Iñaki Larramendi Lertxundi

Iñaki Larramendi Lertxundi (1929-2022)

2022ko udazkenaren hastapenetan eman du azken arnasa Iñaki Larramendik (Donostia, 1929), iraileko hondarreko egunean. Haren partitzeak hutsune sakona utzi du Euskal Herrian. Ez da erraza gure herriari Iñakik egindako ekarpena azaltzen saiatzea idatzi labur baten bidez. Izan ere, bere bizitza luzean zehar Herria ardatz hartuta egindako lan eskerga ez da hitz gutxi batzuetan laburtzen.

Ezaguna da gaztarotik hartu zuela Herriaren aldeko konpromisoa eta hasiera-hasieratik ezagutu zuela askatasunaren aldeko borrokak berekin zekarren errepresioaren alde gordina. Horrek ez zion ahuldu, hala ere, hartutako bidean jarraitzeko kemena. Alderantziz, gaztetasunak zekarkion indarra hain garrantzizkoa irizten zion ezagutzarekin jantzi zuen heldutasunean zehar harik eta heriotza iritsi zaion arte, etenik gabeko lan isilean.

Berezko sena izan zuen, beti, herriek munduan nor izateko estrategikoak diren gakoei antzemateko, eta, hala, bere ibilbide luzean zehar, ekarpen garrantzitsuak egin zituen hainbat alorretan: euskal hezkuntza nazionala jomuga, ikastolen mugimenduaren hazia ereiten lagundu zuen; enpresa eta energiaren eremuan ere, herri ikuspegitik jardun zen bizitza osoan; gainera, nazioartean herrien jarraitutasun politikoak duen pisuaz jakitun, gure historian eta zientzia politikoan sakontzeko bide emankorrak bilatu eta bultzatu zituen.

Egindako ekarpenarekiko zuzenki proportzionala zuen diskrezio eta umiltasuna. Berehalako autoengainuzko emaitza eta protagonismotik beti urrun, epe luzera emaitzak ekar zitzaketen urrats sendoak egitera bideratu zuen bere ahalegin guztia. Bere umiltasun eta diskrezioarekin bat etorriz, jakin ditzakegunak baino askoz gehiago eraman ditu ziurrenik isiltasunean berekin, berezko zuen jarrera dotorea beste behin ere agerian utziz.

Eskerrik asko, Iñaki.

Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 388 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .