Ekaitz Bergaretxe, Haltsu (Lapurdi)
Zuetako batzuek adierazpenak egin dituzue U14 kolektiboaren 2021eko uztailaren 14ko manifestazioari buruz, bai eta ere ondotik izan diren tentsioei buruz. Eta, preseski, zuen solasen bortizkeriak (Sud Ouest egunkarian irakurriak) nau idaztera bultzatzen. Baliteke, haatik, zuetako batzuek ez ulertzea zertan diren solas horiek bortitzak euskaldunentzat. Saiatuko naiz, beraz, esplikatzen.
Oroz gainetik, utz nazazue argitzen zer den euskal aldarrikapen independentista. Ez da segurrik ere ez funtsik gabeko ideia arraroa, ez eta ere unean uneko asmakeria. Aldarrikapen hau ez da XX. mende erditsukoa ere. Ez du borondate «separatista»rik edo sentipen anti-frantses eta/edo anti–espainolik islatzen. Izan ere, guk, euskal (edo nafartar) populuak [oharra: “populu” nahiago dut erabili “herri” baino, gaizki–ulertuak saihestearren] jada ukan dugu, gure historia luzean, gure estatu berezkoa bere gobernu eta instituzio propioekin. Ez diegu sekula uko egin! Berreskuratu nahi ditugu, ez besterik! Baina, gertakari historiko horiek zalantzan ezarriko bazenituzte, eta euskal populuaren existentzia bera ukatzera menturatuko bazinate, argumentu historiko hori ere behargabekoa izan liteke nazioarteko testuei begira: 1966ko Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunaren lehen artikuluari begira (populuen autodeterminazio eskubideari buruzkoa bera), edo oraino 1976ko herrien eskubideen aldarrikapen unibertsalari begira. Nazioarteko zuzenbidearen errespetatzea eta betetzea beharresten dugu.
Hautetsien erreakzioen artean, bada, lehenik, France Insoumise alderdiarena, zeina tronpatzen den, edo gezurretan ari den, «euskal nazionalismoa…» ez zela «politika liberalen aurka ari» dioenean, kontuan izanik manifestazio denboran anitz aipatu direla etxebizitzaren problematika eta hiriaren burgestea. Gero, bigarrenik, euskal populua eta haren historia guzia iraintzen ditu «Frantziako Iraultzak zentzua» bazuela dioenean. Gure instituzioen aurkako erasoetatik at, oroitarazi behar al dizuet 1794ko Grégoire abadeak «patois–en sunstitzearen eta hizkuntza frantsesa unibertsal egitearen premiez eta moduez» egin txostena? Hala eta guztiz ere, garai hartako errealitate soziolinguistikoaz anitz irakasten duen txostena da: frantses hizkuntza guztiz minoritarioa zela erakusten du. Errepublikak segur aski aurrerapen bat ekarriko zuen ikuspegi frantses huts batetik, baina euskal populuarentzat guztiz alderantzizkoa da! Eta, beraz, horiek horrela, parte hartu dudan uztailaren 14ko manifestazioak zentzu guztia hartzen du.
Gero, Manuel de Lara-k dio «zapalkuntza edo okupazio indarrak aipatzea» «tesiak» direla. Frantziako Estatuak Euskal Herriaren burujabetzari uko eginez, bere instituzio propioak inposatuz, euskararen ofizialtasuna ukatuz, etengabe urrats bat alde eta bestea kontra eginez besteak beste hizkuntzaren alorrean, irakaskuntzan barne, polizia eta militar presentzia erabatekoarekin, zinez zapalkuntzaz eta okupazioaz hitz egin daiteke. Eta ez dira tesiak, errealitate gordina baizik. Azkenik, ez da segurki «nazio festa egun bateko probokazio ergela», bai ordea euskal populuak bere buruaren lekuko izateko duen eskubidearen adierazpena (irakurri Charles Chaumont). Ondoren, Max Brisson-ek gehixeago barneratzen du euskal identitatea identitate frantsesean asimilatzearen ideia bere «hemen biztanleen gehiengo handiak elkarrekin daramatza Frantziari eta Euskal Herriari buruzko atxikimendu sentipenak» horrekin. Alabaina, atxikimendu sentimendu horien kontzepzio hori hierarkikoa da. Ele horiek bakezkoak iduri lukete, baina iraingarriak dira. Zeren, atxikimendu sentimendu horiek doi bat berdintasunean kontsideratzen baditugu Frantzia eta Euskal Herriaren artean, Euskal Herriaren independentziaren alde baizik ez gaitezke izan; Frantziarenaren alde garen bezalaxe. Ororen buru, kopetarik ez zaio falta aldarrikapena «ezker muturreko abertzale erradikaletatik» heldu dela errateko. Frantzia ez al da erradikala eta estremista Euskal Herriaren burujabetzaren aitortzari uko egitean, frantsesa hizkuntza ofizial bakartzat inposatzean, eta abar?
Bertzalde, bada Peio Etcheverry-Ainchart-en aldi berean, ezbaian uzten nauena erraten duelarik euskalduna «errepublikazalea» izan daitekeela… Euskal errepublikaz ari ote da, eta, beraz, de facto, euskal estatu burujabeaz?
PNVk aipatzen dituen «eslogan anti-frantsesekin» bukatuko dut. Hau ez bada egoera mintzea, ez dakit zer den! PNVk, horrelakoekin, diferentziek elkarren kontra jartzen gaituztela dioten tesiak sustatzen ditu. Baliteke hori PNVren ikuspuntua izatea, baina duintasunez eta bere hitzetan eta ideietan koherente den inongo euskaldun independentistak, bere–berea den lurraldean minorizatua den populu zapaldu bateko kide gisa, ezin du horrela pentsatu eta hitz egin. Identitateek ez gaituzte kontra jartzen, aniztasun iturri dira (Grégoire abadearen «unibertsalismoaren» justu alderantzizkoa). Hala, euskalduna eta ez frantses ezta espainol ere naizela aldarrikatzen dudanean, horrek ez nau berez anti-frantses edo anti-espainol egiten. Ea, pentsatu pixka batean: frantsesak zarete. Hori dela eta, anti-euskaldun, anti-espainol, anti-txinatar, anti-ingeles edo nik zer dakita bertzerik al zarete? Ez.
Bururatzeko, eta «tentsio klima desagertua» pentsatzen zutenendako, guk euskaldunok egunerokoan pairatzen dugu tentsioa, eta euskal populuak bere eskubideak ez ditueno aitortuak eta errespetatuak, ez gara bakean izango. Frantziako eta Espainiako estatuei baizik ez dagokie aterabide justu eta egonkor bat ekartzea mendeetan irauten duen nazioarteko gatazka honi, Euskal Herriaren burujabetza errespetatuz. Hori da egiazko harreman lasaituak erdiesteko aterabide bakarra.
*Jatorrizkoa, Enbata aldizkarian, frantsesez.