Aniztasuna, elkarbizitza, konponbidea… Asko erabiltzen dira hitz horiek azken boladan, baina ba ote dakigu zertaz ari garen zehazki horiek ahotan dauzkagunean? Arazoei irtenbidea topatzeko, beharrezkoa da jatorrira jotzea, arazoa sortu duten oinarrizko arrazoien bila joatea. Askotan, ordea, arazoaren ondorio besterik ez diren xehetasunekin korapilatzen gara, arazoaren muina ahazteraino.
Badirudi gurean ere ―herri zapaldu askotan gertatu ohi den bezala― gailentzen diren diskurtsoetan egiturak, testuinguruak ezkutatu eta gizabanakoak hartzen duela protagonismoa. Modu horretan, hemen, kasualitatez, “iritzi ezberdinetako” pertsonak jaiotzen diren ustea hedatzen da, horren arrazoiak aztertzea alde batera utziz eta zergatiari erreparatu gabe.
Horrelakoak gertatzea ez da, hala ere, harritzekoa. Izan ere, beste zenbait herrirentzat deskribatu izan den bezala, gurean ere, menderatutako herriko zenbait “intelektualengan” eragiten du kolonialismoak, eta guztiak “baloreez” hitz egiten hasten dira. Plano unibertsalean aritzen dira intelektual kolonizatuak, abstraktuki, eta, orduan, intelektual horien erronka kolonizatu eta kolonizatzaileak mundu berri batean elkarrekin bakean bizitzea izango da. Intelektual horiek ez dute ikusten, ordea (kolonialismoa bere pentsamolde guztiekin erraietaraino sartu zaielako, hain justu), testuinguru koloniala desagertuz gero kolonoak ez duela gelditzeko inolako interesik, koexistitzeko inolako gogorik, haien existentzia bera desagertu egiten baita.
Zapaltzaile, menderatzaile, kolonizatzaileen existentzia testuinguru baten produktua da neurri handi batean. Menderakuntza testuinguruaren produktua, hain zuzen ere. Testuinguru hori desagertzen bada, hau da, herri zapalduak independentzia lortzen badu, egitura zapaltzailea suntsitzea lortu duenez, erori berri den egitura horretan txertatutako guztia (“pertsonak” barne) desagertzen, diluitzen da berandu baino lehenago testuinguru berrian. Egitura berrietan, ez dago independentzia lortu duen herri horren zapaltzaileentzat lekurik. Menderatzaileak berriro suntsitu beharko lituzke herri horren egiturak, eta bereak ezarri, zapaltzaile-zapalduen arteko koexistentzia (ez baketsua, noski) berriro existitzeko.
Edozein gai sozialez hitz egiteko, egiturez hitz egin behar da ezinbestean, eta ez, sinetsarazi nahi diguten moduan, pertsona indibidualez eta haien borondateaz soilik.
Beraz, gaia gurera eta gaur egunera ekarriz, elkarbizitzaz, aniztasunaz… hitz egiten denean, testuingurua ezkutatzen da. Zerikusi zuzenik izango ez balu bezala, menderatzaileen egiturak daudela esatea saihesten da. Ez da aipatzen egitura horien ondorioz sortzen direla hemen “sentsibilitate ezberdin” moduan aurkezten zaizkigun horiek. Eta, ondorioz, “sentsibilitate ezberdin” horiek errespetatu behar omen dira, guztiaren gainetik. Arazoaren jatorria ahaztu, eta “sentsibilitate ezberdinen” arteko “elkarbizitza” bihurtzen dute helburu.
Kultura, mundu ikuskera, “sentsibilitate” ezberdinak, egitura kontrajarrien osagaiak izaten dira. Egitura horien artean ez da sekula elkarbizitzarik lortzen. Gure egituretan zapaltzaileak lekurik ez duen bezala, zapaltzailearen egituretan, guk ere ez dugu lekurik. Gai horretan adituak diren hainbat autorek azaldu izan dute, nolabaiteko “koexistentzia” bat sumatzen dugunean, trantsizio faseak izaten direla, egitura bat edo bestea gainjartzen den arte. Eta, noski, ez da inolaz ere elkarbizitza baketsua izaten, interes kontrajarriak baitira.
Ondorioz, gainjartzen den egitura horretan diluitzea da “elkarbizitza baketsu” bat izateko modu bakarra. Gure kasuan, beraz, zapaltzen gaituzten egiturak aipatu ere egin gabe errespetua eta elkarbizitza eskatzen zaigunean, gure nortasunari uko egiteko eta besteen egituretan diluitzeko eskatzen zaigu. Baina, hori horrela esan beharrean, aldi berean independentziaren alde daudela esango dute hori defendatzen dutenek (bi gauzak erabat kontrajarriak direla ohartu ere egin gabe?). Bada garaia aurretik aipatutako plano abstraktu-unibertsal horietatik lurrera jaitsi eta gauzak diren bezala ―ez “izan beharko luketen bezala”― onartzeko eta zehazteko. Argi hitz egiteko. Nola gauzatzen da bakea egitura zapaltzaileak gainetik kendu gabe? Elkarbizitza? Errespetua zeri, gure heriotza nahi duten egitura horiei? Hitz egin dezagun garbi behingoz.
Munduko aniztasunari egin diezaiokegun ekarpenik handiena gure existentzia bera bermatzea da, eta, horretarako, gure egitura propioak behar ditugu, hau da, independentzia.