Gaur bertan estreinatu dute Jule Fernandez Zabaletaren (1898 – 1961) gaineko pastorala Iruñean. Aukeraz baliatu gara pertsona historikoaz gehiago jakiteko, jakinez, Gora euskal (H)errientsak komikiko protagonistetako bat ere badela, alabaina, elkarren osagarri direla. Horretarako pastorala sortu duen Zaldiko Maldiko elkarteko kide den Kike Diez de Ulzurrunengana, Mikel Taberna testugilearengana, eta Ihitz Iriart errejentarengana jo dugu.
Nolakoa zen garaiko Iruñea hamarkada horietan? (Kike Diez de Ulzurruni)
Julia txikia zenean (XX. mendeko lehen hamarkada), Iruñea ttipia zen; hiria, funtsean, egungo Alde Zaharra baitzen, oraindik ere harresiz inguratua. Gizarte tradizionala zen, erlijioak alimaleko pisua zeukan, eta mugimendu berriak hasi ziren zabaltzen, bai sozialak, bai politikoak (sozialistak, abertzaleak…). Euskararen aldeko mugimenduari bultzada berria ematen hasi zitzaion. Helduendako euskal eskolak hasi baitziren, bai Diputazioan bertan, bai Zapateria karrikako Euskal Etxean (PNV-EAJ). Julia gaztetan euskaldundu zen, Diputazioak ezarritako euskal katedran. Giro erdaldunean hazi bazen ere, euskara ez zen arrotz bere adiskideen guraso batzuen artean, eta euskal idazle batzuk hurbil bizi ziren: Jose Agerre kazetaria, Manezaundi luzaidarra eta Alexander Tapia Perurena Nabarreriako olerkaria. 20ko hamarkadan euskalgintzan aritu zen, Iruñeko lehen euskal eskola edo ikastola bultzatu zuen eta, Errepublika etortzearekin batera (1931), politikan aritu zen EAJn eta mitinlari sutsua izan zen.
Julia Fernandezek beka bat lortu zuen 18 urterekin Bartzelonara ikastera joateko. Han Montessoriren ikaslea izan zen. Orain modernoa bada, zer erranik ez garai hartan, ez? (Mikel Tabernari)
Zuk erraten duzun bezala, gaur egun ere indarrean dira Maria Montessoriren ideiak haurren irakaskuntzan, bizi-bizirik diraute, eta Julia Bartzelonara joan zenean haren ikastaroan zuzenean parte hartzera, orduantxe plazaratu berriak ziren italiar jakintsu haren proposamenak, pedagogiaren historian halako iraultza eragin zutenak. Juliak Iruñera ekarri zuen Montessoriren metodologia, txosten bat idatzi baitzuen ikastaroan ikasitakoari buruz, bertan bere gogoeta pertsonala ere gehituta, nafar irakasleei ezagutarazteko pedagogo berritzaileari ikasitakoak. Iruñeko Udalak argitaratu zuen 40 orrialdeko txosten hura.
Manifestu feminista idatzi zuen 1924ean. Honetan ere, abangoardista izan zen Julia Fernandez, ez dea hala? (Ihitz Iriarteri)
Juliak manifestu horretan gai desberdin asko aipatzen ditu. Hauen artean emakumea gizonaren pare kapaz dela lan egiteko, ez dagoela egin ez dezakeen lanik, eta gainera, emakumearen lanak ongi ordaindua izan behar duela. Gehitzen du emakumeak etxean egiten duen lana, baloratu behar dela, soldata bat eman behar zaiola, eta horretarako honi buruzko ikasketa batzuk plantan eman beharko liratekeela; ez dezan emakumeak bere zintzotasun eta osasunez ordaindu behar izan, baldintza txarretan lan egitea. Uste dut Julia bere garaiari osoki lotua zela, bere ingurugiroaz oso kontziente zela, eta ez zitzaiola egoki. Uste dut argia, ausarta eta langilea izan zela, bere eta bere komunitateko jendearen bizi baldintzen hobetzeko engaiatua.
Ez zatekeen erraza izanen hainbertze arranguren artetik militantea izatea: Iruñeko bikarioak eskumikatzeko mehatxua egin zion. Konta iezadak otoi istorio hori (aita organista zenez apartamentu hori zutela… nolako borroka izan zen apartamentua ez galtzeko…). (Kike Diez de Ulzurruni)
Elizaren etxebizitza batean bizi ziren, aita Katedraleko organista zelako. Erran behar da, Julia eta, harekin batera, EABn eta EAJn ibilitako emakumeak (Katalina Alastuei Garaikoetxea, Maria Biskarret Nabatz, Miretxu Elizondo…) fededunak zirela. Jainkoarenganako sinesmenak bultzaturik ere aritu ziren eskuzabaltasun osoz bertzeen alde ekimen honetan eta hartan. Eta fededun batendako ez da eskumikatzea baino zigor makurragorik, latzagorik. Izan ere, zer da eskumikatzea? Fededuna Elizatik botatzea, Jainkoaren etxetik kanporatzea. Aita 1948an hil zenean, Elizak etxebizitzatik alde egiteko agindua eman zion alabari, eta Juliak auzitara jo zuen. Ondorioz, Pablo Gurpide Otsagabiko bikario euskaldunak Juliaren kontrako eskumikatze prozedura abiarazi zuen. Hura ikusirik, EAJko jendea mugitzen hasi (bai Iruñean zeudenak, bai erbestekoak), nazioartean kanpaina antolatu, eta jende aunitzen izenean, Tere Epaltza Arantzadik, hau da, Haltsun (Lapurdi) bizi zen iruindar gazte erbesteratuak, izkribua eman zion Clémet Mathieu Akizeko apezpiku lapurtarrari eskumikatzearen kontra egin zezan.
Maritxu nor izan zen kontatzen ahal duzu? Dakizkizunak konta ditzakezu? Orduko Iruñea batean, zer nolako pertsonaia zen? zergatik oroitu beharko genuke? (Mikel Tabernari)
Maritxu Olabe Uzin Estatu Batuetako Nevadan jaio zen 1919an; aita Iragikoa zuen eta ama gernikarra. Haurra zela etorri zen familia osoa Iruñeko Alde Zaharrera, baina ez dakigu zehazki noiz. 1940 aldera aurkitu dugu Dormitaleria karrikan bizitzen, erbestetik etorri berria zen gure Juliaren eta haren aita Valentinen etxean (ordukotz ama Concepción hila zen), etxeko lanetan aritzeko hartu baitzuten. Beraz, huraxe lantoki eta bizileku. Guraso euskaldunak izanik, Maritxuk berak ere bazekien euskaraz, eta hori izan omen zen Juliak bera hautatzeko arrazoietako bat. Familiarendako langile izatetik Juliaren lagun min izatera pasatu zen denboraren buruan, nahiz eta bien artean adin-tarte koxkorra izan. Bi emakumeak ez ziren sekula bata bertzearengandik bereiziko, Julia 1961ean hil zen arte. Juliaren bizitza kontatzeko tenorean, iruditu zaigu Maritxuk berak ere nahitaez agertu behar zuela, bien artean arrunt harreman berezia eta sakona zegoela uste dugulako.
Zergatik oroitu behar genuke? (Ihitz Iriarteri)
Julia oroitu beharra da bere borrokek gaur egungo euskal emakumeon biziari hobekuntza bat ekarri diotelako. Bere dudak oraingoez oso gertu daudelako, ez badira berdinak. Jakin dezagun nondik gatozen, jakiteko zer nahi dugun, eta Euskal Herriko emakume feministok gure erreferente propioak sustraitu ditzagun.
Zergatik merezi du pastoral bat? (Ihitz Iriarteri)
Juliak pastorala merezi du lehen lehenik, bere bizitza guzia ekintzailetzari eskaini baitzion eta gure herriaren Historia berak ere idatzi baitzuen. Ber bidetik, pastoralak bere eta garaiko beste emakume askoren lanak islatuko dituelako. Ez ditugu gure erreferenteak ahanzturan erortzen utzi behar, ez ditzagun aldi guziz berriz deskubritu behar izan, lehenak izan balira bezala. Edo heien aitzinetik besterik egon ez balitz bezala. Gisa horretan ere, anulatu egin baita heien lana eta ekarpena.