Zapalduon pedagogia, edo nola libre hazi, hezi, bizi

Ane Ablanedo Larrion irakasle eta hezitzaileak liburu eder batean bildu ditu Argia aldizkarian eta Berria egunkarian azken urteetan idatzi dituen hainbat iritzi-artikulu. Zapalduon pedagogia, edo nola libre hazi, hezi, bizi da liburuaren izenburua, eta aurreko astean aurkeztu zuen, Donostian. Hitzaurrea eta hitzatzea Eneko Bidegain irakasle eta idazleak idatzi ditu, eta azaleko irudia Dom Campistron Aldudeko ilustratzaileak egin du. Herrima argitaletxeak plazaratu du liburua.

Zapalduon esate hutsarekin badakigu nortaz ari garen, gure herriaz. Orduan, gustatuko litzaiguke pixka bat izenburuari berari buruz zerbait esatea.

Ane Ablanedo. Izenburua, berez, Pablo Freireren liburuari egindako keinu bat da. Freirek La pedagogía del oprimido [Zapalduaren pedagogia] liburua idatzi zuen. Egia esan, ez da oso liburu irakurterraza, baina haren tesia da zapalduok pedagogia berezia behar dugula, errealitatea irakurtzen jakitea delako pedagogiaren helburu duinena edo alfabetatzearen helburu gorena, ez bakarrik testuek zer dioten jakitea, baizik eta errealitatea erakusten ikasi behar dugula. Eta niri oso interesgarria iruditu zait beti hori; beti eraman izan dut aldean ikuspuntu hori, eta iruditu zitzaidan polita izan zitekeela hori ekartzea, Paulo Freire pixka bat ekartzea. Gero, zapaldu hitza ere agertzea nahiko logikoa iruditu zitzaidan, nire artikulu guztiek dutelako halako helburu bat, hau da, zapalduontzat bereziki ikusezinak diren horiek pixka bat azaleratzea, ikusaraztea. Beraz, zapalkuntza hor dago, arlo guzietakoa, eta bereziki herriarena, noski. Paulo Freirek idatzi zuenean, beharbada, ez zuen izango herrien zapalkuntza gogoan, baizik eta pertsonok ditugun zapalkuntza motak, baina nik hori, noski, guk zapalduok behar dugun pedagogia egiteko baliatu dut, eta pedagogia hitza bi zentzutan erabiltzen dut hor. Alde batetik, pedagogiaz hitz egiten dut, noski, haurrek libre bizitzeko zer pedagogia behar duten azaltzeko, euskal haurrek bereziki herri zapaldu bateko kide diren neurrian libre hazteko zer pedagogia behar duten azaltzeko. Hor badago berezitasun bat oso nabarmena. Eta, beste alde batetik, pedagogia izen hori baliatu dut nolabait esateko herriak berak ere baduela, behar duela pedagogia bat egin behar zaiona, hau da, handiustekoa izan gabe, herriari pedagogia egin nahi izan diot liburu honen bidez; alegia, “zer zabiltza hor horrela jokatuz?”. Orduan, bi zentzu horiek eman nahi izan dizkiot hitz horri. Eta, gero, askatasunak ere hor agertu behar zuen. Horregatik gero libre hitza. Hazi umeek hazteko behar dutenaren zentzuan agertzen da. Hezi, hezitzaile gisa nola erlazionatu gurekin libre izateko. Eta, gero, bizi, hor harremanen inguruko artikulu asko ere badaudelako ez dutenak hainbeste helburutzat edo gaitzat zapalkuntza, baizik eta askatasun pertsonal hori harremanetan nola gauzatu hizpide dutenak.

Eneko Bidegainek idatzi ditu hitzaurrea eta hitzatzea.

Eneko Bidegain. Hitzaurrean, ni saiatu naiz Aneren ekarpena hitz labur batzuetan esplikatzen, iruditzen zaidalako Anek ezin hobeki esplikatzen duela zer den askatasuna eta zer den politika. Higatuak diren bi hitz, anitz aipatzen direnak; baina, beharbada, kolektiboki hitz horien erranahia ahantzi dugu, eta hor Anek, besteak beste Anek, eta bereziki Anek, bete-betean asmatzen du esplikatzen askatasuna, askatasunaren garrantzia eta politikaren beste dimentsio bat… Ez naiz hasiko hitzaurrean zer idatzi dudan erraten. Ane Gure Berriak webguneko bideo sorta batean ezagutu nuen, eta hango gogoetak inpaktua egin zidan. Gauzak argi esplikatzen ziren bideo haietan, eta aurrez aurre ezagutu nuenerako Ane bazen erreferentzia politiko bat, argitasun horrengatik eta herri honetan maiz ahantzi dugulako —zapalduon dio tituluak— zapalduak garelako ezagutza. Askok ez du ikusten herri zapaldua garela eta inportantea da hori gogoraraztea. Uste dut hori ezin argiago egiten duela.

Nondik sortu da liburuaren ideia?

Ane Ablanedo. Proposamena aspaldikoa zen, Herrima argitaletxearena. Aspaldi proposatu zidan idazten nituen artikuluak liburu batean biltzea. “Zergatik? Hor daude eta nahi duenak irakurriko ditu”, pentsatu nuen garai hartan. Hori hasieran izan zen, baina momentu batetik aurrera behar bat ere sumatu nuen, batez ere ideologia politiko bat, ideologia pedagogiko bat publikatzekoa, edo gure herriari ematekoa. Eta, azkenean, pixka bat berotu nintzen, batez ere sentitzen dudalako ez direla hainbeste hain argi hitz egiten duten liburuak; egia da, ahoan bilorik gabe idazten dut, hori da nire ezaugarrietako bat. Eta uste dut artikuluek bazutela potentzia bat eta denboragabeak zirela; gertakari jakin bati oso lotuta sortutako artikuluak, gaurkotasuna galdu dutenak, ez ditut ekarri hona. Baina gainerako guztiak oso artikulu trinkoak dira; mamia dutenak, nolabait esateko. Izan zaitezke aldeko edo kontrako, baina egia da badagoela ideologia bat. Alde horretatik halako ekarpena egin nezakeelako kontzientzia sentitu nuen, eta, azkenean, aurrera esan nuen.

Nola antolatu dituzu artikuluak?

Ane Ablanedo. Nahiko modu librean antolatu ditut, gaika. Egia da artikuluak hiru bloketan antolatu daitezkeela. Alde batetik, heziketarekin oso lotutakoak daude, edozein herritako, edozein naziotako hezitzaileentzat izan daitezkeenak euskaraz baldin badakite. Gero, herriarekin lotutakoak daude, noski; herriari hitz egiten diot. Gero, afektuaren ingurukoak daude. Orduan, hiru bloke horiek daude, eta, gero, euskaldunak nola hazi, nola hezi hizpide dutenak. Beraz, lau bloke daude, eta gero tartean badira beste artikulu batzuk inperialismoari buruz, autodeterminazio-eskubideari buruz… Horrela antolatuta atera dira, baina antolatu zitezkeen bestela ere.

Nork irakurri beharko luke?

Eneko Bidegain. Uste dut edozeinek irakur dezakeela, baina iruditzen zait gai hauetaz, askatasunaz, politikaz, Euskal Herriaren etorkizunaz kezka duen edozeinek irakurri beharko lukeela, baina erran nezake bereziki kezka hori ez dutenek edo gure zapalkuntzaren kontzientziarik ez dutenek irakurri behar luketela, eta adin guzietako jendeak, dudarik gabe, baina gazteenek bereziki, iruditzen baitzait adin batetik beherakoek jaso duten kontakizunak, herri honen kontakizunak, ez duela bat egiten errealitatearekin. Gaur egun badago amnesia orokor bat, eta helduek ere anitzek badute ahanzteko joera, baina hor dago memoria eta urteetan pilatu dugun jakintza. Baina egia da 30 urtetik beherako gehienek —Hego Euskal Herrian erranen nuke, eta, bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoan— ez dutela herri zapaldua, nazio zapaldua garelako kontzientziarik; are gehiago, pentsatzen dutela edo nazio libre bat garela edo ez garela ezta nazio ere eta Espainiako edo Frantziako eskualde bat garela. Uste dut liburua irakurtzen duenak begiak irekiko dituela.

Zuk, Ane, norentzat idatzi duzula esango zenuke? Zure hartzailea nor litzateke?

Ane Ablanedo. Nik, batez ere politikaz, Euskal Herriaren etorkizunaz-eta idatzi izan dudanean, beti izan dut gogoan, hain justu, herria zapaldua dela uste duen baina zapaldua balitz bezala jokatzen ari ez den irakurlea. Pentsatzen dut elkarrizketa batean aritzen naizela, askotan tonu diferenteetan: batzuetan, haserre (alegia: “Aizu, zer zabiltza?!”); beste batzuetan, maitekor, ulerbera (“ulertzen dut, baina faborez”)… Tonu diferenteetan, baina jadanik bagaren horiek zirikatzeko pixka bat, aire probokatzaile batekin, batzuetan oso gordin, baina gogoa astindu nahian. Gure herri honetan oso parrokiazaleak gara, oso taldekoiak. Bi familia politiko daude, eta hortik kanpo ibiltzen ez dakienak irakurri beharko luke, noski, baina aztoratu egingo da, ezinegona sortuko zaio, eta sor dakiola. Nik horretarako ere idazten dut, baina pentsatzen dut liburua hartzen duenak aldarte on batekin hartuko duela; alegia, “zer ikasi dezaket hemendik?”. Ez du ados egon beharrik, baina ea zerbait mugitzen den hor barruan eta pixka bat kontzienteagoa den daukagun egoeraz, zerbait egin dezan bere neurrian eta bere erritmoan. Prozesu bat eskatzen du; gauzak ez dira aldatzen egun batetik bestera. Izan ere, ideologia oso gauza kolektiboa da, eta prozesu bat eskatzen du. Hezitzaile asko aztoratu egiten dira esaten ditudan gauzekin. Niri gauzak muturrera eramatea gustatzen zait, nahiz eta gero gauzak ez diren ez zuri eta ez beltz; baina, muturrera eramanda, errazago ikusarazten dira, eta gero bakoitzak hartu behar du bere tokia, bere neurria, bere oreka.

Beste gauza bat esan nahi dut ahaztu baino lehen. Donostiara etorri gara gaur, eta herri honetako pertsona bat aipatu nahi dut: Iñaki Aginaga. Ez dago gure artean; duela gutxi hil zen. Ez da oso aitortua izan herrian, ez du izan oihartzunik; tira, izan du batzuongan. Herri honek eman duen ideologo eta estratega handiena izan da, eta nik ez nuen izan bera ezagutzeko aukera, baina enkontru bat izan nuen, asko markatu nauena: Benito kantariarekikoa [Benito Lertxundi]. Haren bitartez jaso nuen Iñakiren berri, eta hona ekarri nahi nuen, ze hemengo ideologia politikoa —ideologia pedagogiko beste toki batzuetatik etorri zait— hortik datorkit, eta pozik nago, artikulu hauetan dagoelako neurri batean Iñakiren ideologia hori modu dibulgatzaile batean, nolabait esan. Seguru ez naizela iritsiko hark egingo zuen mailara; baina, tira, ideologia horren pilulak ematen ari natzaio herriari. Alde horretatik, eta haren omenez ere, liburu honek badu zentzua.

Liburuan, askatasuna da ardatza. Nik, idazten dudanean, ez dut inondik inora ere pentsatzen askatasunaz hitz egin behar dudanik. Baina txikitatik izan ditut hari buruzko anekdotak. Gurasoen lagun bati behin entzun nion: “Heziketa librea? Hori ez da posible, hori kontraesana da”. 10 urte izango nituen, eta horrek oihartzuna egin zidan. Eta 15 urterekin Benito ezagutu nuen, eta akordatzen naiz berarekin izandako elkarrizketa luze amaiezin horietako batean askatasunaz hitz egin zidala eta nik ez nuela ulertzen zer esan nahi zuen. “Baina zer da askatasuna?”, galdetu nion, eta gogoan dut haren erantzuna: “Esaten badizut, ja ez da askatasuna; zuk bilatu behar duzu”. Asko markatu nauen pertsona bat izan da zentzu askotan, eta arestian esan dut Iñaki Aginagaren ideologia hark transmititu zidala. Askotan pentsatzen dut beste zerbaitetaz idaztea. Adibidez, irakurri dudan Annie Ernauxen azken liburuaz idaztea artikulua. Baina fribolitatea iruditzen zait, herri hau daukagun bezala edukita, beste gai batzuei heltzea. Esan nahi dut halako mandatua-edo banu bezala dela, neure buruari esaten diona: “Nola hitz egingo dut horretaz, guk holako eginkizun handia izanda?”. Orduan, kontua ez da askatasunaz idatzi nahi dudala, inork ez duela idazten baizik; zeregin hori gehiago banatuko bagenu, beste zerbaitetaz idazteko aukera egongo litzateke.

Print Friendly, PDF & Email
gureberriak
About gureberriak 391 Articles
Gure Berriak Euskal Herriaren independentziaren aldeko komunikabide bat duzue: herri gisa autoestimua indartu eta sendotzen laguntzeko tresna izan nahi duen komunikabidea; egunerokoan jasaten dugun kutsadura ideologikoaren aurkako sendagaia. Menpekotasunean dirauen herri baten seme-alabak gara, eta egoera horrek ezinbestean eragina du bizitzako arlo guztietan. Munduko beste edozein herriren antzera, eguneroko berriak ikuspegi propio batetik lantzea ezinbestekotzat daukagu. Guztiok politikarekin ezinbestean dugun lotura kontuan hartuz eta askatasun egarriak bultzatuta, webgunean topatuko duzuen material oro independentziarantz zuzendutako begiradapean jorratzea dugu helburu. .