“Realism has been the dominant theory of world politics since the beginning of academic International Relations” (Errealismoa nazioarteko politikari buruzko teoria nagusia izan da Nazioarteko Harremanen ikasketak hasi zirenetik).
Dunne, Tim; Schmidt, Brian C. “Realism” in Baylis J., Steve S. and P. Owens (eds.), The Globalization of World Politics, Oxford University Press (2011), 84-99.
Aurreko kapituluan esan bezala, gure arazoa parametro egokietan kokatzea izango da lehen pausoa. Geurea nazioarteko afera dela eta hor kokatu behar dugula esan dugu. Komenigarria da, munduan bizi nahi badugu, gure analisi politikoak munduan egiten diren analisietan txertatuta eta, noski, eguneratuta egotea.
Errealismo politikoa da mundua ikuspegi politikotik aztertzeko teoria politiko nagusia. Errealismo politikoak nazioarteko sistema anarkikoa dela onartzen du. Izan ere, eta lehenago ere esan dugun moduan, munduko historiari erreparatuz, ohartuko gara elkarri hortzak erakutsiz bizi direla estatu guztiak, bai orain eta baita lehen ere.
Errealismo politikoaren korronteak, analisi politikoak egiteko, hiru s-ak deritzenak hartzen ditu oinarri eta printzipio gisa. Hiru s horiek ingelesezko hiru hitzen lehen hizkiak dira: bizirik irautea (survival), norberaren baliabideak eta indarraren garrantzia (self-help) eta Estatua (state).
Lehen s-ari dagokionez, printzipioa honako hau da: estatu guztiek duten lehen helburua irautea da. Ingelesez survival deitzen diote. Beraz, herrien edo nazioen ekintzak ulertzeko eta azaltzeko beharrezkoa den lehenengo s-a dugu hori: bizirik irautea. Kolektibo politiko guztiek edo subjektu politiko guztiek iraun nahi dute; bulkada edo irrika horrek mugiarazten ditu. Euretako bakoitzak bere iraupena arriskuan ikusten duelako handitu nahi du bere boterea. Horregatik ari dira etenik ez duen lehia edo borroka bizian elkarren kontra.
Estatuak bere indarrak bakarrik izan behar ditu kontuan. Horrela heltzen gara estatuen jokaera arrazoitzen duen bigarren printzipiora, bigarren s-ra, “self-help” deitzen duten horretara. Subjektu politikoa ezin daiteke inoiz fidatu beste batekin; beste estatuekin inolako konfiantzarik eduki gabe defendatu behar du bere burua. Eta komeni zaionean beste batekin aliatuko da; baina, aliantzak egiteko, indarra daukala erakutsi behar du, besteengan sortzen duen interesari edo eragiten duen beldurrari esker lortuko ditu-eta lagunak. Aliantzak, baina, egoeraren araberakoak dira: gaurko lagunak bihar etsaiak izan daitezke. Ezinbestekoa da, beraz, bakoitzak bere indar propioekin bere buruari eskain diezaiokeen laguntza kontuan izatea; ez, ordea, besteena. Ondoren etorriko dira aliantzak.
Azkenik, hirugarren s-a daukagu, ingelesezko “state” edo “statism” hitzei dagokiena. Egun, harreman politikoetan parte hartzeko, munduko joko-taulan pieza bat izateko, estatua izan behar da. Gaurko subjektu politikoak estatuak dira. Estatu modernoa sortu zenez geroztik, hori gero eta nabarmenagoa da, eta herri guztiak, iraun nahi dutenean, estatu bat eraikitzen, berreskuratzen edo sendotzen saiatzen dira. Estaturik gabe gaurko munduan ez dago bizitzerik, ez zara subjektu politiko. Estatuak dira harreman politikoetan oinarrizko elementuak, eta estatuen gainetik ez dago euren arteko harremanak arautuko dituen agintaritzarik, ez dago munduko gobernurik. Estatu bakoitzak bere posizio politikoa maximizatu nahi du ahalik eta botere gehien metatuz.
Printzipio horri jarraituz, estatuek, hainbat baldintza beteko dituzte: a) a permanent population (populazio iraunkorra); b) a defined territory (lurralde jakin bat); c) government (gobernua); and d) capacity to enter into relations with the other states (eta beste estatu batzuekin harremanetan jartzeko gaitasuna).
Gure herriaren ibilbide politikoan, ditugun helburu politikoak lortzeko, ezinbestekoa dugu ahalik eta analisi politiko zehatzenak egitea. Gaia testuinguru egokian kokatuz eta politika aztertzeko metodologia fin eta eguneratua erabiliz, aukera gehiago izango ditugu amesten ditugun helburu politikoak lortzeko.