2021EKO MAIATZAREN AZKEN EGUNA – IÑAKI AGINAGA BERISTAINEN HERIOTZA ETA GURE DOLUA

Marian, berri triste bat eman behar dizut orain. 2021eko maiatzaren 31n, gure lagun Iñaki Aginaga zendu zen, 92 urte zituela. Ekainaren 2an ehortzi zuten, familiaren mausoleoan, Altzako hilerrian. Han, haren anai-arrebak agurtu nituen, Jone, Marian eta Jose Luis, eta hirurak ere oso txeratsuak izan ziren nirekin. Iñakiren inguruan ibilitako pertsonak ere agurtu nituen, nola ez, eta ez ziren gutxi. Nafarroatik, Bizkaitik eta beste toki batzuetatik etorriak. Lehen-lehenik, Kepa Anabitarte eta haren emazte Margari bikotea agurtu nuen.

2020an —uste dut otsailean izan zela eta Kepa Anabitartek eskatuta—, bisita egin nion erretiratuta zegoen zahar-etxean. Gorputzez ez zegoen ongi. Kontu egin 91 urte bete berria zela; otsail horretan bertan-edo bete berri zituen. Baina haren buruko osasunak distira egiten zuen, ezagutu genuen bizi guztian —hau da, 50 urtean baino gehiagoan— egin zuen bezala.

60ko hamarraldiaren erdialdean ezagutu nuen Iñaki. Haren nortasun berezia oso erakargarria zen. Atzera eginez, Gisorsetik (Normandia) Parisera eraman gintuzten pausoak ekarriko ditut gogora —herri hartako Nazioarteko Folklore Jaialdian ari ginen parte hartzen—. Bazkaria self-service batean egin zen; hori berria zen guretzat, Donostian artean ez baitzegoen halako jatetxerik. Bazkaldu ondoren, ni baino hamar urte zaharragoko taldekide beterano batek Eusko Jaurlaritzaren egoitzara eraman ninduen, Singer karrikara, «metro» korapilatsuan barrena, eta han Manuel Irujo Pnv-ko burua ikusi eta agurtu genuen.

Urtebete igaro ondoren, 1962an, faxisten orduko prentsak «Municheko elkartze makurra» izenarekin bataiatu zuena salatu zuen Iñaki Aginagak, gerora gure mentore politikoa izan zenak, gazte abertzale euskaldunen talde txiki batek lagunduta. Konplot bat izan zen Munichekoa: han bildutako indar politiko «demokratiko» espainolek, zenbait euskal ordezkari politikoren konformismoarekin, euskal herriari eta haren estatuari (Nafarroako Erresuma) determinazio librerako eskubide besterenezina ukatu zieten, hau da, lehen giza eskubidea eta gainerako beste eskubide guztietarako aldez aurreko baldintza dena; guri gehienbat eragiten zigun arloan, horixe izan zen Munichekoa.

Iñaki Aginagaren salaketa erabatekoa izan zen, eta hori inoiz ez zioten barkatu. Barkaberatasun falta horretan, ez naiz ari, noski, Espainiako egitura politikotik etor zitekeen barkamenaz, baizik eta gure etxetik bertatik etor zitekeenaz. Euskal politika zuzendu nahi duen binomioa, elkarren osagarri izanik, ez da gauza izan gaitasun estrategiko nahikorik biltzeko eta oposizio demokratiko bat diseinatzeko frankismoaren hondakinetatik sortzen ziren proposamenen aurka, ezta diktadorea hil ondoren ere, hainbeste famatutako «trantsizio demokratikotik» aurrera. Beraz, berrogei urte egin ditugu frankismoaren pean, eta beste hainbeste frankismo-ostearen pean, eta honek ez dauka aldatzeko den mendreneko itxurarik.

Iñaki, egoeraz jakitun zela, ondo baino hobeto jabetzen zen beraren buru ezin ahaltsuagoari zer-nolako arriskua zerion espainolen eta frantsesen estatu-arkitekturarentzat eta arkitektura hari eusten zioten  —eta oraindik eusten dioten— nazioarteko inteligentzia-zerbitzuentzat. Haren kezka handienetako bat babesgabetasuna izan zen, inperialisten artean biziak —gure biziak— hain balio urria izatea —inola ere ez digute utzi nahi ihes egiten—. Baina egi-egia da gure mentore politiko maiteak barregarri uzten zituela diktadorea hil ondoren eta «trantsizio demokratikoa» deritzon horretan sortutako talde sozial-inperialistak berarekin eztabaidatzeko ausarkeria izaten zutenean, eta lotsa gaiztoa sentitu behar izaten zutela.

Utzi duen herentzian, besteak beste, testu hauek ditugu: Jon Miranderekin Eganen 1958. eta 1962. urteen artean izan zuen eztabaida; Lan Deyan utzitako gogoetak, 1964. eta 1968. urteen artean argitaratuak; 1968. eta 1989. urteen artean argitaratutako zenbait azterlan eta beste lan batzuk, eta, azkenik, Iparlan 1988. eta 1989. urteen artean argitaratutakoak. 

Lehen urte haietako hitzaldi bat gogoratzen dut; «inperialismoari» buruzkoa zen. Gela batean itxita geunden. Bilera goizeko 10:30ean hasi zen gutxi gorabehera, eta gaueko 11etan bukatu. Orduan, Kepa Anabitartek eraman ninduen etxera, automobilean. Ia hamabi ordu iraun zuen hitz-aspertu horretatik, nik bi gauza jaso nituen. Bata: inperialismoak, dena menderatu behar horretan, zerbait eskuratu nahi duenean (erabilera estrategikoko lehengaiak, adibidez), ez du hark izan dezakeen balioarengatik eskuratzen, baizik eta besteak halakorik ez izateko arrazoi hutsarengatik. Bestea, berriz, film baten izenburua izan zen: Khartoum; 1966an estreinatu zen filma, gerrako eta historiako zinema-generoaren barruan, eta Charlton Heston eta Laurence Olivier aktoreek parte hartzen zuten, bata Charles Gordon militar britainiarrarena egiten eta bestea El Mahdi buruzagi musulmanarena egiten. Britainiar inperioa eta El Mahdi elkarren aurka jarri zituzten gertakari politikoen testuinguruari buruz Iñakik emandako azalpen zehatzak lagundu dit, beharbada, haren oroitzapena gordetzen.

Marian maitea, beti izan zen aipagarria gure etxera etorri zenean eskaini zenion arreta. Elkarren lagunek esanda dakit hark beti eskertu zuela zure prestasun txeratsua, bilera bukatzeko afaria prestatzen hartzen zenuen lana, eta gaineratzen zuen gurean beti zaindu genuela ondo.

Marian maitea, gogoan daukat Iñaki ezagutu eta urte batzuk geroago, G.K. Chestertonen Ostegun izan zen gizona irakurtzen ari nintzelarik, gure itsasargi politiko maitea izan zenak bizi guztian izandako jarreraren antzeko bat topatu genuela idazle britainiarrak testu horretan baliatutako umore zorrotzean eta burlaizean. Kontua honelatsu da:

Londresko Saffron Parkeko aldirian, bi poeta ditugu. Bata, Lucian Gregory jauna, poeta anarkista bat, zeinak, Chestertonen arabera, «artearen legerik ezaren eta legerik ezaren artearen lelo zaharra» errepikatzen baitzuen, «une-unean behintzat nolabaiteko atsegina ematen zuen freskura lotsagaldu halako batez».

Bestea, bera ere poeta, Gabriel Syme zen, Gregoryrentzako erronka bat. Syme jauna legearen poeta zen, ordenaren poeta, «errespetagarritasunaren» poeta.

Biak anarkistak maiz joaten diren jatetxe batean daudela, Gregoryk bere gorabeheretako batzuk kontatzen dizkio Symeri. Poliziarekin zituen harreman txarrei buruz, hau esan zion:

«Berriro atxilotu ninduten. Azkenean, etsi-etsian, Anarkisten Batzar Nagusiko Lehendakariarengana jo nuen, Europako gizonik bikainena baita». 

—Nola du izen-deitura? —galdetu zuen Symek.

—Ez zenuke ezagutuko —erantzun zuen Gregoryk—. Horretan ageri da haren bikaintasuna. Zesarrek eta Napoleonek beren asma-ahal guztia ipini zuten entzutetsuak izateko, eta bete-betean lortu zuten. Hark bere asma-ahal guztia ipini du entzutegabea izateko, eta bete-betean lortu du. Baina bost minutu pasatu harekin gela batean, eta ez zaizu dudarik geldituko ezen, haren eskuetan, haur gisako batzuk baizik ez ziratekeela Zesar eta Napoleon.

[Gregory] Isilik eta are zurbil geratu zen une batez, eta gero jarraitu: «Izan ere, aholkuren bat ematen duenean, epigrama bat bezain txundigarria izaten da beti, eta hala ere Ingalaterrako Bankua bezain praktikoa».

Zalantzarik gabe, Marian, hizpide dudan hura ezagutu duten guztiek irribarre egingo zuten idazle britainiar ospetsuak marraztutako erretratuaren zehaztasuna ikusita.

Urte batzuk geroago, Iñakik auto-istripu bat izan zuen Miarritzen. Handik, Baionako ospitalera eraman zuten. Hari egindako bisitetako batean, haren arrebak eraman nituen: Jone eta Marian. Beste bisita batean, nire anaiak lagundu zidan, Xabierrek. Anaiarekiko bisita horretan, solasaldi bat ezin interesgarriagoa gertatu zitzaidan. Ez dakit nola hasi zen. Ni Iñakiren ohearen ertzean jarrita nengoen, eta bakarrizketan hasi nintzen. Gutxi gorabehera hau esan nuen: “Gu, euskaldunok, gizarte berdinzale bat eraikitzen ahalegintzen ari gara joan deneko mila urtean. Horren erakusgarri, gure artean ez dago heroirik, ez eta, ondorioz, mito heroikorik ere…”. Iñakik, burua altxatuz eta irribarrez, “ez, egiatan guk ez daukagu heroirik”, esan zuen.  “Horrek adierazten du”, gehitu nuen nik, amaitzeko, “gizarte berdinzale horretan nabarmena izan dela emakumearen presentzia. Gure emakumeen lana izan da euskarak milaka urtean irautea; historiaurre urrunetik hona eutsi diote bizirik”. (Euskarari hamar mila urte baino gehiago jotzen dizkiote, eta genero gramatikalik ez izatea da haren berezitasun bat). Hortik aurrera, elkarrizketak beste bide batzuk hartu zituen. 

Gure hitz-aspertuetako batean esan dizudan moduan, Mari Carmen Basterretxearekin hitz egin dut gai horietaz; euskal kulturaren oinarri matrilinealean dugun espezialista handia da bera. Harekin hitz egin izan dut, eta bat etorri gara zenbait azterketatan. Adibidez, geure buruaz dugun eta zuzenean zirkuluaren sinbolismo katramilatsura eramaten gaituen ikuskeraren oinarri ‘zirkularrari’ dagokionez. Ez dut aurkitu gai horretaz idatzita neukana, eta ematen ditudan erreferentziak Resurreccion Maria Azkueren hiztegitik hartu ditut. Hala, ‘zirkularra’ den horren muin semantikoa (*gu-), batetik, eguzkiaren eta gurpilaren euskal izenetan dugu: Eguzki eta gurpil. Bestetik, gu hitzean ageri da ‘zirkulua’ (gu, guk), eta gure aita-amengandik dator (gurasoak). Ez dut esango lineala dagoenik gure zirkulartasunaren aurka, baina zirkularretik kanpo zuzena dugu, lineala dena, eta, nola ez!, «besteari» aplikatzen zaio. Hala, *zu-ren muin semantikoan, zuk «zuek» da; zuzen «zuzena» dena da; zutarri «zutabea» da; eta zuzen–beera, «bertikalki».

Txalapartatik datorren sinbolismoaz ere hitz egin dut Mari Carmenekin, eta nik neuk, behintzat, Jorge Oteiza eskultorearekin izan nuen harremanarekin lotzen dut antzinako musika-tresna horren sinbolismoa.

Mircea Eliade-ren Le chamanisme et les techniques archaïques de l’extase liburua gogotik irakurri ondoren aztertu nuen txalapartaren sinbolismoa. Liburu hori zorrotz irakurrita, oso konklusio argigarriak atera nituen: susmatzen ez den mundu sinboliko eta teoriko baten ateak zabaldu zizkidan, zeina oso lan-tresna kilikagarria izan baita euskal folkloreko dantza eta beste arlo batzuk ikertzeko. Liburu hartan, zaldia biziki agertzen zen Siberiako herrietako xamanen gurtzan. 

Beste argitalpenen baterako oharretan, idatzita daukat danborra xamanaren «zaldia» dela eta horregatik agertzen dela zaldi baten irudia marraztuta Altaiko xamanen pandero ikusgarriaren larruan eta horregatik erabiltzen dutela buriatek zaldi-larrua danborraren larrurako. Danborra izendatzeko hitzak Siberiako zenbait tradiziotan bi adiera dituela ere jaso nuen ohar batean: danborra eta gezia izendatzeko, hitz bera dute; izan ere, xamanak, daborra jotzean, dzist jaurtitzen du bere arima beste mundura, gezi bat balitz bezala. Gero, hor dugu zaldia den animalia psikopompoa, defuntuaren arimari beste mundura laguntzen diona. 

                           Oreka TX

Garai hartan, Jorge Oteizak interes handia zuen Paleolitoko labar-arteko zaldiak aztertzeko, eta, horregatik, liburua utzi nion, eta jakin-min handiz irakurri zuen. Gordeta daukat oraindik liburua, hark egindako oharrak eta guzti. Sen hutsak bultzatuta, txalaparta hitzaren zentzu etimologikoaren bila hasi nintzen, aitari galdetuz. Hark ez zuen musika-tresna haren berri, eta hitz horretaz galdetu nionean, hasteko, zuzenketa fonetiko bat egin zidan: «txalaparta ez, zalapartaka»: ‘trostan dabilen zaldia laukoan hasteko bizkortzea’. Aitak emandako erantzuna, hala, antzinako musika-tresnak gordetzen duen —eta nire ikerketak argitzen zuen— ideia zentralaren ituan erdiz erdi jotzea izan zen: zaldiak edo behorrak aurrera doala trostatik laukora egiten duen progresioa. «Aurkikuntza» handi hori nirekin hartuta, Arte Garaikidearen Euskal Eskolaren bilerara joan nintzen arratsalde hartan bertan. Bilera hura dekorazio- eta diseinu-denda batean egin zen —negozio hartan, Jorgeren adiskide Nestor Basterretxea eskultorea zegoen tartean—, eta han ziren, nire gogoan, Jorge Oteiza, Joxeanton Artze eta haren anaia Jexux, Peña Gantxegi arkitektoa, Remigio Mendiburu eskultorea, Jose Antonio Sistiaga margolaria, Jose Luis Zumeta (margolaria hura ere), eta Ez Dok Amairu taldeko kideak (Ez Dok Amairuk Remigio Mendibururen Txalaparta eskultura erabiltzen zuen taldearen ikurtzat). 

 

              Remigio Mendiburu, Txalaparta, 1961.

Beste ezertaz kezkatu gabe, hantxe bota nuen, bestela bezala, txalaparta hitzari eta, ondorioz, musika-tresnari eman behar genien esanahiari buruzko azalpena. Han zeuden guztietatik, Jorge Oteiza eskultoreak azaldu zuen nire aurkikuntzarekiko interesik handiena. 1966. urtea zen.

Ederra izango zatekeen Gipuzkoako lurraldeko hileta bakoitzean eliz atarian txalapartaren soinua zabaltzea, gure zaldi harmoniatsua animalia psikopompoaren misterio-zereginean entzutea, defuntuaren arima beste mundura gainean eramanez. 

Marian, oroitzapen horiek guztiak zuretzat dira; gure bizitzaren parte izan dira.

Juan Antonio Urbeltz
Folklorista eta kultura-gizona

(Hemengo lantaldeak euskaratua)

Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 388 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .