“Salto txiki bat egitea errazagoa da, jakina, salto handi bat egitea baino, baina zulo handi bat gainditu nahi duen inor ez litzateke hasiko erdiraino salto eginez”.
Karl von Clausewitz
Indar erlazioa gure alde jartzeko helburu estrategikoa (Estatua) ondo zehaztu ostean, berau lortzeko erabili behar diren taktikak datoz. Dagoeneko definitu dugu, nolabait, taktika hitza: helburu nagusia eta ezinbestekoa lortzeko eman behar diren pausoak.
Taktikak alda daitezke, huts egin dezakete, okerrak izan daitezke, baina helburuari tinko eusten bazaio, huts egin duten taktikak aldatu eta beste batzuk pentsatu eta erabili behar dira.
Horrek ez du esan nahi taktika edozein jokabide politiko “probatzea” denik, gaizki ateraz gero atzera egin daitekeelako. Taktika bat ez da “proba” bat, baizik eta estrategia politikoaren barruan txertaturik egiten den urrats bat da. Gure helburu estrategikoa estatu propioa berreskuratzea bada (horrek bakarrik apurtuko dituelako egungo indar harremanen zimenduak), norabide horretan egiten diren urratsak izango dira taktikoak. Gure helburu estrategikoa elikatzen duten pausoak izango dira taktikoak; gure erakunde politiko propioak indartu behar dituzte pauso horiek.
Politikan, beraz, beste edozein zientziatan bezala, arau batzuei jarraitzen zaie. Badira printzipio politiko orokor batzuk, zeinak, munduaren historian oinarrituz, esperientzian oinarrituz, zientzia politikoentzat existitzen diren: politikak indarrean duela oinarria; gaurko subjektu politikoak estatuak direla, alegia, modu konplexuetan erakundetua dagoela gaurko herri bakoitzaren indarra; herrien sailkapena ez dela zintzo eta txarren artekoa, indartsu eta ahulen artekoa baizik…
Printzipio horiek egonkorrak dira politikan, eta, beraz, estrategia bat martxan jartzeko orduan horiek izango dira oinarri. Oinarrian printzipio horiek hartzen ez dituena nekez izango da estrategia.
Eta printzipio horien araberako estrategia nazionalak, aurreko kapituluan esan bezala, indar harreman horiek aldatzeko gaitasuna izan behar du. Gainera, baliabide eta helburuen artean oreka bat beharrezkoa da, estrategia izateko. Hori betetzen ez bada, ez da estrategia izango.
Eta, azkenik, taktikek helburu estrategikoan txertatuta egon behar dute. Elikatu egin behar dute estrategia nazionala.
Beraz, printzipio politikoetan oinarritzen ez bagara, estrategia nazionalik ez dago, eta estrategiarik ez dagoenean, taktikarik ere ez dago.