Independentziarena, kontra egitea ezinezko egiten den kontzeptu horietariko bat da. Izan ere, aski zaigu hitzaren arkitekturari berari erreparatzea, haren sakoneko esanahia topatzeko. Independentzia in-dependentzia da, askatasun funtsezkoaren sinonimoa, eritasun edo ezintasun kutsua duen dependentziari kontrajartzen zaion kontzeptu berez osasungarria, eta, zentzu horretan, ukaezina. Ezbaian jar ez daitekeena. Existentzia duinaren oinarrian ezarri beharreko baldintza.
Munduan kokatzeko herri batek dituen jarrera posibleen artean mendekotasunaren aukera baino ez da independentziaren horrekin lehiatzen dena, eta erabat absurdoa eta interesatua da, hortaz, independentziak herri bati ekar diezaiokeen onura eta kaltearen inguruko eztabaida. Independentziak beti dakar onura, mendekotasunak kaltea. Independentzia da herri bati subjektu politiko bezala aritzeko modua ematen dion bakarra. Mendekotasunak, aldiz, objektu politiko bezala aritu behar izatera kondenatzen du. Herri menderatuen kontura etekina ateratzen duten estatu menderatzaileei baino ez zaie komeni hain agerikoa den egia horren inguruan zalantza barreiatzea. Eztabaida honetan herri menderatuko kideek ezartzen duten interesa, ordea, menderakuntzaren pozoitze ideologiko etengabeak areagotutako ahulezia ideologikoaren isla baino ez da.
Munduko herri guztiek nahi dute bere lurraldean aske bizi. Askatasuna mantentzea eta gordetzea da independentzia jada lortua duten herri guztien lehen helburua. Independentzia berreskuratzea, berriz, herri indartsuagoen mende askatasuna galdutako beste horiena –mendekotasun egoera horren kontzientzia garbia baldin badute bederen–.
Estatua eraikitzea ere munduko herri guztien helburu da, hori baita nazioartean norbait izateko modu bakarra, historiaren ataka bakoitzari eta gainerako estatuen indarraren mehatxuari aurre egiteko babes gutxieneko eta ezinbestekoa: Estatua sortzea; behin sortutakoan, haren osotasuna preserbatzea; eta okupaziopean, berriz, askatzea eta estatua berrezartzea. Horretarako gaitasunik ez duen herria ez da existitu ere egiten nazioarteko komunitatearentzat.
Menderatuta bizi den herriak bere suntsiketa eta likidazioa ekiditeko moduko erresistentzia jarri behar du martxan, nazioa askatzeko politika koherentea abiatzearekin batera. Horretarako, estatu-estrukturak eraiki behar ditu, edo zaharrak berrezarri. Edozein herriri dagokion errealitate nazionalarekin batera, estatu-errealitate bat ere erakutsi beharra du, azalera ekarri bere estatu izaera.
Estatu independente bilakatzeko herri okupatu batek libratu beharreko gudan, oso garrantzitsua da ahalik eta kokapen estrategiko egokiena eskaini ahal izatea nork bere buruari. Gatazkari buruz egiten den planteamenduaren egokitasuna funtsezkoa da, borroka ideologikoan hartzen den kokalekua ahalik eta abangoardiakoen izan dadin. Eraiki, mantendu edo berrezarri beharreko estatu propioaren afera horretan herri batek jada erdietsiak dituen posizioetatik behin ere ez atzera egitea. Guretzat ezinbestekoa da ez ahanztea Euskal Herriak eskainia diola jadanik bere buruari estatuaren egitura –IX. mendean Iruñeko Koroaren inguruan eraikitako Nafarroako estatuarena, hain zuzen ere; gure herriak bere buruari libreki emaniko eta aitorturiko bakarra–. Estatu hori bi estatu menderatzaileren okupazio militarraren pean bahituta dago azken mendeotan, baina horrek ez du haren existentzia ukatzen, horrek ez dio zilegitasunik edo indarrekotasunik kentzen. Lurraldearen gaineko kontrol efektiborik ez izateak ez baitakar estatu horren desegitea eta desagertzea, okupazio militarrak ez baitu estatalitatea deuseztatzen. Gure lurraldearen gaineko administrazio-lanetan eraginkortasun osorik ez ukaiteak ez du esan nahi estatu horrek ez dirauenik, lozorroan badago ere; martxan noiz berriz jarraraziko esperoan dago. Estatuaren jabetzaren titularra den herriak bertan behera uzten ez duen bitartean, estatu-estrukturak bere horretan jarraitzen du. Betiko gure lurraldean segitzen dugu euskaldunok, gure askatasunaren aldeko borroka etengabean. Bi gertakari ukaezin horiek nahikoa zilegitasun eta indarrekotasun ematen diote Nabarrako gure estatu okupatutakoari.
Herdoilduta dagoen estatu-makineria hori aktibatzeko ekintzan oinarritu behar dugu gure lana, estatu hori ikusgarri egiteko eginkizunean. Gure gatazkaren benetako izaera egin behar dugu ikusarazi. Ez dugu estatua sortu behar, jadanik baduguna berriz martxan jarri baizik. Ez gara estaturik gabeko nazioa, bi estatu menderatzaileren –Frantzia eta Espainia– eta estatu okupatu baten –Nabarrako gure estatua– arteko nazioarteko arazo baten biktima baizik.