HAL 9000

IÑAKI LASA

EUSKALTZALEA

Stanley Kubricken pelikulan Discovery espazio-ontziak zeraman sistema informatikoaren izena da HAL 9000. Sistemak bere izanaren kontzientzia hartzen du, eta erabakiak bere kabuz hartzen hasten da. Ondorioa larria da oso: deskonektatu nahi dutela ohartzen denean, hainbat astronauta hil egiten du, HAL 9000rentzat sistemak berak bizirik irautea lehen mailako helburua dela garbi utziz. Ongizatea astronautentzat, ordea, sistemaren deskonexiotik pasatzen da ezinbestean. Sistema ala gu. Ederra metafora.

Espainia eta Frantziako Estatuek urteetan sistema bat eraiki dute herrien garapen librea eragozteko. Asmo homogeneizatzaileek botere ekonomikoa, mediatikoa, linguistikoa, kulturala eta politikoa erabiltzen duen sistema izan dute tresna helburu hori lortzeko. Une historiko desberdinetan forma desberdinak izan baditu ere, sistemaren ezaugarriak urteetan mantendu dira, eta bere eraginkortasuna zalantzarik gabea da. Herri batek izana galtzen du, bere-bereak dituen ezaugarri kulturalak, linguistikoak eta politikoak galtzen dituenean. Bada, hori eta ez besterik bilatzen dute aipaturiko Estatuek: asimilazioa homogeneizazioaren bitartez. Wertek ikasleak espainolizatu nahi ditu, Reinhard Heidrichek txekiarrak germanizatu nahi zituen bezalaxe, bertako kulturaren garapena eragozten duen sistema bat eraikiz alegia, hezkuntza, ekonomia, administrazioa, kultura eta abar bere gain hartuz. Hainbatek inozoki argudia dezake sistemaren parte baten kontrola gure esku dagoela; guk eta ez beste inork erabakitzen duela hainbat alorretan; hizkuntza arazoa, esate baterako, euskaldunon arteko arazoa dela, edota hauteskundeen bitartez autodeterminatzen garela. Inozo hori!!! Egiturazko giltzen erabakimena berarentzat gordetzen duen bitartean, Estatuak du sistemaren kontrola. Nola argudia daiteke guk erabakitzen dugula ezer, jai giroko txupina nork bota ere haiek erabakitzen dutenean?

Zer dela-eta erabaki behar dute Madrilen edo Parisen nola eta zer ikasten duten gure txikiek? Zer dela-eta erabaki behar dute gure herriaren etorkizunaz ezer? Nork eman die baimena sistema mediatiko itogarri baten bitartez haien kultura inposatzeko gurea bazterrean utziz? Espainiak eta Frantziak eraikitako sistemak du kontrola; haiek dute boterea; haiek erabakitzen dute, umiliazio sekularrari segida emanez. Estatuak deskonektatu behar ditugu, Discovery-ko astronautek HAL 9000 deskonektatu behar zuten bezalaxe. Baina, nola deskonektatzen da Estatu bat?

Deskonexioaren botoi gorriak estrategia du izena. Botoia ez dago inon; sortu beharra dago. Zoritxarrez, denbora faktoreak ez du gure alde egiten. Apaltzen ari da prozesuari indarra eman diezaiokeen herri gogoa; estrategia autonomistaren porrotak eta borroka zuzenaren hutsak nora ezean jarri ditu herritarrak. Frustrazioa eta etsipena nagusitzen ari da sistemaren deskonexioa defendatu duten indar politiko abertzaleak sistemaren beraren gestiogintzan murgilduta daudela ikustean. Une oro jada iraganean gelditu diren gaiak nagusitzen dira eztabaidan; jardun politikoa atzera begira dago oraindik, aurrera begirakoak ahaztuta. Zama handi bat arrastaka eramaten kondenatuta bageunde bezala ari gara. Nora ezean goazelako sentsazioa hedatua da. Bitartean, sistema denaren jabe da; gure oraina eta etorkizuna erabakitzen ditu; kulturalki, linguistikoki, ekonomikoki, politikoki baldintzatzen gaitu, dagokigun eta behar dugun askatasuna ukatuz.

Baina, bada irtenbidea. Sistematik kanpo lan egingo duen herri mugimenduaren aliantza estrategikoa da bidea. Sistemarekin inolako menpekotasunik izango ez duen herri mugimendu independentea. Ez menpekotasun ekonomikorik, ez funtzionalik ez eta politiko edo organizatiborik ere. Alderdi politikoen muga nabarmenak gaindituko dituen herri mugimendu sendo eta egituratua da irtenbidea alor organizatiboari dagokionez.

Herritarrak saretuz lan egin behar du mugimendu horrek. Sare berriak sortuz eta berez dauden sareetan integratuz lan egin beharra dago. Kontsignarik gabe, goitik beherako agindurik gabe, jendeari askatasunez eta kreatibitatez lan egitea ahalbidetuko dioten ideia markoak denon artean adostuz. Harreman publikoak dira lan jardunaren zutaberik garrantzitsuena. Jendearekin egon beharra dago; aktibatu, eta estatuentzat kontrolaezina eta gaindiezina izango den mugimendua osatu. Herritarrak dira aldaketaren motorra; herritarrak aldaketaren arrazoia. Gure izana ukatzen duten Estatuei begira lan egitea hutsegite estrategiko handia dela iruditzen zait, neurri handi batez horrek haien boterea handitzen duelako. Gure historia hurbilean, herritarren oinarrizko beharrak asetzeari begira lan egin dugunean Estatuei begiratu gabe, sistemari muzin eginez, orduan eman ditugu pausorik sendoenak, oraindik ere estrategikoak diren proiektuak sortuz. Deskonexioa ahalbidetzen duten proiektuen sorkuntzak definitu behar du jardun estrategikoa. Estatuen boterea efektibo bihurtzen duen horri desobedientzia eta herri libre batek bezala pentsatu eta jardun.

Askatasunaren bidea kolektiboki egin behar den bidea da, lehentasun osokoa. Botere ekonomikoa, kulturala, linguistikoa eta politikoa berreskuratzen dugun unean izango dira zilegi gestiogintzaren inguruko eztabaidak; bitartean, estrategia onargarri bakarra, gure energia guztia eskatu behar digun estrategia bakarra, independentziara eramango gaituena da.

Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 391 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .