Donostia 2016koek behin eta berriz errepikatu digute: “elkarbizitzaren kultura eraikitzen ikasi behar dugula; azken hamarkadetako biolentzia desagertu ondoren, elkartasun zubiak eraiki behar direla haserre egon direnen artean”.
Inaugurazioko ekitaldiak aurreikusitako itxaropenak bete dituen ala ez, hori entzuten da guztien ahotan, baina inor gutxik aztertu du ekitaldia bere esanahi politikoaren ikuspegitik.
Euskal Herria zapaldua dago, ez da bere buruaren jabe. Biolentzia hori ez da desagertzen; ez, behintzat, herria askatu edo hil arte.
Zer da bizikidetza? Definizio bat baino gehiago aurki daiteke. Euskaltermek honela dio: “Sozialki harmonian bizitzea, batez ere, pertsonen eta taldeen arteko tolerantzia eta elkartrukeak errazten eta bultzatzen direlako”.
Wikipediak ere antzeko zehaztasunak aipatzen ditu: elkarrekin bizi direnen arteko kideko izaera, alde batetik, eta gauzak denen artean banatzea, bestetik.
Bizitzan ez da erraza izaten bi gizabanakoren arteko bizikidetza lotzea. Are zailagoa da aurretik konfrontazio bat izan eta oraindik badutenen artean. Herriak ez dira salbuespen, gizabanakoz osaturik baitaude.
2016ko kultur hiriburutzaren kontu honetan, gure herriak Espainia eta Frantziarekin duen gatazka nazionala ezkutatu digute, ahantzarazi nahi digute. Zubiaren bi aldeetan daudenen arteko aniztasuna lotu nahi izan dute. Elkarrizketan, kulturan eta tolerantzian oinarritu dira horretarako. Baina, zubiaren alde batean, zapaldutako herri bat dago; bestaldean, zapaltzailea. Bizikidetzarako ezinbestekoa den baldintza edo osagai bat ahaztu zaie: askatasuna.
Zapaldutako herriei ez dagokie zubia gurutzatzea eta bestaldeko zapaltzaileekin anaitasunean bizikidetza hutsal bat eraikitzea. Herri bat izateak, duintasunak eta hainbeste aipatzen diren giza eskubideek beste eginkizun batzuk marrazten dizkiote: irautea, erresistitzea eta askatasuna berreskuratzeko beharrezkoa den antolakuntza bilatu eta eraikitzea.
Bi herriren eta bi kulturaren arteko harreman guztiak askatasunetik abiatuta eraikitzen dira, parekotasunetik abiatuta. Orduan izango baitute kideko izaera eta orduan partekatu ahal izango baitituzte gauzak. Bi aldeen askatasunik gabeko bizikidetzak ez du arrazionaltasunik. Are gutxiago bata bestearen menpean dagoenean.
Baldintza horietan elkarbizitza ez da biren arteko borondatezko bizikidetza, batak besteari inposatutakoa baizik. Zapaldua dagoena zapaltzailearen herrian integratu eta urtzen da; desagertu egiten da. Akabo bizikidetza; zubiaren alde bateko herriak, kulturak, bestea irentsi du; zubiaren beste aldea hutsik dago.
Aspaldiko kontua izan arren, oraindik ez da bukatu okupazio egoera. Zubia gurutzatzeko moduak adierazten du historia honen bukaera. Herri bat izate hutsak ematen duen duintasuna albo batean utzita gurutzatzen bada, Espainia edo Frantzia izango gara. Euskal Herriak bizirik segitzeko, aldiz, ezin da zubia gurutzatu askatasuna lortu aurretik.
June Bilbao