Gezur handi bat

http://paperekoa.berria.info/iritzia/2012-05-06/004/001/gezur_handi_bat.htm

2012-05-06

Gezur handi bat

PAKO ARISTI

IDAZLEA

Gernikako sarraskiaren urteurrenean Jose Antonio Agirre Lehendakariaren gutun bat eduki nuen irakurgai, Aitzol Altunaren Orígenes del movimiento nafarzale testu interesgarrian datorrena. 1942an Estatu Batuetako argitaletxe batek euskaldunon historia idazteko enkargatu zion Agirreri, eta 1946. urterako 520 orri idatziak zituen. Atzetik hasita, XIII. mendera iritsia zen; irudikatzen dut Lehendakari langilea Nafarroako Erresumaren erakundeak aztertzen, historiaren sakoneran interpretazio berriak hausnartzen, agian bere ibilbideari argia eman nahian.

Gu gabiltzan moduan, gutxi gorabehera. Agirre berandu iritsi zen Nafarroako estatua ikertzera, jadanik boterea galdua zuela, baina estatu hark funtsean zeukan batasun-energia eta erreferentzialitate ahalmena ez zitzaizkon oharkabean pasatu. Eta ahuen egiten du gutunean: «Gure ekoizpen historikoak ez du ikuspegi nazional bat izan, fragmentatua izan da neurriz gain, eta ez du onarpenik izan atzerrian, guk geure gauzekiko izan dugun ezjakintasuna frogatuz. Gure historia ttipitzen saiatzearen poderioz, ulertezin bilakatu dugu ikertu nahi gaituztenontzat».

Ni harritzen naiz, gaur, ikerketa historikoari trufa egiten dion jendearekin, postmodernorik handienak izan nahian gizarajoak izateko arriskuan jartzen direnekin. Eta karrera unibertsitarioak ikasitako jendea izaten da, behin eta berriro demostratuz unibertsitateak ez duela jendea azkarragoa egiten. Sena amatatuta daukan jendez betea dago Euskal Herria, berearekiko dagokionaz ezjakintasun totala aldarrikatuz; gainera, irribarretsu eta lotsa izpirik gabe.

Oharkabean, gertatu zaie 2001ean Jimeno Juriok salatu zuena: «Memoria historikorik gabeko herri bat, informaziorik gabea, bere baloreak eta identitatea ezagutzen ez dituena kolonizatua izateko prest dagoen soroa da. (…) Bere iragana, bere nortasunaren ezaugarrik funtsezkoenak ezagutzen ez dituen herria txotxongilo bat izango da, edonork nahierara erabili ahalko duena».

Zuk historia ezagutzen eta erabiltzen ez baduzu, etsaiak erabiliko du zure aurka, historiaren kontaketa borroka politikoaren gune-gunean dagoen ekintza baita; zuk zeure historia ezagutu nahi eza bera da etsaiaren garaipenik handiena, mendeetan ondo egindako lanaren emaitz gozoa; ez dauka armak erabili beharrik ere zure aurka, zeuk eskaintzen baitiozu erretiluan garaipen ideologikoa.

Gaur, gainera, lehen ez bezala, tresna guztiak eskura ditugu; akritikotasun historikoak ez dauka aitzakiarik gaur, nagikeriak ere ez: interneten dabilen informazio ugaria, bideoak, komikiak… gaur aisa daukagu informazioaren monopolio inperialista desegiteko aukera; aski da jakinmin apur bat, maitasuna zeure buruari, naziotasun baten pertenentzia-zentzu nimiño bat, kontzientzia nazionala osatzen ari diren milaka pertsonen zati bihurtzeko.

Gezur historiko asko irentsi ditugu hemen ezjakinak izan garelako. Maiz entzun dugu, Agirreren alderdikideen ahotan, Euskadik ez duela gaur adinako autogobernurik ezagutu inoiz, trantsizioan, hemengo dirutzaren kudeaketa eskuratzearen truke independentziari uko egin ziolako kontzientzia txarretik sortutako teoria tristea.

Gezur bat, Agirre berak gutunean argitzen duena: «Antso Gartzez Nagusiaren erregetza baino hiru mende lehenago, inbasore germaniarren aurkako borroketan sortzen da euskal naziotasuna, bizirik irauteko borondatearekin. (…) Gure arbasoek bazuten batasun tradizio bat. (…) Onar dezagun bazutela garaian garaiko ideia patriotiko bat. Zer zentzu du, bestela, hirurehun urtez koordinatutako borroka bat mantentzeak, iparrean eta hegoaldean muga garbiak zeuzkana, frankoen eta bisigodoen aurka, nola esplikatu berrehun urteko monarkiaren borroka Errioxa mantentzearren, zeina eroriz Bizkaia erori zen hegoaldeko babesik gabe geratzean?». Sabino Aranaren Euskadi Nafarroaren lurralde izan zen duela zortzirehun urte arte, eta Iparraldetzat ezagutzen duguna Nafarroaren «Bortuz Haratagoko Merindadea» deitzen zen.

Estatu europear baten zati izan ginen. Tomas Urzainkik irakurri zuen duela hamar urte, Euskal Autonomia Erkidegoko Autogobernu komisioan, testu zorrotz bat. Honela dio: «Nafar estatuaren sistema juridikoa ez zen desegindu Nafarroako ordezkariek hala erabakita; alderantziz, Gaztelak biltzea eragotzi zielako baizik. Deuseztapen hau ez zuen inoiz nafar herriak erabaki, ez zioten kontsultarik egin, ez orduan, eta ez orain». Geroztik, hibernazioan dago nafar estatua.

Euskaldunok nafarrak gara politikoki, eta Nafarroa euskalduna da kulturalki. Txanpon beraren bi alde. Ez dago bereizketarik, inbaditzaile espainol eta nafarrek inposaturikoa soilik. Gure akatsa eta ezintasuna litzateke zatiketa hori onartzea, ez dena erreibindikatzea. Urzainkik dionez, Nafarroako estatu europarraren konkista kontinente mailako gertakaria da. Europar Batasuna ez da herrien edo hiritarren batasuna, estatuen batasuna baizik. Testuinguru horretan, Nafar estatuaren berrezarketa logikoa eta justiziazkoa litzateke, Europaren oreka geopolitikoa berreskuratzea litzatekeelako. Horretarako ez da behar nazio eraikuntzarik, bahitu zuten estatu nazionalaren askapena baizik.

Izan ginen estatu; izan dugu estatutxoa berriki. Aitzol Altunak dio Agirre bera 9 hilabete iraun zuen euskal estatu txiki baten Lehendakaria izan zela: legezko moneta inprimatu zuen, pasaporteak, armada propioa zeukan, 100.000 gizonekoa (Agirreren memorietako datua da). Telesforo Monzonek berretsi zuen ideia hori: «Estatutua ez zen praktikan jarri inoiz. Estatu independientea izan ginen».

Baina kontuz; gero PNVk defendatu zuen estatutua ez zuen maite Monzonek: «Nafarroa eta Vasconia hartuko dituen Euskal Errepublika defendatu ordez, hor ari dira estatutu ziztrin bat defendatzen, kategoria gutxiko politika eginez».

Abisu egokia dirudi gaur egunerako ere, laster berriro estatutuaren defentsako oihu orokorrak entzuten hasiko garenean.

Leave a Reply