren kontzientzia galdurik, Batasunaren espiritua ebatsirik, denok Nafar Erresumako euskaldun izan ginen tokian haiek eta gu bereizketa ezarririk, normaltzat ikusiko dute lurralde bakoitzak bere prozesu hautesleak izatea, Nafarrei ez diegu esango zer egin behar duten eta antzeko esaldiak jaurtiz, eta onetsiko dute elkar lotuko gaituzten erakundeen sorrera, euro-erregioak eta osteruntzekoak.

Lehen multzoko pertsonak martiri bilakatuko dira, okupatzailearen biolentzia militarrak garbituta, hasieran, eta gero estatuaren biolentzia legitimoak erailak, atzerriratuak edo espetxean ustelduak. Historiaren ahanzturatik haietako batzuen izenak, eginak eta esanak jasoko dira tarteka, gehienetan bertso edo kantuen bidez. Hainbat testu ere agertuko da haiei buruz, ahanzturaren lainopetik arrantzatuak, berridatzi beharrekoak. Orduan erreferente bihurtuko dira oraindik ere bere herria maite dutenentzat.

Bigarren multzokoak politikari bihurtuko dira, administratzaile, legegizon, boterean aditu. Kudeaketa zuzenduko dute, zirkulazioan jarri beharreko mezuen propaganda.

Hirugarren multzoko jendeak, gizarte zabalak, bere lekua bilatzen du historian zehar. Bakan batzuek jauzi egingo dute lehen multzora, sentiberatasun edo adimen berezi batek argiturik, erreferente bilakatzeko. Beste batzuek bigarren multzora igo nahiko dute, politikagintzara, bai sistema menderatzailearen onurak bere probetxurako bideratzeko, edo bai handik herriaren borondatea hobekiago bereganatuko dutelakoan.

Interesgarriena gertatzen da, baldintza zehatz batzuen delineazio estrategikoa definitzen denean, herri horretako multzo handi batek batera jauzi kualitatibo bat ematen duenean: subjektu politikoa bilakatzen denean. Horrek esan nahi du politikoek kontrolpean zeukaten eremuan sartu direla, politikoak desautorizatuz. Herri bat esnatu egin dela esan ohi da orduan. Ezin hobeto deskribatu du prozesua Paul Bilbaok elkarrizketa batean: «Katalunian zabaldu den ziklo honetan poztu nauen lehen gauza herri mugimendutik sortu izana da, eta eztabaida kokatu izana kokatu behar den tokian, eta ez alderdiek nahi zuten tokian. Herriak hartu du hitza, eta gero politikariengana joan dira konpromisoak eskatzera».

Lehen multzoko erreferenteek bizirik gorde zuten askatasun txinpartak masa kolektiboaren borondatea irazeki du, subjektu politikoa sortuz: mendeetako porrota, aldez edo moldez, elikatu eta kudeatu duten politikoen lekua hartu duen indar eraldatzailea. Guk oraindik ez daukagun altxorra.

«Gu ez gara Katalunia», esan zuen Laura Mintegik kanpainan; «Hau ez da Katalunia», esan zuen Pedro Miguel Etxenikek. Eta beste askok. Arrazoia dute. Haiek, populazioaren %20a, kalean (Artur Masen datua), politikariei zer egin behar duten esaten. Gu, populazioaren %65a (EAEko hauteskundeen datua), politikariei entzuten, ea zer egin behar dugun hurrena.

Baina lehen adiskidetzat geneuzkanak, orain ez ditugu maisutzat onartu nahi. Ikasgai ederra eman digute hauteskundeetarako. Ondorengorako ere bai. Ikusiko dugu ea Kataluniako politikariek baduten talenturik herri sublebazio hau hondoratzeko.

Gezur handi bat

http://paperekoa.berria.info/iritzia/2012-05-06/004/001/gezur_handi_bat.htm

2012-05-06

Gezur handi bat

PAKO ARISTI

IDAZLEA

Gernikako sarraskiaren urteurrenean Jose Antonio Agirre Lehendakariaren gutun bat eduki nuen irakurgai, Aitzol Altunaren Orígenes del movimiento nafarzale testu interesgarrian datorrena. 1942an Estatu Batuetako argitaletxe batek euskaldunon historia idazteko enkargatu zion Agirreri, eta 1946. urterako 520 orri idatziak zituen. Atzetik hasita, XIII. mendera iritsia zen; irudikatzen dut Lehendakari langilea Nafarroako Erresumaren erakundeak aztertzen, historiaren sakoneran interpretazio berriak hausnartzen, agian bere ibilbideari argia eman nahian.

Gu gabiltzan moduan, gutxi gorabehera. Agirre berandu iritsi zen Nafarroako estatua ikertzera, jadanik boterea galdua zuela, baina estatu hark funtsean zeukan batasun-energia eta erreferentzialitate ahalmena ez zitzaizkon oharkabean pasatu. Eta ahuen egiten du gutunean: «Gure ekoizpen historikoak ez du ikuspegi nazional bat izan, fragmentatua izan da neurriz gain, eta ez du onarpenik izan atzerrian, guk geure gauzekiko izan dugun ezjakintasuna frogatuz. Gure historia ttipitzen saiatzearen poderioz, ulertezin bilakatu dugu ikertu nahi gaituztenontzat».

