Politika, biolentziaren erabileraren bidez, pertsonek, herriek eta estatuek boterearen ardatz hierarkikoarekiko duten posizio asimetrikoa zehazten duten erlazioak mantentzea edo aldatzea xedetzat duen jarduera da. Beharrezko jarduera bat izateaz gain, helburu hori lortzeko bidean, jarduerarik lehentasunezkoena da.
Arrazoi bategatik edo besteagatik herri batek gatazka politiko batean murgilduta aurkitzen duenean bere burua, praktikan ezinezkoa zaio gatazka horretatik at mantentzea. Aukeratzen dugun jokamoldeak beti egingo du, ia ezinbestean, lehiakide baten alde, eta ondorioz bestearen aurka. Egiten duguna egiten dugularik ere, laguntzat edo areriotzat hartuko gaituzte, ez bagaituzte, aldi berean, bien biktima propiziatoriotzat hartzen.
Edozein arrazoi tarteko, aipatutako jokabide zehatz eta berezi hori erabiltzeari uzten dion herria aurretiaz ari zaio bere askatasunari uko egiten, edo gauza bera dena, bere biziraupenari. Ondorioz, beste batzuren kontrolpean, mendeko izatera darama bere burua eta azkenik haien hatzaparretan garbitua izatera. Gauzak diren bezalakoak dira, eta ez batzuei, itxurakeria handiago edo txikiagoz, gustatuko litzaigukeen bezala; ostrukarena egiten duenak bere askatasuna etsaiaren esku jarri besterik ez du lortzen.