Igandean, Plaza Berria berreskuratzeko proposamen publikoa aurkeztu zuten Donostian, hiri horretako plaza horri bere izena itzultzeko asmoz. Plazan bertan bildu ziren, udaletxe zaharraren arkupeetan, eta 150 lagunek sinatu zuten plazari izena aldatzeko adierazpena.
Horren harira, Hirutxoloko Hitzak “Plaza Berria ala Marisol Garmendiaren askatasunak” artikulua argitaratu zuen maiatzaren 16an, Dani Goñi Irazusta euskaltzaleak idatzia. Argigarria eta interesgarria delakoan ekarri dugu hona.
Hirutxuloko Hitza
Plaza Berria ala Marisol Garmendiaren askatasunak
2023/05/16 Dani Goñi Irazusta
Aukeratu beharko dugu, halako batean, donostiarrok eta euskal herritarrok zer nahi dugun guretzat. Plaza Berria, izenez eta izatez, 300 urte jada beteak dituena, ala Plaza de la Constitución de Cadiz de 1812 eta haren “askatasunak” gogorarazten dituen izena eta izana.
Marisol Garmendiak argi dauka eta halaxe adierazi zuen: “Ez dugu onartuko batzuek Plaza de la Constitución izena kentzea”, “Konstituzio Plaza izenarekin bi mende baino gehiago daramatzan plaza bati nortasuna kentzea”, “Konstituzio plazak 1812ko Cadizeko konstituzioa gogorarazten du, Peparen konstituzioa, Espainiara askatasun demokratikoak ekarri zituena”.
Espainiara ekarritako zein askatasun demokratikoz ari da Garmendia? Zeintzuk dira beretzat nahi dituen askatasunak? Hasteko, beretzat nahi ditu erdi-egiak eta erdi-gezurrak esateko askatasuna, eta, bide batez, egiak ezkutatzeko askatasuna.
Plaza de la Constitución izenak ez baitarama bi mende baino gehiago. 1820tik 2023ra 203 urte dira, bai, baina Garmendia andereak nahita ezkutatzen du 1936tik 1979ra, 43 urtez, Plaza del 18 de Julio izan zuela izena, frankismoak eragindako tragedia bere probetxurako erabiliz. Beraz, 203 – 43 = 160. Berrehun baino dezentez gutxiago. Eta, aldi berean, ezkutatzen du 1722tik 1936ra Plaza Berria izena izan zuela; hau da, 214 urtez Plaza Berria izan zela, frankismoak ezabatu arte, 1897ko Udal Plenoaren erabakiak erakusten duen bezala, garaiko grafiaren arabera, Plaza Berriya. Tarte horretan, 1820. urtetik aurrera, espainolezko Plaza de la Constitución izenarekin partekatu zuen izena, azken hori, Garmendiaren arabera, Plaza Berriak ez bezala, inongo postulatu ideologiko eta politikoei men egiten ez omen diona.
Ikus ditzagun orain la pepak Espainiara, ezen ez Euskal Herrira, ekarritako askatasunak:
- Garaiko espainiar inperioko gizon boteretsu eta aberatsek bakarrik bozkatzeko askatasuna; gainontzeko herritarrei, eta are gehiago emakumeei, bozka debekatzeko askatasuna.
- Inperio osoan gaztelania hizkuntza ofizial bakarra izendatzeko askatasuna, eta beste edozein hizkuntza administrazioan debekatzeko eta mundutik desagerrarazteko politikak ezartzeko askatasuna.
- Euskal foruak deuseztatzeko askatasuna.
- 1857an, Moyano legearen bidez, eskoletan gaztelania ez zen edozein hizkuntza debekatzeko askatasuna, eta, haur euskaldun elebakarrei zigor fisiko eta psikologikoak eragiteko askatasuna.
- Euskarazko antzerkia debekatzeko askatasuna.
- Kaleen izenak euskaraz errotulatzea debekatzeko askatasuna.
- …
Horiek Garmendiak eta PSE-EEko kideek gogorarazi nahi dituzten askatasunak eta konstituzioa. Hori bai, inongo asmo ideologiko eta politiko maltzurrik gabe.
Orain hauteskunde garaian gaudela, esango nuke PPko eta Voxeko kideek ere bat egiten dutela askatasun horiekin. EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos taldeetako kideek, berriz, ezezkoan nago. Baina eurek esan beharko dute.
Ziur nagoena da, donostiar gehienek beste askatasun batzuekin egiten dutela amets. Egungo espainiar konstituzioak eta epaileek ez bezala, euskaldunok gure herrian euskaraz bizitzeko askatasuna eta eskubidea aitortuko digun plaza batekin egiten dutela amets. Plaza berri batekin non herritarrok berdintasunean eta askatasunean erabaki ahal izango dugun nolako plaza nahi dugun, zein ezaugarri eta zein izenarekin. Eta hori ez da posible ez 1812ko, ez 1978ko konstituzioen plazan.
Horretarako plaza berria behar dugu: Plaza Berria!