Ni harritzen naiz, gaur, ikerketa historikoari trufa egiten dion jendearekin, postmodernorik handienak izan nahian gizarajoak izateko arriskuan jartzen direnekin. Eta karrera unibertsitarioak ikasitako jendea izaten da, behin eta berriro demostratuz unibertsitateak ez duela jendea azkarragoa egiten. Sena amatatuta daukan jendez betea dago Euskal Herria, berearekiko dagokionaz ezjakintasun totala aldarrikatuz; gainera, irribarretsu eta lotsa izpirik gabe.

Oharkabean, gertatu zaie 2001ean Jimeno Juriok salatu zuena: «Memoria historikorik gabeko herri bat, informaziorik gabea, bere baloreak eta identitatea ezagutzen ez dituena kolonizatua izateko prest dagoen soroa da. (…) Bere iragana, bere nortasunaren ezaugarrik funtsezkoenak ezagutzen ez dituen herria txotxongilo bat izango da, edonork nahierara erabili ahalko duena».

Zuk historia ezagutzen eta erabiltzen ez baduzu, etsaiak erabiliko du zure aurka, historiaren kontaketa borroka politikoaren gune-gunean dagoen ekintza baita; zuk zeure historia ezagutu nahi eza bera da etsaiaren garaipenik handiena, mendeetan ondo egindako lanaren emaitz gozoa; ez dauka armak erabili beharrik ere zure aurka, zeuk eskaintzen baitiozu erretiluan garaipen ideologikoa.

Gaur, gainera, lehen ez bezala, tresna guztiak eskura ditugu; akritikotasun historikoak ez dauka aitzakiarik gaur, nagikeriak ere ez: interneten dabilen informazio ugaria, bideoak, komikiak… gaur aisa daukagu informazioaren monopolio inperialista desegiteko aukera; aski da jakinmin apur bat, maitasuna zeure buruari, naziotasun baten pertenentzia-zentzu nimiño bat, kontzientzia nazionala osatzen ari diren milaka pertsonen zati bihurtzeko.

Gezur historiko asko irentsi ditugu hemen ezjakinak izan garelako. Maiz entzun dugu, Agirreren alderdikideen ahotan, Euskadik ez duela gaur adinako autogobernurik ezagutu inoiz, trantsizioan, hemengo dirutzaren kudeaketa eskuratzearen truke independentziari uko egin ziolako kontzientzia txarretik sortutako teoria tristea.

Gezur bat, Agirre berak gutunean argitzen duena: «Antso Gartzez Nagusiaren erregetza baino hiru mende lehenago, inbasore germaniarren aurkako borroketan sortzen da euskal naziotasuna, bizirik irauteko borondatearekin. (…) Gure arbasoek bazuten batasun tradizio bat. (…) Onar dezagun bazutela garaian garaiko ideia patriotiko bat. Zer zentzu du, bestela, hirurehun urtez koordinatutako borroka bat mantentzeak, iparrean eta hegoaldean muga garbiak zeuzkana, frankoen eta bisigodoen aurka, nola esplikatu berrehun urteko monarkiaren borroka Errioxa mantentzearren, zeina eroriz Bizkaia erori zen hegoaldeko babesik gabe geratzean?». Sabino Aranaren Euskadi Nafarroaren lurralde izan zen duela zortzirehun urte arte, eta Iparraldetzat ezagutzen duguna Nafarroaren «Bortuz Haratagoko Merindadea» deitzen zen.

Estatu europear baten zati izan ginen. Tomas Urzainkik irakurri zuen duela hamar urte, Euskal Autonomia Erkidegoko Autogobernu komisioan, testu zorrotz bat. Honela dio: «Nafar estatuaren sistema juridikoa ez zen desegindu Nafarroako ordezkariek hala erabakita; alderantziz, Gaztelak biltzea eragotzi zielako baizik. Deuseztapen hau ez zuen inoiz nafar herriak erabaki, ez zioten kontsultarik egin, ez orduan, eta ez orain». Geroztik, hibernazioan dago nafar estatua.

Euskaldunok nafarrak gara politikoki, eta Nafarroa euskalduna da kulturalki. Txanpon beraren bi alde. Ez dago bereizketarik, inbaditzaile espainol eta nafarrek inposaturikoa soilik. Gure akatsa eta ezintasuna litzateke zatiketa hori onartzea, ez dena erreibindikatzea. Urzainkik dionez, Nafarroako estatu europarraren konkista kontinente mailako gertakaria da. Europar Batasuna ez da herrien edo hiritarren batasuna, estatuen batasuna baizik. Testuinguru horretan, Nafar estatuaren berrezarketa logikoa eta justiziazkoa litzateke, Europaren oreka geopolitikoa berreskuratzea litzatekeelako. Horretarako ez da behar nazio eraikuntzarik, bahitu zuten estatu nazionalaren askapena baizik.

Izan ginen estatu; izan dugu estatutxoa berriki. Aitzol Altunak dio Agirre bera 9 hilabete iraun zuen euskal estatu txiki baten Lehendakaria izan zela: legezko moneta inprimatu zuen, pasaporteak, armada propioa zeukan, 100.000 gizonekoa (Agirreren memorietako datua da). Telesforo Monzonek berretsi zuen ideia hori: «Estatutua ez zen praktikan jarri inoiz. Estatu independientea izan ginen».

Baina kontuz; gero PNVk defendatu zuen estatutua ez zuen maite Monzonek: «Nafarroa eta Vasconia hartuko dituen Euskal Errepublika defendatu ordez, hor ari dira estatutu ziztrin bat defendatzen, kategoria gutxiko politika eginez».

Abisu egokia dirudi gaur egunerako ere, laster berriro estatutuaren defentsako oihu orokorrak entzuten hasiko garenean.