San Martzial ala Amaiur?

Gaztela-Espainiak Nafarroa konkistatu ondoren (1512), nafarrek erresuma berreskuratzeko hainbat saio egin zituzten. Adibidez, 1522ko ekainean —orain dela 500 urte, beraz—, Bidasoa zeharkatu eta San Martzial gaina hartu zuten. Baina, hilaren 29an, Gaztelaren aldekoek eraso egin zieten, eta, biharamunean, gailendu egin zitzaizkien nafarrei. Guduaren oroigarri, bi alarde egiten dituzte urtero Irunen, San Martzial egunean, ekainaren 30ean. Gaztelarren garaipena ospatzeko bi alarde, arbuiagarriak biak ala biak. Festa egiteko orduan, edozerk ez du balio. Izan da Ipar Irlandako orangisten martxekin parekatu dituenik ere.

Amaiurko gaztelua ere hartu zuten nafarrek garai hartan, baina han kontua bestelakoa izan zen, nahiz eta azkenean espainolak nagusitu. Gaztela-Espainiaren armadak —hamar bat mila lagunek— gaztelua setiatu zuen, eta nafarrak —ehun bat ziren— gazteluan gotortu ziren. Erresistentzia heroikoa erakutsi zuten nafarrek, eta horrek ekarri du Amaiur erresistentziaren ikur bihurtzea.

Erresistentzia horixe gogoratu eta arbasoak ohoratuko ditu Herriexistentzia mugimenduak uztailaren 9an, Amaiurren bertan. Bejondeiola (ikusi komunikatua). “Amaiur, erresistentzia ikur” ekitaldia antolatu du egun horretarako. 10:00etan elkartuko da jendea, beheko aldeko gurutzean, eta 10:30ean abiatuko da. Bidean, antzerkia, bertsoak eta beste izango dira. Horma-irudi bat ere egiten ari dira, eta egun horretan erakutsiko dute. Eguerdian, monolitoan, ekitaldia egingo dute. Gero, 13:30ean, herri bazkaria hasiko da (izena eman behar da bazkarirako, herriexistentzia@gmail.com helbidean). Eta, 17:00etan, kontzertuak hasiko dira: Lur Barnea eta Aho Zakil Konekxion musika-taldeek joko dute (ikusi egitaraua).

Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 391 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .