Pako Aristiren ‘Idazki politikoak’ liburua plazara

Pako Aristik 18 urterekin deskubritu zuen idazleek politikaz ere idatz zezaketela, idazten zutela. Eta jakin zuen politikaz idazteak dauzkan arriskuen berri.

Euskal kulturan ere tabu baten gisa funtzionatu du binomio honek: politika gai delikatua dela esan zaigu, hobe dela askorik ez bustitzea, gai deserosoetatik ihes egitea.

Uste honek ere funtzionatu du: politika politikariei utzi behar zaiela, baina Aristik eta haren gisako batzuek heldu diote gaiari, eta ahots ezberdinak eta iritzi sakonagoak plazaratu dituzte. Eta salatu dute politikaz ez idaztea ere hautu politikoa dela.

Bihar, hilak 15, ‘Idazki politikoak’ liburua aurkeztuko du Aristik, Euskal Herriko hiriburuan, Karrikiri elkartean (Xabier karrika, 4), 19:30ean. Lan horretan, irakurle, hark ‘Berria’ egunkarian 2012-2020 bitartean idatzi dituen artikuluen antologia eder bat duzu, eta, liburuaren atarikoan Xabier Monasterio “dizipuluak” dioen bezala, oraingo egoera gainditzen laguntzeko ehunka ideia eta pentsamendu.

Atarikoa, esan bezala, Xabier Monasteriok idatzi du, bikain idatzi ere. Merezi du hori ere arretaz irakurtzea, artikuluak ez ezik. Aurkezle-lanak egingo ditu gaur Monasteriok, Aristirekin batera.

Liburua Herrima argitaletxeak argitaratu du. Argitaratzen duen bigarren artikulu-bilduma da hau: lehenago, aurten bertan, Joxe Manuel Odriozolaren ‘Nazio euskaldunaren atarramentua’ atera du.

Biak ala biak hemen bertan eskuratu ahal daitezke:

 Idazki politikoak erosi

 – Nazio euskaldunaren atarramendua erosi

 

Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 391 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .