Hona hemen Fernando Aire Xalbadorek Mixel semeari etxera deitzeko eginiko bertso sorta hunkigarria, Mixelen alaba edo Aire ahizpek kantaturik.
Semeari
1
Mixel, ezarri bainauk dudazko trantzean,
kantatzerat noakik, pena bihotzean;
esperantzaz beteak ginenak artean,
hire azken aldiko berriak hartzean,
hotz ikara ilun bat sartu duk etxean.
2
Urtatsetako karta ginian lekuko:
etxerako hintzala heldu den neguko;
berri hau izan zian gu denen gostuko,
geroztik asmo horri egin diok uko,
ez ahal haut, gaixoa, betikotz galduko!
3
Diru eskasia duk eman estakuru,
ekarriko ote dauk sekulan sosegu?
Pausarik hartu gabe uda eta negu,
zer egiteko dituk horrenbertze diru?
Gutiagorekilan biziak gaituk gu.
4
Hemen hintzan denboran hi hintzan lehena:
diruaz gutienik axola huena,
amodioz eginik lanik gogorrena;
ama batek sor diron ume zintzoena,
harrokaren gainean bizi hindaikena.
5
Maite hituen behi, ardi ta bildotsak,
hemengo mendi eta dohain baliosak,
etxeari loturik gaduzkaten gauzak;
zer irabazten dugun, gogoan har ezak,
hauen amodioa galtzen badauk sosak.
6
Hi orroit araztea dukek alferretan
etxea daukagula hire beharretan;
aunitz egin behar duk Amerika hortan,
hunek galtzen duena indarraren faltan
ordaindu behar baduk dolar paperretan.
7
Lau haurridetarikan hi haiz hautatua,
etxeko nagusitzan hik daukak eskua;
denek utzia ditek hiretzat lekua;
kontsidera dezakan jina duk ordua
hemengo lemazaintzat hiauren burua.
8
Laster ezkontzeko zaik haurride gaztena,
bertze bien ondotik deramagutena;
amari errex jauzten zaiok hasperena,
gure etxean sendi duk uda azkena,
hi haiz uda berria ekar hezokena.
9
Ekar dezokek bainan ez utzi gerora,
diruaren dirdiran ez hadila zora;
orai haizela gazte ekar zak gogora,
landu gabe utzirik sobera denbora,
baratzerik onena ez bailaike lora.
10
Bainan ez nikek nahi, o seme maitea,
desafia dezakan kontraka haizea:
sort etxearen karga bortxarat hartzea;
hobe baituk hi baino etxea galtzea,
nahiz tristea izan gure zahartzea.
11
Tristea litaikela ez diat dudatzen,
etxe amodioa ez baita mugatzen;
ikustea kafi hau sasuz inguratzen
eta gure bazterrak bertzen eskuratzen,
gogoratzerat ere ez nauk menturatzen.
12
Entzutean etxeko agoni ezkila,
bihotzaren bakea non aurki, non bila?
Ganbarak hutsak eta sukalde ixila,
biziaren arbola betikotzat hila,
hori ikusi gabe lurperat nadila!
13
Bainan, seme, nik hitan badiat fedea,
kartsuki hartzen baituk hik eginbidea,
amodioz entzunik aitaren galdea,
behingotzat hor utziz Amerik’aldea,
bilatuko dukala etxeko bidea.
14
Semea, urrundurik sosaren peskizan,
agertzen duk zer aita erromesa nizan;
zintzoki jarraik hadi hi hire bizitzan,
ni baino aita hobe izaiteko gisan,
hire semeak ez dezan joaiterik izan.