Azaro erditsutan prentsan irakurri dugu “albistea”, scoop-a: “Euskara larrialdian dagoela ohartarazi du Euskalgintzaren Kontseiluak”. Baina beste ale bitxirik ere atzeman dugu, denak diagnostiko oker baten adierazle: “euskal hiztunen komunitatea larrialdi linguistikoan” (ikus Ane Ablanedoren Euskalgintza apolitikoari deia artikulua) “atzeraldia etorriko dela”, jada hor ez balitz bezala; “hizkuntza politikak eraisten ari dira hainbat ebazpen judizialen bidez”, eta beste anitz.
Betaurreko abertzaleak janzten dituen orori begi niniak erretzeko moduko ateraldiak. Betaurreko ilunak ez baina abertzaleak ezartzen dituenari argiro agertuko zaio faila mingarria. Bloke tektonikoak nola hala urruntzen ikusiko ditu, batera herria eta bestera euskara, nazioa eta hizkuntza. Alabaina, jakina denez eta enpirismoak ere erakusten digunez, arraildura bat agertuz gero, dardara bakoitzean handitzeko joera izaten du. Hortxe dugu, bada, larrialdi berria!
Euskal Herriaren eta euskararen aurkako erasoak, larriak izanagatik, ez dira gaurkoak. Frantziak eta Espainiak gu despistatu nahi izatea ere ez da gauza berria. Nahiko berria da, ordea, guk, euskaldunok, gorputza eta bihotza bereiz ikustea. Anek ongi azaltzen duen bezala, gu ez gara “hiztun komunitatea”; izatekotan, besteak izango dira “frantses hiztunen komunitatea”, “espainol hiztunen komunitatea” eta gurean dauden beste hainbat hiztun komunitate. Irristaldi semantiko luzean gabiltza, zeina diskurtsoaren dimentsio konnotatiboaren argitan ageri baita.
Itxuraz, eta itxuraz besterik ez, “euskal hiztunen komunitate” adierazpenak oso guay edo stylé dirudi, euskal herritar sentitzen ez diren euskal hiztunekin komunitatea osatzen dugulakoan. Dimentsio konnotatiboaren ideiara itzuliz, adierazpen hori baliatzen dutenek hizkuntzaren izaera nazionala eta arrunt politikoa ukatzen dute. Are okerrago: euren hitzetan, arriskuan dagoena ez da euskara, baizik eta hiztun komunitatea. Konnotazio bikoitzeko adierazpenak geure eta besteen garunak moldatzen ditu, oharkabean. Adierazpen alienagarriak dira; geure izatea jada gehiengoa diren kolonoenean diluitzen dutenak.
Beste zenbait adierazpen, alienagarriak ez ezik, iruzurtiak ere badira: “hizkuntza politikak eraisten ari dira hainbat ebazpen judizialen bidez” eta “oldarraldia”. Aurreko adibidean bezala, honako lehen aipuan subjektua ez da hizkuntza, baina politikak. Politikak dira eraisten eta ez euskara! Hauxe da lehen iruzurra. Eta bigarrenak ukatu, zokoratu egiten du eraiste hori politikoa dela, ez judiziala. Haatik, etsaiaren “justizia” etsaiaren aldekoa eta gure kontrakoa izanen da beti. “Judizial” terminoaren dimentsio konnotatiboa oso larria da hemen, sinetsarazi nahi digulako justizia hori gurea dela eta erasoa politiko ez dela. Eta “oldarraldiaz” zer esan? Gutxienez zenbaki bat mereziko luke aurretik: 100. oldarraldia, edo 10000. oldarraldia. Honen dimentsio konnotatiboa, edo ezkutukoa, erraten ari zaigu lehen oldarraldia dela.
Halako diskurtsoak dituztenak etxekalte ari dira.