Iruñeko Kondestablearen jauregian izan ginen atzo, Ane Ablanedoren hitzaldian, eta kronikatxo bat egitea pentsatu dugu, hurrengo bi saioetan aurkituko dugunaren aurrerapen moduan.
Entzule ugari elkartu ziren aretoan, eta giro ederra sortu zen hasieratik.
Hezkuntzatik kendu beharreko bi elementu nagusi izendatuz eman zion hasiera hitzaldiari Ablanedok: irakasteko nahia eta espektatibak. Irakasle bere borondatearen aurka zela aitortu zigun, berari haur eta gaztetxoen ondoan egotea gustatuko litzaiokeela, inolako espektatiba gehigarririk gabe.
Ñabardura garrantzitsu bat ere azaldu zuen ondoren, heziketa libreaz baino heziketa liberatzaileaz hitz egin nahiago duela berak, zeinak gure haurrei euskaldunok jasaten dugun zapalkuntza egoera estrukturala ulertzen lagunduko dieten tresnak ematean duen gutxieneko baldintza.
Gero, eskolak duen curriculum ezkutuaz ere mintzatu zitzaigun, botereari komeni zaion profil psikologikoko pertsonak (sumisoak, otzanak) lortzeko tresna izugarri eraginkorra dela esanaz.
“Herri menderatu batean bizi direla esan behar zaie gure haurrei”, gehitu zuen geroago, eta hori egiten ez duen hezkuntzak inolaz ere ez omen du merezi “euskal” izendapena.
Eta, hari mutur horiei (eta beste hainbati) tiraka, elkarren artean dotore asko josiz eta erritmo bizi baina ulerterrazean jarraitu zuen iruindarrak, 40 minutuko saioa osatu arte.
Ondoren, publikoak egindako ekarpen eta galdera ugariak aprobetxatuz, diskurtsoa osatuz joan zen, bertaratutako guztien gozagarri, amaierako txalo zaparrada luze eta ozenak baieztatutako moduan.
Hurrengo saioa datorren asteartean izango da, hilaren 28an, Donostiako Koldo Mitxelena liburutegian. Eta hurrengoa, otsailaren 26an, Bilboko Kafe Antzokian. Bi hitzordu horien afixekin uzten zaitugu, bertan elkar ikusiko dugulakoan.