Ainhoa Larrañaga – Begiratua zorroztu eta autoestimua indartzeko beharraz

Nahasi eta hotz daude bazterrak; denborak aurrera egin ahala, diskurtso politikoak gero eta ahulagoak eta narrasagoak dira gure herrian.

Begiratua asko zorroztu beharrean gaude. Azken urteak Kataluniari begira pasa ditugu, hangoak hauspotuz, hangoei elkartasuna erakusten, hangoak gurean izan dezakeen eragina aurreikusten, baina fokua han jarrita betiere. Besteen zilborrari begira luzaroan egon gara, hemen ezertarako fundamenturik atera gabe. Beti kanpora begira, hemengo anabasa elikatu besterik ez dute egin hemengo politikariek. Hemengo alderdi politikoek ez daukate independentziarako proiekturik, eta, neurri handi batean, Kataluniari begira jarrita estali dute euren ezina. Iparra findu eta oinarriak sendotu beharra dago, eta, horretarako, ezinbestean norabide zuzenean bideratutako pedagogia behar dugu. Diskurtso argia duten erreferente politikoak behar ditugu, inkoherentziarik gabeko diskurtsoa, praxi politiko koherentearekin bideratuko duten erreferenteak behar ditugu eta hauek izango dira proiektu independentista gidatu beharko dutenak, edo, bestela, ez da independentziarako biderik egingo.

Politikariak eta alderdi politikoetako ordezkariak bi gauza dira; herri honek baditu alderdi politikoetatik at dauden politikari oso onak, eta ez dira, justu, menpeko ditugun administrazioak kudeatzen ari direnak. Espainiatik eta Frantziatik gidatuak diren administrazioen kudeaketatik, ez da herri honen askatasuna inoiz etorriko, menpeko egiturak baitira. Egitura askeak sortu behar dira, Euskal Herri osoan eragingo duten egiturak. Euskal Herria terminoa ere beltzez azpimarratu beharrean gaude, batzuk euskal lurraldeak kontzeptua hedatzeko egiten ari diren ahaleginaren aurrean. Zertara dator euskal lurraldeak orain? Ez ote da nahikoa kanpotik inposatzen diguten zatiketa administratiboa, gu geu orain zatiketa hori elikatzen hasteko? Zein estrategia dago horren atzean? Antzua da, estrategiarik bada, eta kalte handia eta atzeraezina dakarrena, gainera.

Begiratu zorrotzarekin parez pare begiratzen duten pertsonek lagundu beharko dute herri honetan galdu den autoestimua berreskuratzen. Urte luzeetako zapalkuntzaren ondorio gara eta horrek eragin bortitza izan du gure herri izatearen harrotasunaren galeran. Sarritan baztertuak izatera heltzen gara, eta ez soilik kanpotarrengatik, baita euskaldunen aldetik ere. Euskal abeslari ospetsu batek ongi dioen moduan: euskaraz ere egin daiteke euskaldunon aurka. Fanonek zorrozki esan zuen moduan, herri zapalduetan zapaldua bihurtzen da askotan zapaltzaile gordinena”. Fenomeno kuriosoa da hau; ustez helburu beraren alde diharduten pertsonen artean lehia sortzea, eta zapaldua, sumatzen duenean badela askatasunez eta indarrez diharduen norbait (begiratu zorrotzez eta autoestimu sendoz ari dena) bere azpi-botereaz baliatzen da, berau baztertu eta gutxiesteko.

Honetaz guztiaz jabetzea ezinbestekoa da bide eraginkorra egin nahi badugu.

Ainhoa Larrañaga

Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 388 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .