ORREAGAREN PRENTSA-OHARRA

Orreagak, Iñaki Aginagaren heriotzaren urteurrenean, bi ekitaldi antolatu ditu.

Maiatzaren 31n, Donostiako Okendo Kultur Etxean, 19:00etan, haren ekarpen politikoa goraipatuko du ikus-entzunezko ekitaldi batean.

Eta, ekainaren 4an, Altzako hilerrian, 12:00etan, omenaldia eta oroitzapena eskainiko dizkio.

Iñaki Aginaga Donostian jaio zen, 1929ko urtarrilaren 29an. Dena kontrolatzen zuen Espainiako erregimen faxistatik aldendu nahian, erabat autodidakta izan zen. 

Intelektual distiratsua, bizitza politikaren eta historiaren ikerketari eskaini zion, Asiako erregimen despotikoetatik inperialismo modernora arte, klasiko guztietatik eta egile marxistetatik pasatuta.

Bere gaitasun intelektual izugarri horrek laster egin zuen ezagun euskal erresistentziaren esparruan. ELA sindikatua biziberritu zuen, eta gogor salatu zuen sozial-inperialismoa sindikatuak argitaratzen zuen aldizkarian, Lan Deyan.

Beste batzuekin batera, 1958an, Agirre lehendakariarekin bildu zen Donibane Lohizunen, beste kontu batzuen artean Pariseko lehen Itunaren desegokitasunaz jarduteko. 1962an, Munichera joan zen, PNVren eta ANVren burokraziek Municheko Ituna deritzona sina ez zezaten ahalegintzera. 

Aginagak Berehalako Autonomia izeneko estrategia proposatzen zuen, indarren erlazioa, Euskal Herriaren egoera eta arrakasta lortzeko aukera errealak kontuan hartuta.

Bere kritikak argi eta garbi arrazoitu arren, inor ez zen eztabaidarako eta bere bidea zalantzan jartzeko gertu; horrelakoetan ohi denez, burokrazia likidazionista Aginaga ostrazismora kondenatzen saiatu zen. 

Egoera berrira egokituz, lan garrantzitsuak argitaratu zituen Iparla izenburuko dokumentuen bidez, bere analisiak hedatzen ahaleginduz. Horrela, Euskal Herriarentzako estrategia ere egokitu zuen: Determinazio Askearen eskubidean eta euskaldunon Nafar Estatuan oinarrituz. Jakina, ezinbestez, egoera berriari egokitutako estrategia ere erabat bateraezina zen PNVren eta ETAren burokrazien jokaerarekin.

Azken urteak Donostian egin zituen, familiarengandik hurbil, 2020ko maiatzaren 31 arte; orduan hil zen, bere herrikide gehienek ezagutzen ez zutela eta ezagutzen zuten “politikarien” mespretxua jasanez.

Prentsa-ohar honekin  batera doan argazkian ikus daitezke Aginagaren omenez antolaturiko ekitaldien xehetasunak.

Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 388 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .