Kebenko iria uskalduna da

Erronkari Ibaxa leku berezia da; Euskal Herriko hainbat txokoren antzera, xarma berezia du. Bertako euskararen inguruan aritu ziren duela gutxi Tribuaren berbak ETBko saioan. Hain ezaguna den Fidela Bernat aipatu zuten: erronkarieraz mintzatzen zen azken hiztuna. 1991n hil zen emakumea, eta berarekin batera, erronkariera. Hala ere, bailara horretan, azken hamarkadetan euskara berreskuratzen saiatzen ari dira.

1991n pertsona bakarrak zuen mintzaira izan arren, naturaltasun osoz pentsatzen dugu euskara dela Erronkari ibaxeko hizkuntza. Horren erakusgarri, Kebenko euskara elkartea: izenak berak esaten duenez (kebenko hitza hemengo da batuaz), euskara bertakoa da. Gauza bera esango genuke Euskal Herri osorako; izan ere, gure herrian, tamalez, beste hainbat lekutan ere desagertu izan da hizkuntza, eta berreskuratze saioak ere nonahi egon dira / daude. Horrek guztiak, giza esperientzia orok bezala, irakaspen bat ematen digu:

Hainbat gaitan, gehiengo eta gutxiengoen jokoak ez du zentzurik. Hizkuntzaren/herriaren erresistentzian diharduenak du legitimitate morala, azken hiztuna izan arren. Bestalde, hizkuntza eta haren aurkako erasoez babesteko harresia —hau da, gure estatu propioa— hertsiki lotuta daudenez, galdeketek ez dute balio ez bata eta ez bestea berreskuratzeko. Geureak dira eta kito. Eraikitzen dugun “harresiaren” indarrak erabakiko du gure herriaren/hizkuntzaren iraupenaren edo desagerpenaren arteko auzia.

Maixa Uriarte

Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 388 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .