Beñat Castorene – Iparraldeko abertzaleen baikortasun arduragabea

Iparraldean, “abertzale” sentitzen direnak baikor daude Herriaren etorkizunari begira. Mikrokosmos horren kanpotik etorritako so-egile batek bere buruari galdegin liezaioke nola debru izan gaitezkeen baikor egoera honetan.

Izan ere, pairatzen dugun inbasioarengatik, toki guzietan, gehiengo izaitetik gutiengo izaitera bilakatzen gara; inkestek zer erranikan ere, euskara gibelka ari da; gure laborantza tradizionala murriztu ondoren, ez dugu industri ekonomia seriorik sortu, eta kolonizatzaileen esku-ahurrean jaten dugu ahalkerik gabe; piskanaka tranpa batean sartu gara; denok, gure politikariak buru, abantaila miserable zenbaiten truk parte hartzen dugu gure nazioaren amaierako suntsiketan. Kolonizazioa azken fasean sartua da, zeinean guhaurek parte hartzen baitugu aktiboki.

Errealitatean, dena ikuspuntu kontua da. Baztertzen badugu orai frantses kontzientzia lasaia dutenena, orduan, gure artean bi ikuspuntu gelditzen dira: bata da egiazko abertzalearena edo nazionalistarena (gure historiaren kasu berezian berdin da), eta bestea da erregionalistarena.

Lehen ikuspuntuak, euskaltasunaren biziraupena lehenesten duelako eta badakielako horretarako ez dela beste bide zentzuzkorik, independentzia eta euskal estatua jartzen ditu helburu politikotzat.

Nahiko sinplea emaiten du horrela, bainan errealitateari, den bezala eta bere urgentzian, begiratu behar diogu; orduan egoera hain da narriatua ikusten dugu non ezintasunaren sendimendu ulergarri batek laster ereman gintzake etsipenera. Funtzionatzeko, euskal nazioaren egoeraren diagnostiko onest baten beharra daukagu, bai eta estrategia errealista batena ere. Azkenean, baikor ala ezkor, berdin zaigu, baitakigu bederen arrazoi dugula parte hartuz existitzeko esfortzu kolektiboan.

Bigarrena-alegia, erregionalistarena– nausitu da iparraldean; abertzale bezala aurkezten da oraindik; Izan ere, erregionalismoa betidanikako joera eta korrente politikoa izan da alde honetan, eta, azken hamarkadetan, abertzalearen jantzietan mozorroturik, badatorkigu berriro eraso gaitzean.

Horrek abantaila material eta psikologiko asko dauzka, eta, batez ere, ez du galdegiten besteak galdegiten dituen esfortzu eta borroka politiko erraldoiak.
Gainera, lasaigarria da, ez du presarik, denbora behar omen da gauzak zentzu onera alda daitezen. Alta leizerako bidean gabiltzala xuxen xuxenean, denbora bakarrak bizia salbatuko ote digu?

Aldiz, baikortasuna, bai, absolutuki behar du funtzionatzeko. Izan ere, dena zentzu onean behar du interpretatu, pratikatzen duen kolaborazioa justifikatzeko.
Hau da baikortsun ezin konprenituzko horren segeretua. Kanpotik jinikako so-egile batek ikusiko lukeena bainan beharbada arrazoia ulertuko ez lukeena.
Adibidez, inbasioa areagotzen den mementoan, euskararen gibelkada gelditua omen litzateke, eta, gainera, arrotzek begirunea sentituko omen lukete euskararen aldera, bertakoek baino gehiago.

Euskaldun jatorrizkook laster gutiengotuak izanen garen entitate administratibo hura, estatuak berak apropos oparitutakoa, lotsarik gabe “Euskal elkargoa” bataiatzen dugu, Euskaltzaindiaren benedikazioarekin.

Gure ekonomia ahul egoiten denean, eta ikastoletan ikasitako ikasle oso guti ekonomia produktibora orientatzen direnean, nehor ez da axolatzen; alderantziz, ekonomia produktibista litzateke gure etsai nausia, eta, gainera, gure etorkizuna zerbitzu ekonomian legoke. Egia erran, ekonomia arloan, besteetan bezala, marionetak gara.
Iparraldeko “abertzaleek” agertzen duten optimismoa arduragabea da. Erakusten du gehienek abandonatu dutela erabat abertzaletasunaren oinarrizko pentsamoldea. Gailentzen den anabasa ideologikoari esker, eratu dute estrategia bat beren interes material edo moral kategorialak zerbitzatzen dituena.

Erran behar da komedia hau posible izan dela anabasa ideologikoa eta printzipioen abandonua orokortuak zirelako Euskal Herri guzian ere; nehor ez da gai izan gu kritikatzeko oraindik ordu zeno. Lurralde guzietako oportunistek artaz elgar tratatzen dute eta.

Azkenean, kontua ez da baikor edo ezkor izaitea, optimista edo pesimista, baizik eta errealista izaitea. Errealismo horrek adorea eta lan handia galdegiten ditu. Gainera, ez da posible ez baldinbada jadanik soluzio eta estrategia baten hasiera zerumugan sumatzen.

Adore eta lan horiek kasik ezinezkoak dira pertsona isolatuentzat; biltzar nazional serio batean bakarrik sor litezkeen libertate giroa, kreatibitatea eta elkarlana behar gorria ditugu eta.

Beñat Castorene

Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 388 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .