«Euskararen estatus soziolinguistikoa hizkuntza minorizatu erregional batena den bitartean, erabileraren mekanismoek huts egingo dute»

“Mendetako morrontza politikoaren ondorioz, jatorrizko nazio edo estatu okupatuen identitate nazionala higatu egin da, kontzientzia politikoa ahuldu, eta, azken beltzean, berriro burujabe izateko borondatea eta gaitasuna galdu”, Joxe Manuel Odriozolaren arabera. 

Hainbat gai aztertu ditu Joxe Manuelek “Nazio euskaldunaren atarramentua”
izeneko bere liburu berrian. Egiari zor, “Berria” egunkarian azken
urteetan argitaratutako artikuluen bilduma bat da liburu hori. Horrek ez
dio, ordea, inolako gaurkotasunik ukatzen. Herri zapaldu bat garen heinean,
ezinbestekoa zaigu euskaldunoi liburu hori esku artean izatea. Hona hemen
idazleari egindako zenbait galdera.

Liburua erosi nahi izanez gero, jo www.herrima.eus webgunera.

“Deskolonizazio prozesuetan eta, eskuarki, nazio politikoaren estrategia lehenesten da nazio linguistikoa ordezkatua dagoenean, honen berreskurapena haren esku utziz. Nazio linguistiko eta kulturala geroko gerotan uzteak, ordea, badakigu zer dakarren”.

Baina diseinatu al daiteke nazio linguistikoa berreskuratzeko estrategiarik nazio politikoaren estrategiaren aurretik?

Nazio politikoaren (estatua, boterea…) eta nazio kulturalaren (identitatea, hizkuntza…) arteko harremanak ez dira linealak; elkarreragina dago bien artean. Hala ere, estatu nazionalen eraikuntza klasiko gehienetan, denetan ez esateko, estatuaren botereak diseinatu eta eratu izan du nazioaren izaera. Edota, alderantziz esateko, nazio edo etnia hegemonikoaren klase sozial boteretsuek beren identitate kulturalaren araberako estatu bat diseinatu eta eratu izan dute. Estatu nazional klasikoen historian bi dimentsio horien arteko dialektikan estatuaren botereak dauka azken hitza, eta bere identitate nazional kulturalaren araberako erakunde politiko bat (estatua) sortzen du nazionalismo estatalak. Beraz, estatu nazionalen eraikuntza klasikoetan estatuaren botereak diseinatzen duen estrategiaren arabera egituratzen eta eratzen da nazioaren izaera.

Nazionalismo inperialista, kolonialista eta espantsionisten ondorioz, munduko nazio edo herri gehienak estaturik gabeko komunitate etnokulturalak dira. Gure kasuan bezala, estatua izan dutenak ere badaude sail horretan, baina estatu inperialen edo estatu nazional espantsionisten atzaparretan harrapatuta daudenez, botere politikorik gabeko komunitateak dira. Edonola ere, nazio edo estatu inbaditu eta okupatu hauen arazoa ez da horretara mugatzen: izan ere, mendetako morrontza politikoaren ondorioz, jatorrizko nazio edo estatu okupatu horien identitate nazionala higatu egin da, kontzientzia politikoa ahuldu, eta, azken beltzean, berriro burujabe izateko borondatea eta gaitasuna galdu. Egoera horretan dauden nazio menderatuen askatasunak bere ezaugarri propioak dituela uste dut, eta askatasun hori ezin dela eskema lineal klasikoak aplikatuta lortu. Esan nahi dut, batetik, nazio kulturalaren aldeko estrategiak ezin duela nazio politikoaren estrategia eta helburua inoiz alde batera utzi, bestela nazio edo komunitate etnokultural bat besterik ez da izango. Era berean, beste aldetik, nazio politikoaren (estatuaren, independentziaren…) aldeko estrategiak ere ezin du nazio kultural asimilatuaren egoera hauskorra alde batera utzi, proiektu politiko estatal ororen oinarrian identitate nazional bat dagoelako. Horrenbestez, naziogintzaren eta estatugintzaren arteko elkarreraginaren efektuak osagarriak izan behar dira ondo bidean, batak ezin duelako ezer askorik lortu bestearen babesa eta indarrik gabe. Euskal estatuak nazio euskaldun ahaldundu bat behar du, eta nazio euskaldunak euskal estatuaren aterpea. 

“Ezagutzak ez du zertan hizkuntza jakinaren erabilera besterik gabe normalizazio bidean jarri”. Zer dela eta?

Hizkuntza bat ezagutzeak besterik gabe ez dakar hizkuntza horren erabilera sozial normalizatua. Atzerriko hizkuntza asko ez dira ikasten hizkuntza horietan bizitzeko. Hizkuntzaren jabekuntza naturala (familia) edo ikasketa kulturala (eskola) hizkuntzak ikasteko moduak eta estrategiak dira. Ez dira nahitaez hizkuntza horietan bizitzeko kondizio. Munduan hizkuntza minorizatu bat duten hiztun askoren bizimodu sozioekonomikoa eta kulturala ez da jatorrizko hizkuntzan mamitzen, estatuaren hizkuntza hegemonikoan baizik. Hizkuntzen erabilera erabat loturik dago nazionalismoaren fenomenoarekin; hau da, estatu nazionalen hizkuntza ofizialak dira erabilera ziurtatuta daukaten hizkuntza bakarrak. Hizkuntza minorizatuak ere ikasten dira noski, baina gero eta gutxiago eta gero eta okerrago ikasten dira. Euskararen kasuan, eta Euskadiko komunitateri dagokionez, eskolan ikasteko bideak indarrean daude, baldintza soziolinguistiko ezin okerragoetan baldin bada ere. Baldintza horietan euskararen ezagutza orokortzea edo “unibertsalizatzea” nahikoa omen da euskararen erabilera egunen batean aktibatzeko. Iritzi hori hezurretaraino sartu digute, eta ez soilik euskalgintza instituzionaletik, baita herri euskalgintza sozialetik ere. Iritzi hori erabat okerra da, ordea, iritzi horren oinarrian gutxi-asko hipotesi hau dagoelako: euskal hiztunen dentsitatea sendotzeak, gero eta euskaldun gehiago izateak, halako batean denok euskaraz bizitzeko aukeran jarriko gaituela, alegia. Gure kultura soziolinguistikoak oraindik ez digu argitu oinarrizko kontu bat: gauza bat dela euskara dakitenen dentsitatea eta beste bat hizkuntza baten hegemonia soziolinguistikoa. Hizkuntzen erabilera botere nazional politikoaren araberakoa da gaurko munduan, hegemonia soziolinguistikoak dauka azken hitza erabileran, ez hiztunen kopuruak. Ez ditzagun nahasi behar bezala ikasi ezin den hizkuntza minorizatu baten hiztunen kopurua edo dentsitatea, eta hizkuntza baten hegemonia soziolinguistikoa. Euskararen estatus soziolinguistikoa hizkuntza minorizatu erregional batena den bitartean, erabileraren mekanismoek huts egingo dute ezinbestez.  

Nazio askatasuna eta justizia soziala. Noiz hitz egingo dugu justizia nazionalaz?

Nazioa ez al da errealitate sozial bat, funts-funtsean? Nazioa ez al da erakunde eta gizarte harreman sozialen barrutia zedarritzen duen gizarte sare bat? Nazioa ezer baldin bada, izaera soziala duen komunitate mota bat da, botere politikoak egituratzen duen errealitate sozial eta sinboliko bat. Nazio modernoaren izaera gizarte harremanen kohesioari zor zaio, hau da, komunitate batean partekatzen diren erreferentzia eta arauei; hori horrela da erregimen zaharreko estatu monarkikoak iraungi eta estatu modernoaren zilegitasun-ardatza nazioa bihurtu denetik. Naziotasunaren izaera soziala ikusi nahi ez duenak bere nazio identitatearen statu quoa naturalizatu nahi du. Ezkerreko indar politiko estatalen jokabidea, auzi honetan, barregarria litzateke, engainagarria bezain maltzurra ez balitz.

Ez dago nazio identitaterik gabeko justizia sozialik estatu plurinazionalen funtzionamenduan. Arazo sozialen testuinguru guztiak daude naziotasunaz zipriztinduak aldez edo moldez. Auzi sozial guztiak baitira aldi berean auzi nazionalak eta auzi nazional guztiak auzi sozial. Bi dimentsioek bat egiten dute eguneroko bizitzaren jardun eta harreman sozial guztietan. Ezin dira bereizi alde batetik klase arazoak eta bestetik nazio arazoak, batez ere estatu plurinazionalen egoeran. Auzi sozialen prozesuetan hizkuntza nazional baten, kultura nazional baten, identitate nazional baten… erreferentziak eta arauak daude beti tartean. Mundu soziala ez delako klase sozialen arteko harremanen mundua soilik, mundu soziala komunitate nazionalen arteko harremanen sarea ere bada estatu plurinazionaletan.  

Hortaz, mekanismo sozial guztietan dago identitate nazionalaren eragin estrukturala estatu plurinazionaletan. Hegoaldean espainolismoaren diskurtso ideologikoak sinestarazi digu justizia sozialaren politikak nazio auziez haratago daudela eta ez dutela zerikusirik batzuek besteekin. Herritarren kezkak eta nahiak justizia sozialarekin daudela lotuak, ez abertzaleon identitate kontu hutsalekin. Euskal nazionaliston obsesioak direla burujabetza nazionalaren aldeko aldarrikapenak. Eta amarru horretan erori gara abertzaleok, justizia sozialaren aldarrikapenak denok interpelatzen gaituelako. Denok? Non hasten da eta non bukatzen da “gu” horren luze-zabala? “Gu” horretan nor sartzen da zehazki? Espainiar nazioaz gaindiko herritarrik sartzen ote da ba? Irungo espainola barruan dago, baina ez Hendaiako frantsesa. Esan gabe doa, justizia sozialaren izenean espainiar naziotasunaren amua erraz irensten dugula abertzaleok. Justizia sozialaren izenean gero eta asimilatuago dago ezker abertzalearen estrategia bera ere. Ez gara konturatzen gizarte oro gizarte nazionala den mundu honetan, justizia sozialaren mekanismoek nazio dominatzailearen baitan integratzen gaituztela ezinbestez. Espainiako herritar guztiekin bat egiten dugunean justizia sozialaren izenean, nazio identitate espainiarraren sisteman integratzen gara nahita edo nahi gabe. Espainia ez baita justizia unibertsalaren erreferentzia, nazionalismo espantsionistaren zulo beltza baizik. Garai batean ez geneukan eragozpenik zulo beltz horren izaera irenslea identifikatzeko; gaur, zoritxarrez, bai. 

“Balizko estatuaren izenean nazio euskaldunaren arazoa gutxiesten duen diskurtsoa gailendu zaigu bazter guztietan. Munduko hizkuntz aniztasuna larrutzen ari den erakunde politiko nagusia estatua da”.

Gure balizko estatuak gaur egungo hizkuntza hegemonikoari men egin eta erabat minorizatua dagoen euskara hiltzen utziko ote duen beldur zara?

Abertzaleok uste dugu mundu plural eta askotarikoaren oinarrian nazioak daudela, eta nazio hizkuntzak tartean. Eta hori egia da, nahiz eta nazionalismoaren bertsio hegemonikoak munduaren uniformizazioa ekarri duen. Estatu plurinazionalen mundua aurreko mundu zaharra, estatu feudalez eta inperioz eraikitako mundu hura baino okerragoa da hizkuntza eta kultura ekologikoari dagokionez: alegia, mundu feudalean munduko hizkuntzen eta kulturen ugaritasuna askoz ere handiagoa zen, nahiz eta orduan ere inperio batzuen genozidio kulturalak gertatu. 

Nazionalismoaren efektu guztiak, beraz, ez dira hizkuntza eta kultura ekologiaren aldekoak. Nazionalismoak sortu duen estatu plurinazionalak giza historian inoiz gertatu ez den hondamendi linguistikoa eta kulturala eragin du. Eragiten ari da. Hizkuntzen heriotzak ez du etenik, eta martxa honetan bioaniztasunaren pareko galera eta hondamendia ekarriko du estatu plurinazionalen etnozidioak. Orain etnozidio horren ardura nagusia globalizazioari leporatzen diogu, baina munduko hizkuntzen gainbehera aurretik dator.  

Galderaren bigarren zatiari helduz, hau da, balizko euskal estatuaren hizkuntza politikak ekar dezakeenaz, honako hau zehaztu nahi nuke. Balizko euskal estatu horren euskalduntasuna neurtzeko, zera jakin beharko genuke aurrenik: delako euskal estatu horrek nazio euskaldunarekin lituzkeen harremanak zertan liratekeen. Gorago esan dugunez, estatuaren eta nazioaren arteko elkarreraginean batak bestea eta besteak bata baldintzatzen dute, hau da, estatuaren izaerak nazioaren izaera baldintzatzen du eta nazioaren izaerak estatuarena. Nazio euskaldunaren nortasun kulturala (hizkuntza, kultura, historia, lurraldea…) botere-erakundeen baitan txertatua ez baldin badago, euskal estatuak ezer gutxi egingo du haren alde. Beste era batean esateko, estatuaren izaera euskaldunak nazio euskaldun bat eraikitzeko moduak sor ditzake, noski, baina prozesu horretan herri euskaldunaren egoera soziolinguistikoak zerikusi handia dauka. Nazioaren izaera estatuaren izaeraren araberakoa baldin bada, hain zuzen botere hegemonikoaren mekanismoak estatuak kontrolatzen dituelako, euskalduntzen ez duen estatuak ezin du nazio euskaldunik eraiki. Estatuaren eragina positiboa izango da bere praxi linguistikoa euskaltzalea den neurrian. Baina estatuaren boterea euskalduntzea komunitate euskalduna ahalduntzetik bakarrik etor daiteke, inertzia soziolinguistiko historikoa euskararen kontrakoa eta espainieraren aldekoa delako. Identitate nazionalaren mekanismoak eta eragileak de facto euskararen aurkakoak eta espainieraren eta frantsesaren aldekoak baldin badira, ez da nahikoa independentziaren aldeko aldarri orokorra egitea.   

Laburbilduz. Munduko estatu nazional gehienak estatu plurilinguistikoak dira eta estatu horiek munduko hizkuntza minorizatu gehienen kartzela bihurtu dira. Euskal Herriari ere beste horrenbeste gerta dakioke balizko egoera independentean ere: alegia, balizko euskal estatuaren praxi soziolinguistikoa erdalduna izatea eta euskal komunitatea erdal komunitate hegemonikoaren mendeko herri zatitu eta baztertu bat izatea. Euskal estatuak alda dezake noski mendetako asimilazio arrotzaren joera historiko hori, baina, erne, horretarako naziogintza euskaldunaren aldeko euskal gizartearen mugimendu indartsu bat beharko luke balizko euskal estatuak. Botere estatalen izaera soziolinguistikoa ezin da aldatu botere horren izaera nazionala aldatu gabe. Horregatik, naziogintza euskaldunik gabeko estatugintzak ezin du Euskal Herria bere onera ekarri; hau da, euskaraz bizi daitekeen herri bat sortu.  

Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 388 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .