Zapalkuntzatik askatasunera – 5.3. HERRIAREN INDARRA

“Inperialista guztiak gezurretako tigreak dira. Itxuraz, boteretsuak dira, baina ez dira hain boteretsuak egiazki: herria da benetan ahaltsua”.

Mao Zedong


Étienne de La Boétiek idatzitako liburu batean esaldi hau ageri da:
Gatibuak bagara, menderatuak bagaude, horrela nahi dugulako da. Herri bat existitzen bada, ez obeditzeak eta erresistitzeak askatasuna ekarriko dio.

Esaldi horrekin zera adierazi nahi du: guk dugula gure etorkizunerako giltza; indarra guk dugu, eta gure ekintzen arabera ondorio batzuk edo besteak etorriko dira. Ardura gurea da, eta gauzak aldatu nahi baditugu, guk egin beharko dugu zerbait.

Herririk gabe, ez dago ezer; indarra herriarengan dago, eta hori erabili behar dugu independentzia lortzeko.

Botereari dagokion kapituluan landu dugu herri batek zer indar izan dezakeen, zein arlotan sailka daitekeen, analisirako behintzat. Gure herriaren jokabide eta ekimenei erreparatuz, arrazoiak badaude pentsatzeko –oraindik ere bizirik gaudenez– bizitzeko indarra badugula. Ez ideologia aldetik, ez ekonomia aldetik, ezta politika aldetik ere (guztia lotuta dagoenez) ez gaude sendo, bistan da, baina oinarri bat badugu, eta oraindik ere hauspotu eta indarberritu gaitezke.

Atal honetako hainbat kapitulutan aztertzen den bezala, indarberritze hori gertatzeko, badaude hainbat modu. Erreferentziak geurera ekarriz, erresistentzia eginaz, legitimatze kontuetan tentuz ibiliz eta abar, badugu autoestimua sendotzeko eta indarrak metatzeko aukera. Horrek guztiak beti estrategia baten barruan joan behar duela jakinik eta estrategia nazional hori elikatuz lortuko ditugu helburuak. Beraz, indar hori estrategikoki erabili behar da.

Garrantzi handikoa da gure herriak duen indar hori maila estrategikora igotzeko gaitasuna duten politikariak detektatzea. Izan ere, munduan ere –populazioaren tamaina kontuan hartuz eta, beraz, proportzioak alderatuz– herri honek egin eta egiten dituen indar erakustaldiak harrigarriak diren arren (mobilizazioak, arloz arloko ekimenak abian jartzea, ikastolak, komunikabideak, eta abar), ohikoa izan da geure artean gidaritzarako aukeratu direnek, herri honi ahultasuna egotziz, helburuak makurtzea. Maiz, “orain ezin da”, “herriak ez du nahi”, “eroso bizi da jendea”, “jendeari ez zaio interesatzen politika” eta gisa horretako esaldiak entzuten dira haien ahotan. “Herriaren ahulezia” erabiltzen da euren jokabidea justifikatzeko. Euskal Herriak indarra galdu du agian. Indar hori oker erabiltzeak, inora ez daraman bidetik eramateak, nekatu egiten du, eta arrakastarik ez izateak desilusioa, etsipena eta gaur ezagutzen ditugun egoera tristeak sortzen ditu.

Adibide bat esateagatik, 1977an, herriak orain baino indar handiagoa zuen, eta aukera izugarria galdu zen gaur egun aske izateko. Europako beste estatu bat izateko aukera galdu genuen, orduan zeuden eta gaur jarraitzen duten politikariek ez zutelako jakin erabiltzen herriaren indar hori askatasunaren alde.

Beraz, gaur indar gutxiago dauka, baina, aurretik esan bezala, analisi politiko egokia eginaz, arrazoi sendoak badira oraindik herrian indar nahikoa badagoela pentsatzeko;  herria oraindik bizirik dago. Horren guztiaren kontzientzia izateak, indarra guk dugula barneratzeak eta indar hori bide estrategikoan jarri behar dela jakiteak politikari egokiak detektatzen betitik izan ditugun hutsuneak gainditzeko norabidean jarriko gaitu.

Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 388 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .