“Desobeditzeko gaitasunak ekarri bazuen gizakien historiaren hasiera, gerta litekeena da obedientziak ekartzea haren bukaera”.
Erich Fromm
Erakundeak organismo erregulatzaileak dira. Organismo horiek giza ekintza eta jokabideak bideratzen dituzte, instintuek animali jokabidea bideratzen duten modura. Erakundeek, beraz, jokatzeko moduak ezartzen dituzte, arlo guztietan.
Gizarte bakoitzak bere balioen eta mundu ikuskeraren arabera egokien ikusten dituen jokamoldeak bideratzen ditu erakundeen bidez, pertsonak bide horietan sarraraziz. Trenek errailetan barrena bidea egiten duten moduan, gizakiak bere gizartean eraiki diren erakundeek jartzen dituzten errailetan egiten du bidea.
Hori gauzatzeko, bide horiek ezartzen duten jokamoldea bakarra dela sinestarazten zaio norbanakoari. Ekiteko modu horiek saihestezinak eta normalak direla ulertarazten zaio pertsonari.
Gizartea, beraz, gizarte sistema, erakundez osatua egongo da, eta erakunde horien ardura pertsonen ekintzak moldatzea da. Gizarte sistema bakoitzak markatutako mugen barruan arituko da pertsona, errail horietan aurrera eta atzera, baina muga horietatik ateraz gero, gizarte sistemak kontrolerako eta pertsona behartzeko tresna asko eta asko ditu. Bazterketatik hasi, isun ekonomikoetatik pasa eta pertsonen bizitza mehatxatzeraino iristen dira mekanismo horiek. Gizarte egitura, beraz, errailez betetako sare baten moduan irudika dezakegu.
Botereari buruzko kapituluan erabilitako sailkapenari jarraituz, erakunde sozialen barruan ideologiko, ekonomiko eta politikoak izango ditugu. Azken horiek, erakunde politikoek, indarrean dute oinarria, eta horiek bermatuko dute gizarte egitura interesatzen den moduan mantentzea. Nortasuna gizarteko errail sare horren arabera eraikiko dugu, eta mantenduko dugu. Nortasuna jokabidetik datorkigu, eta jokabidea testuinguru sozial zehatzaren araberakoa da.
Hori dela eta, herri bat azpiratu nahi duen herriak behar-beharrezkoa du jatorrizko erakundeak bere erakundeen bidez ordezkatzea. Gure herriaren erakunde politikoak ordezkatuak daudenez, hemengo erakundeak eta administrazio sistema ez dira demokraziaren erakusgarri; aitzitik, Euskal Herriaren zapalkuntzaren aztarna isilpekoa dira.
Mingarria izanagatik, beharrezko da errealitateari aurrez aurre begiratzea eta begiek esaten digutena ulertzea. Egungo erakundeak kontuan hartu behar dira, bai, gure herriaren alde zerbait egiteko erraztasunak ematen dizkiguten neurrian, baina ezin ditzakegu geureak balira bezala onar, erabakimena mugatua dutelako eta azken hitza Madrilek edo Parisek duelako. Erakunde horien barruan, sorgin gurpilean sartuak gauzkate, zintzurra estutzen digun kateari tiraka.