ANE ABLANEDO LARRION
Euskaldunok ez dugu egun hezkuntza-sistema propiorik, osasun edo ogasun-sistema propiorik ere ez dugun bezala, edo zer esanik ez, gobernu propiorik. Horixe da gure arazoa, herri menderatua izanik bahitu egin zaigula propiotasuna kudeatzeko boterea edo geurea-ren gaineko kontrola, bereak inposatu ahal izateko bertako erakundeak indargabetzen saiatzen delako beti menderatzailea. Estatu okupatu guziek dituzte beren lurraldean okupatzailearenak diren erakundeak, eta horregatik da oso garrantzitsua horrelako herrientzat beraiena dena eta ez denaren artean ezberdintasuna ongi egiten jakitea, analisi ororen abiapuntuan berea eta arrotza-ren arteko dikotomia hori dagoelako.
Gure kasuan, euskal(duna)/espainola-frantsesa adjektiboetan zehazten da goragoko antitesi orokorragoa, izenlagun horietako bakoitza oso entitate zehatz eta bateraezinei dagokielarik. Espainoledo frantses bi nazionalitate horien baliokide dira, hala nola bakoitzaren lurralde, erakunde, hizkuntza eta abarrena ere. Euskal-ek ere nazionalitate bat adierazten du, Euskal Herriarena, gure lurralde, erakunde, hizkuntza eta bestelako osagaiekin batera, bistan denez.
Errazki ondorioztatu daitekeenez, guti dira Euskal Herrian indarrean diren euskal erakundeak –euskaldunok geuretzat diseinatu, sortu eta gobernatutakoak direla ulertzen baldin badugu, bederen–. Eta asko, ordea, espainolak eta frantsesak, estatu horien inposaketaren seinale eta ondorio. Baina hori horrela baldin bada, ez al zaizue arraroa egiten ia erakunde guziak izatea gurean euskal gisa izendatuak, eta ez egotea kasik frantses edo espainol etiketadunik?
Har dezagun adibide gisa euskal eskola publikoa-ren kasua. Ni horren aldekoa naiz, noski. Euskal Herriko haur ororendako heziketa bat, pedagogikoki duina, gure estatuak kudeatua izanik publikoa eta nazionala, eta baliogarria hortaz Tuterako umeentzat bezala Ziburukoentzat ere. Baina lagunok, inork ikusten al du horrelakorik gurean? Hemen administratzen den hezkuntza Espainia ala Frantziarena da, beren kontrolpeko lurralde osoarentzat ezartzen dutelako estatuek heziketarena bezalako sistema funtsezko bat, eta bi estatu menderatzaile horien kasuan, nola ez, baita mendean dituzten eta errotik espainolizatu/frantsestu nahi dituzten herrietan ere, agerikoa beharko lukeenez.
Benetan geureak ez diren erakundeei euskal etiketa ematea bi zentzutan da arriskutsua. Batetik, atzerrikotasuna kamuflatzen du, geuretasunaren itxurarekin irensgarri bilakatuz amua. Eta bestetik, gabeziaren hutsunea estali eta ezkutatu egiten du. Zeren eta zertarako sortuko dugu jadanik badaukaguna? Euskal eskola publikoa egiteko dago oraindik, estatuak direlako sistema publiko bat sortzeko ahalmena duten erakunde bakarrak, eta euskaldunona, dakigunez, berriro martxan noiz jarriko zain dagoelako. Hutsune hori betetzeko borondatearekin sortu ziren hain zuzen ere ikastolak, euskaldunon hezkuntza-sistema nazionala egituratzeko saio benetan txalogarria. Baina, zer gertatu da? Geure erakundeak sortzearekin batera horien jabetza hartuko duen estatu-egitura politikoak aktibatu ezean, menderatzaileak dituela beti beretzat errekuperatzen, ikastolekin gertatutakoak mingarriki erakutsi digunez.
Hezkuntza sistema propioa edukitzeak esan nahi du euskaldunon beharren araberako heziketa eskaintzen diegula haurrei, bai Tuteran eta bai Ziburun. Eta badugula hori egiteko nahikoa boterea, egitura politiko goren baten inguruan ongi egituratua. Hori ez da oraindik gertatzen. Ez euskal eskola publikoa deitutakoan, ez eta ere ikastolan; Ziburun, Frantziak duelako oraindik hezkuntza kontrolatzen; eta Tuteran, Espainiak. Euskaraz egiten bada ere.
Iturria:
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2627/euskal-frantses-espainol