“Askatasunak, hitz ederra bera, askotan erabiliagatik, ez du galdu, ez galduko ere, bere esanahia, askatasunik gabe bizitzen denean bakarrik antsiatzen eta balioan jartzen dena”.
Gure Berriak
Bakea, ziurrenik, mundu honetan jende ugarik amesten duen zerbait da. Denok irudika dezakegu mundu zoragarri bat, borrokek lekurik ez duten mundu bat, guztiok elkar ulertuko dugun mundu bat, bakean egongo garen mundu bat. Tamalez, gure historiaren bilakaeran, pertsonok ez dugu erakutsi bakean eta elkar errespetatuz eta elkar ulertuz bizitzeko gaitasunik. Alderantzizkoa izan da giza jarduera denboran zehar, eta oraingoz ez da inolako aldaketarik sumatzen munduaren norabidean.
Esanguratsua da Lennonen abesti ezagunak dioena: “Imagine there is no countries / it isn´t hard to do / nothing to kill or die for / and no religion too / Imagine all the people / living life in peace…” (Imajinatu ez dagoela herrialderik / ez da zaila / deus ez beraren izenean bizia kentzeko edo beraren alde bizia emateko / erlijiorik ere ez / Imajinatu mundu guztia bakean bizitzen…).
Hitz horiek garbi azaltzen dute errealitatea. Herriak daude mundu honetan, eta, ondorioz, herriak existitzen diren bitartean, ez dago bake orokor batez hitz egiterik, batzuetan sinetsarazi nahi digutenaz bestera; aitzitik, bake ugari dago mundu honetan, bakea ez baita berdina munduko leku guztietan: herri bakoitzak bere bakea du.
Herri bakoitzak bere mundu ikuskera propioa du, bere hizkuntza, kultura, antolatzeko era propioak ditu, eta berak nahi duen bezala bizi ahal izatea, hori izango da herri horrentzat bakea. Horretarako, babes neurri bortitzak hartu ohi dira; mundu honetan, hainbeste herri egonik, bakoitzak bere interesak defendatzen baititu, eta askotan beste herri askoren aurkako interesak izaten direlako. Horregatik, herriek estatuak eraikitzen dituzte, defentsa gisa, beren bizi-ikuspegia atxiki nahi dutelako.
Gure herriko bakea, beraz, Euskal Herrian gure hizkuntzan, gure kulturan, gure ekonomia propioa kudeatuz… bizi ahal izatea da.
Independentzia lortzen dugunean gertatuko da hori, eta, horretarako, gure estatua berraktibatu behar dugu.
Orduan bai, orduan bakeaz mintzatuko gara, bakeaz, normalizazioaz eta elkarbizitzaz, norbere borondatez gurekin bizi nahi duenarekin bederen.