Zezenketetan, zaldiari begiak eta belarriak estaltzen dizkiote erasoka datorkion zezena ikus ez dezan, entzun ez dezan, sentitu ere ez dezan. Badira, ordea, horretan trebatu dituzten zaldiak. Horiei ez diete ez begirik ez belarririk estaltzen; zezena ez dute etsaitzat hartzen. Biak, bat egin izan balute bezala, elkarrekin bizitzera ohitu dira.
Guri sari “nazionalekin” zer gertatzen zaigun azaltzeko, zaldia eta zezena jarri ditut adibidetzat. Gu ez gara zaldiak, noski, eta sari “nazionalak” ez dira zezenak, baina tira!
Urte asko daramatzagu Espainiako sari nazionalak gure zinemagileen, antzezleen eta idazleen artean jasotzen. Zaldiaren jabeak zaldia zezen artean eroso senti dadin trebatzen duen bezala, “sari nazionalak” gureak balira bezala sentitzera trebatu nahi gaitu Espainiak. Zezena eta zaldia, lagunak, Espainia eta gu, bat.
Beste gai batzuetan bezala –el Estado, selección nacional, elecciones generales–, honetan ere nahastu egiten gaituzte. Ez dira sari nazionalak, Espainiako sari nazionalak baizik.
Sari nazional horiek nork ematen dituen ez ikusteko eta ez entzuteko, gutariko batzuei, zaldiei bezala, begiak eta belarriak estali behar dizkiete; beste batzuk, ordea, ohitu egin dira, eta sari propioak direla pentsatzen dute: horretan trebatu dituzte hedabideen eguneroko matrakek.
Baina badira, oraindik, begiak eta belarriak estali arren, eta matraka guztien gainetik, gureak ez direla usaintzen dutenak; zezena, etsaia, non dagoen oraindik sumatzen dutenak.
Zapaltzaileak eskaintzen dizkigun gozokiak pozoitsuak dira: bere estatuan murgiltzeko banatzen dituzte gure artean. Guk badugu gurea, ordea; bahitua bada ere inoiz uko egin ez dioguna eta inoiz ahaztu behar ez duguna. Gure estatua indarrean jartzen dugunean izango ditugu gure sari nazionalak. Bitartean, argi ibili!
Ane Miren Manterola, jubilatua.