Joan Coromines eta Espainiako “sariak”

Zapaltzaileak, bere mendean duen herria bereganatzeko, integratzeko, asimilatzeko eta, azkenean, bere nortasun propioa ahatzaraziz herri gisa desagerrarazteko, hainbat estrategia erabiltzen ditu. Horietako bat da Espainiako sari nazionalak herri zapalduetako kideei banatzea. Maiz erabiltzen duten trikimailua da, zinemagintzan, antzerkigintzan eta literaturan.

Gurean ohikoa ez den jarrera bat goraipatu nahi dugu oraingoan: Joan Corominesena, hain zuzen ere. Coromines 1905eko martxoaren 21ean jaio zen; martxoan gaudenez, haren abertzaletasuna oroitzeko argitaratzen dugu gaurko edukia.

Haren lana (Gaztelaniaren hiztegi etimologiko kritikoa eta Onomasticon Cataluniae, besteak beste) izugarria izan da, eta gure artean ere oso ezagun eta estimatua dugu: lan hori ezinbesteko oinarria izan da Orotariko Euskal Hiztegia egiterakoan. Euskarari eginiko ekarpenari esker, berriz, ohorezko euskaltzain izendatu zuten 1994an.

Baina, esan bezala, haren abertzaletasuna azpimarratu nahi dugu, batez ere.

Gizon handi horrek bizitza osoan uste sendoak izan zituen, eta horiei sendo heldu zien azken egunera arte, bere nazio bakarraren alde (Katalunia) eta bere hizkuntza bakarraren alde (katalana) borroka eginez. Oso modan ez dagoen zerbait aurki dezakegu Joan Corominesengan: jakintsu handia izanik, beti eutsi zion publikoki bere abertzaletasun katalanari, horrek arazo eta buruhauste ugari ekarri bazizkion ere bizitzan, baita erbestean bizi izan beharra ere.

Atzerritik itzuli ondoren, 1973an, Antonio Tovar filologoak Espainiako Errege Akademian sartzea proposatu zion, eta hauxe erantzun zuen Joan Corominesek: “Katalunia herri okupatua den bitartean ezinezkoa zait erakunde espainol bateko kide izatea”.

1982an, Alfontso X.a Jakitunaren Ordena Zibilaren Gurutze Handia eman nahi izan zioten, eta horri ere uko egin zion.

Eta beste horrenbeste egin zuen 1989. urtean, Jorge Semprún Espainiako Kulturako ministroak Espainiako Letren Sari Nazionalaren berri eman zionean. Honela erantzun zuen orduan: “Ezin dizut azaldu gabe utzi sari honek ekarri didan poza eta, aldi berean, tristezia sakona. Nire herri eta hizkuntza bakarrak Kataluniako herria eta hizkuntza dira, eta atsekabeturik dakusat zoriontzen nauten estatu-gobernuek oraindik ere Kataluniako herriari eta hizkuntzari zor zaizkion eskubideak ukatu edota merkealdian dituztela. Ezin dut onartu ohore ofiziala, baina pozik hartuko nuke sariaren dirua, esku artean ditudan lanetarako laguntza gisa”.

Ea noiz egiten dugun geure Corominesen abertzaletasun zintzoa.

Ane Miren Manterola, erretiratua.

Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 389 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .