Mendeetan tratu txarrak jaso dituen herri bat gara. Hori ez da gure herriaren ezaugarri hutsal bat, oso sakona den zerbait baizik. Gure bizkarraren gainean daramagu denbora luzeko sufrimendua, mina… Pisu astuna daramagu geurekin. Testuingurua ez da aldatu, eta belaunaldiz belaunaldi jaio diren adaxka gazteak eta bide amaieran dauden zaharrak ere, denok barneratu dugu urruneko garaietatik datorren eta guk geuk nozitutako sufrimendu hori.
Gutako bakoitzak gorpuzten du mina, ezina, erresistitu nahia, bizi nahi eta ezina… gutako bakoitza baita herria, eta herria gutako bakoitza baita. Gu gara herria, eta herria gu da, ezin baita bereizi norbanakoa bere herritik. Gutako bakoitzaren (herriaren) jokabideetan, erraietaraino barneratutako azpiratu konplexua aurki dezakegu.
Ez gara salbuespena. Azpiratutako herri edo talde bakoitzak bere ezaugarri bereziak izan arren, hainbat faktore komun ditugu. Horrelakoetan gertatu ohi den bezala, azpiratze prozesuan iragandako hainbat faseren ondoren, une gogor batera iritsi gara gu ere. Zauritua dago gure begirada, azpitik begiratzen diogu munduari, barneratu dugu gutxiagotasun konplexua. Kanpotik jarri dizkigute kate sendoak, baina barruraino sartu digute haien pozoia, eta haien bidez ikusten dugu mundua. Kateek ez dute hain agerikoak izan behar, pozoiak egiten baitu lana eguneroko gure jokabide guztietan.
Azpiratutako taldeko norbanakoetan pozoi hori txertatzea funtsezkoa izaten da sistema zapaltzailea mantentzeko. Horrela lortzen baita, txotxongiloen antzera, gu geu menderatzailearen mesedetan aritzea, ohartu ere egin gabe geure aurka ari garela askotan.
Bizitzari begiratzeko betaurreko hilgarriak jarrita dauzkagu; begiradak berak hilko gaitu, baldin eta ez baditugu betaurrekoak aldatzen. Betaurreko horiek kentzean, ohartuko gara, begirada aldatu ez ezik, ahotsa altxatu ere egin dugula, hizkuntza eta hizkera berreskuratu ditugula, mugitu ere errazago mugitzen garela…
Betaurrekoak aldatuta, zama arinduta, askatasunerako bidea argiago ikusiko dugu. Ulertuko dugu bide hori egiteko behar ditugun indarra eta sormena begirada aldatzean bakarrik lortuko ditugula.