Crabaskoa da Roberto Carrus, Sardinia eki-erdialdekoa, eta herrian bertan duen Tharros izeneko gune arkeologiko ezagunean burutzen ditu gida-lanak. Musikari eta dantzaria da. Bere egunerokoan, bere herrian berean, bere hizkuntzan ezin da normaltasunez bizi eta “oso akigarria” den ariketa egin beharrean da: etengabean sardinieraz pentsatu guzia italierara itzuli behar izaten baitu. Italiaren kolonizazioak bide egin du bere baitan, bere hizkuntza “hiltzera kondenatua” dela baitakusa. Ororen buru, Italiak sardiniera mapatik ezabatu nahi du, ez baita ofiziala, ez baita eskoletan irakasten, eta gainera ez baita estandarizatua. Hizkuntzaren hamaika dialekto eta azpidialektoen aberastasuna Babelgo dorre bertzelakatzen du: zigorra.
Arazoari erantzuteko, norberaren parte hartzearen esku uzten du hizkuntzaren patua, norberaren nahikeriaren gain; berak, berea “betetzen du” sardiniar dantzak erakasten baitizkie haurrei, alta, italieraz, eta musika tradizionala jotzen ere baitu. Are gehiago, Sardinian nork duen boterea ez zaio garrantzitsu, kultura sardiniarra salbatzen den ber. Alabari sardinieraz egiten dio. Funtsean, zapalkuntza politikoa ukatu, eta dena kulturaren gain ezartzen du.
Baina, posible ote da herri menderatu baten kulturak biziraun dezan babes politikorik gabe?
Sardinian dialekto franko duzue…
Gehien mintzo dena campidanese da.
Non da mintzo?
Erdialde hegoaldean, eta bada zentro iparraldean ere parte bat, ekialdean. Hemen, erdialdean, berbecinoa ere mintzo da, herriz-herri desberdintasunak baldin badira ere, ulertu egiten da, hitz bat edo bertze gora-behera. Ipar-erdialdean logudoresez. Eta iparraldean galuresez. Algheron katalanez ari dira, baina ez gaur egungoa, baizik eta duela 400 urtekoa.
Eta Hegoaldean den San Pietro irlan?
Horra erbesteratu omen ziren Genovatik, horregatik genoveraz ari dira.
Iparraldean den La Madalena irlan?
Hori oso irla populatu berria da eta ez dira sardinieraz mintzo, baizik eta italiarrez. Arrantzaleak ziren horra heldu kontinentetik.
Zu sardinieraz mintzo zara, baina etxean ez dizute irakatsi.
Ez, italiarrez egin didate.
Nola ikasi zenuen beraz sardinieraz?
Eskola finitzearekin lanean aritu behar ginen eta hor sardinieraz bakarrik mintzo zen, horregatik ikasi nuen. Eta plazerez.
Zure hizkuntza dea?
Bai! Munduko edozein hizkuntza bezalakoa da. Alta, ahalke gisa hartua izan da sardinieraz mintzatzea, laborarien hizkuntza bezala.
Italiar gobernamenduaren politika linguistikoa…
Eskoletako liburu guziak italieraz dira oro. Haurrei kontatuko diete Italiako historia. Beti espero izan dut nire alabak sardinieraz jakitea eta Sardinian atzeman dezan lana. Jakin dezan sardinieraz, zeren eta irakatsi egin behar balitz, behar bailitzateke sardinieraz dakien jendea!
Erraten zenuen sardiniera barnatu duzula eta zure hizkuntza dela,
Ene hizkuntza da, ene kultura, ene aita, aitatxi-amatxirena.
Zuk ikusten duzu italiar politikari ez zaiola interesa sardinieraz mintzatzea?
Pentsatzen dut interesatzen zaiola italiar mintza dadin. Ez dut uste nahi duenik Sardinia autodetermina dadin, Mediterraneo erdian baita..
Diozu hizkuntza kondenatua dela hiltzerat…
Bai, hala uste dut. Aristanisen, Tátarin, Casteddun… baina Núgoron ez, erradikalagoak eta tradizioari atxikiagoak baitira eta logudoresez mintzo dira gehiago… Arazoa da batek dialekto bat mintzo duelarik bertzeak bertze bat, eta haurrek italieraz egiten dute.
Badea sardiniera baturik, hizkuntza-akademiarik?
Ez, ez da. Logudorese da hizkuntza autentikoa.
Zuretzat, zein litzateke ideala? Ametsa?
Haurrei eskolan erakastea, nahiz ez den denetan bera, berdin da, eskualde bakoitzak berea erakats dezala.
Horretarako, behar ote litzateke estatu independente bat?
Ez dakit. Ez zait inportantea egiten Italiaren menpe egotea, edo beste edozeinen menpe egon dadin, garrantzitsua da kultura bizi dadin.
Eta nola egin daiteke hori?
Norberak berea emanez. Nik nirea egiten dut. Eskoletan sardiniar dantza erakatsiz, helduentzat eta haurrentzat. Herriak diru laguntza ttipiak eskaintzen baititu urtean 60 orduz dantzak erakasteko.
Dantza erakasteko sardinieraz egiten duzu?
Ez, eskolan ez baitzaie sardinieraz egiten. Baina sardinieraz mintzo naiz zangoen bidez, eta, musika ere sardiniarra da.
Musika tresna zaharra ere jotzen dut: Strumento a canne multiple.
Bolognara joan behar izan da ikastera…
Bai… Han baita hiri unibertsitarioa baina espero dut itzuliko dela Sardiniara. Sizilia eta Sardinia desberdinak dira, zeren eta siziliarra ez baita bere herrira itzuliko, sardiniarra aldiz bai, ahalaz sardiniar batekin esposatzen da. Alaba badoa baina laster itzultzeko asmoz. Hala ere, hemengo ekonomia zaila da.
Entzun Sardinierazko hitzak