Euskara eta boterea

Ainhoa Larrañaga

Max Weberren arabera boterea da, norbaiti zerbait inposatzeko probabilitatea, baita bere borondatearen aurka bada ere. Botereak askatu egin dezake baina baita zapaldu ere. Hizkuntza baten erabilera boterearekin zuzenki eta estuki lotua dago. Botereak egiten du hizkuntza bat hegemonikoa edo minorizatua. Beraz, ezinbestean lotu behar dugu euskararen egoera botere (eza)rekin.

Hona hemen Pako Aristik bere azken liburuan dioena, beste hamaika egiarekin batera “Euskararen egoera ez da hobetuko Euskal Herriak independentzia lortu arte. Bere erabilerak ez du gora egingo. Ez da sortuko bere aldeko uholde ilusionagarririk. Aurrekontuak ez dira ugarituko, besteak beste hizkuntza gutxitu batek, automatikoki, helburu estrategikoa izateari uzten diolako”. Herri baten identitatea eraiki edo deseraikitzeko botereak daukan armarik ahaltsuena hizkuntza da.

Mezu nahasgarri gehiegi jasotzen ditugu egunero euskararen balizko normalizazioaren inguruan; mezuok, inor ez iraintzeko eta ahalik eta jende gehien euskararen unibertsora erakartzeko helburuz egiten omen dira. Menpekotasun egoera areagotzeko baino balio izan duten mezu horiek, gehienon ipar galtzea eragin dute, nire irudikoz. Aristik liburuan oso ongi definitzen dituen bi termino –“amnesia” eta “naturaltasuna”– baliagarri zaizkigu egungo egoera nahasia ulertzeko. Ahaztu egin zaigu, euskararen desagertze bidea, urte luzeetako dominazio eta jazarpenaren ondorio izan dela. Deshistorizazio honek memoria historikoaren galera eragin du, egungo egoerara faktore naturalen eraginez iritsi garela sinetsaraziz.

Seduzitu egin behar omen dugu jendea euskarara etor dadin, erakargarri bihurtu behar dugu euskara eta euskara ikasten ez dutenei sinestarazi behar diegu altxor bat galtzen dutela. Hizkuntzen elkarbizitzaz hitz egiten ere, sarri entzuten ditugu hamaika “euskal” eragile eta politikari. Nola izan liteke hizkuntzen elkarbizitza orekatua, bata hegemonikoa denean eta bestearen suntsiketa besterik ez duenean nahi? Bi estatu inperialistek burututako kolonizazio prozesu luzearen emaitza da hau guzti hau. Hori ulertzea ezinbestekoa da, ustezko garai politiko berriotan, bolo-bolo dabilen bestearekiko abegikortasunaren tramaz eta dramaz jabetu eta aurre egin ahal izateko.

http://m.argia.eus/artikulua.php?id=2445_euskara-eta-boterea

Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 388 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .